Beti hurrenaren esperoan. Halaxe egon ohi da Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea, partida bat jokatu orduko bestea iritsi zain, eta bere jokalariek grina hori bereganatzea nahi du, Celtaren aurka emaitzarik onena lortzeko.
Sarri esan ohi du Realaren norgehiagoka orok erabateko garrantzia duela, eta premisa hori goiburu dutela zelairatuko dira Balaidosen. Joan zen ostegunekoa ahaztuta, hurrengoari heldu aurretik badute xede argi bat: lidergoari eustea. Amorruz betetako Celta bati aurre egin beharko diote horretarako. Pattal ari dira galiziarrak; irailetik irabazi gabe daude ligan, eta galdu egin dituzte azken hiru neurketak. Hala ere, Imanol ez da fio: «Ez da ondo hasi, baina aurkari arriskutsua da», adierazi zuen atzo. Jokalari onentsuenak zelairatuko ditu gaur arratsaldean. Dena den, ez litzateke harritzekoa hamaikakoan zenbait egokitzapen egitea, Reala jokatzen ari den minutu sorta kontuan hartuta.
Aritz Elustondo izango da harmailan gera daitezkeenetako bat. Beasaindarrak orain arteko minutu guztiak jokatu ditu ligan, baina min hartu zuen Napoliren aurkakoaren atarikoan, eta, hausturarik ez badu ere, baliteke atseden hartzea, erabat osatzeko.
CELTA-REALA
Celta. Villar; Araujo, Murillo, Fontan, Aidoo; Carreira, Tapia, Olaza; Nolito, Suarez; Aspas, eta Mina.
Reala. Remiro; Gorosabel, Le Normand, Sagnan, Aihen; Gebara, Zubimendi, Silva; Portu, Oiartzabal eta Willian Jose.
Epailea. Cordero Vega.
Ordua. 16:00 (Movistar).
Lekua. Balaidos (Ikuslerik gabe).
Imanol: «Celta ez da ondo hasi, baina aurkari arriskutsua da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu