Sei denboraldi eta erdiz Reala zuzentzen aritu ostean, Orioko (Gipuzkoa) patroiak lema utziko du: Imanol Alguacilek ez du Realean jarraituko sasoia amaitzean. Zurrumurru ugari izan dira azken asteetan haren etorkizunaren inguruan, eta gaur argitu da dena: klubak ohar bidez jakinarazi duenez, Alguacil ez da txuri-urdinen teknikaria izango datorren denboraldian. Hark hartu du erabakia. Realak «eskerrak» eman dizkio entrenatzaileari urteotan egindako lanagatik, eta azpimarratu du oraindik asko dutela jokoan: Europarako sailkatu nahi dute, eta agur gozoa eman oriotarrari.
Imanolen gidaritzapean gauza handiak lortu ditu talde txuri-urdinak: tartean, Espainiako Kopa bat irabazi du, eta bost urtez jarraian sailkatu da Europarako. 334 norgehiagoka zuzendu ditu orain arte talde txuri-urdinean. Denboraldia amaitzeko beste bost falta direla kontuan hartuta, 339 neurketa zuzendu ondoren utziko du kargua. Hala, Realaren partida gehien zuzendu duten entrenatzaileen artean hirugarrena izango da. Iaz gainditu zuen Alberto Ormaetxearen marka, Reala Ligako txapeldun egin zuen teknikariarena. Ormaetxea 324 norgehiagokatan aritu zen, eta Imanolek John Toshack (389) eta Benito Diaz (386) baino ez ditu aurretik. 334 partida horietatik 253 Ligan izan dira, 36 Espainiako Kopan, 44 Europa Liga eta Txapeldunen Liga artean, eta bat Espainiako Superkopan. Horietatik %47 irabazi ditu, %25 berdindu eta %28 galdu.
Baina hortik harago, Jokin Aperribai presidentearekin eta Roberto Olabe futbol zuzendariarekin batera, Realaren aro loriatsu horren irudia izan da, eta ahotsa, askotan egokitu baitzaio azalpenak ematea klubean gertatzen zenaren inguruan. Anoeta Berriak ez du beste entrenatzailerik ezagutu. Realaren ohiko balioekin egin du: lan isila, umila, aurkariekiko errespetua.... Baina ezaugarri horiei lehiatzeko gaitasuna, ausardia eta konplexurik eza gehitu dizkio, eta halaxe aritu da astelehenetik igandera, Zubietan eta Anoetan, eta talde txuri-urdina lehiatu den zelai guztietan. Joko ikusgarria eginez lortu du, presioan eta joko zuzenean oinarrituta, partida ikusgarriak jokatu baititu Realak haren agindupean.
Imanolen aroaren ezaugarri nagusietako bat honako hau izan da: Reala lehiakorra izan da behingoz Espainiako Kopan. Oriotarra teknikari denetik, txuri-urdinek behin irabazi dute txapelketa, hiru aldiz iritsi dira finalerdietara, bost aldiz final-laurdenetara eta beti sailkatu dira final-zortzirenetarako. Imanolen aurretik, 1988tik behin bakarrik iritsi ziren finalerdietara txuri-urdinak, eta hainbat alditan kanporatu zuten maila apalagoko taldeek.
Espainiako Kopan oso lehiakorra izan arren, ez du gauza bera lortu Europako txapelketetan. 2020an jokatu zuen Realak Europako lehen neurketa Imanolen gidaritzapean, baina 2025ean, Lazioren etxean galdu ostean, teknikariak esan zuen taldea ez dagoela «halako partidetarako prest». Imanolekin Realak lau aldiz jokatu du Europa ligan, eta behin Txapeldunen Ligan. Ondo aritu da txapelketa horietako multzoen fasean, baina kanporaketa bakarra irabazi du —aurten, Midtjyllanden aurka—, eta ez da final-laurdenetara iritsi. Lehen bi urteetan final-hamaseirenetaraino iritsi zen, eta azken hiru sasoietan final-zortzirenetaraino. Aurkari hauek kaleratu dute Reala: Manchester Unitedek, RB Leipzigek, Erromak, Paris Saint Germainek eta berriz ere ingelesek.
Hala ere, garai ahaztezinak izan dituzte Europan ere. 2022-23an Manchester Uniteden aurretik geratu ziren Europa ligako multzoan, eta Txapeldunen Ligan Inter Milanen eta Benficaren aurretik amaitu zuten. Garaipen historikoa lortu zuten Old Trafforden –0-1–, eta Benficaren kontra bi erakustaldi eman zituzten: Lisboako 0-1ekoa eta Anoetako 3-1ekoa. Inter Milanek ezin izan zuen Reala garaitu, eta PSVri eta Ajaxi ere irabazi zion Anoetan; azkenekoz, aurten.
Realaren apustuetako bat izan zen etxeko jokalarien kopurua %60 izatea, eta %40 atzerritarrak. Bada, apustu horrekin lortu du arrakasta Imanolek. Oriotarra Realaren bigarren taldetik igo zen lehen taldera, eta konplexurik gabe egin du harrobiko jokalarien alde. Guztira beheko taldeko 30 jokalarik egin dute debuta haren eskutik. Azkena Dani Diez izan da, duela hiru jardunaldi, Valladoliden aurkako neurketan. Horietako batzuk lehen taldeko zutarri dira gaur egun: Martin Zubimendi, Aihen Muñoz eta Jon Mikel Aramburu, adibidez. Jokalari horiek beste batzuen eskutik hazi izan dira: Mikel Oiartzabal, Igor Zubeldia, Aritz Elustondo, Alex Remiro, David Silva, Nacho Monreal, Mikel Merino... Azken bost urteetan formula horrek izan du arrakasta Realean.
Imanolek lotura estua izan du jokalariekin, une oro defendatu ditu, eta kritikatu izan dituztenean are gehiago babestu ditu. Lotura estua izan du ere zaleekin ere bai. Gogoangarria izan zen, Kopa irabazi eta gero, bufanda hartu eta COVID-19a zela-eta etxean zeuden zaleei kantatu zienekoa. Ontziaren patroitzat hartu izan dute beti, eta haren aldeko kantuak etengabeak izan dira Realaren partidetan.
Tirabiratsuagoa izan da Roberto Olabe futbol zuzendariarekin izan duen harremana. Alexander Sorlothek ez segitzea eragin zuen lehen pitzadura harremanean, eta hortik aurrera handituz joan da. Iazko udan areagotu egin zen, fitxaketak berandu iritsi baitziren, eta Imanolek argi utzi zuen egungo multzoak denbora beharko zuela hazteko, eta horren emaitzak erakusteko.
Denborak arrazoi eman dio, eta taldea bost urte pasatxo hauetan izan dituen ezaugarriak galduz joan da. Horren isla izan da atzo Alavesen aurka jokatutako partida. Eta, azkenean, teknikariak ez jarraitzea erabaki du. Denboraldi osoan aipatu izan du ez zuela argi, eta azkenean ez du segituko.
Denboraldiz denboraldi
2017-2018ko denboraldian hasi zen oriotarraren bide loriatsua. Realak Eusebio Sacristan entrenatzailea kanporatu zuen, eta Imanolek hartu zuen lekukoa denboraldi amaierara arte. Hurrengo sasoian Asier Garitano hasi zen entrenatzaile lanetan, baina hura ere kaleratu egin zuen Realak urte bukaeran, eta Imanolengana jo zuen berriro talde txuri-urdinak, gaur arte. Reala hamabosgarren zela hartu zuen kargua, eta bederatzigarren bukatu zuen.
Hurrengo denboraldian etorri zen zoramena. Berritutako Anoetaren lehen urtean, Imanolek futbol alaia, erasokorra eta menderatzailea proposatu zuen. Ederki moldatu ziren aurrez zeuden jokalariak —Oiartzabal, Willian Jose, Merino, Elustondo...—, iritsi berriak —Remiro, Portu, Isak, Odegaard...— eta harrobitik igotakoak —Le Normand, Aihen, Barrenetxea, Gebara...— . Urte hartan, Espainiako Kopako finalera iritsi zen Reala, eta Europa ligarako ere sailkatu zen —urte bat geroago jokatu zen, pandemiaren ondorioz—.
Hurrengo sasoian Odegaard joan egin zen Realetik, baina David Silva iritsi zen Donostiara. Imanolen taldeak joko erasokorrari eutsi zion, harik eta Espainiako Kopako finala iritsi zen arte. Manchester Uniteden eta Bartzelonaren aurka galdu ostean, teknikari oriotarrak planteamendu defentsiboagoa proposatu zuen finalean, eta ederki atera zitzaion: 1-0 irabazi zion finala Realak Athletici. Bilbotarrek partida osoan ez zuten ia aukerarik sortu. Gainera, berriz ere Europa ligarako sailkatzea lortu zuen.
2021-2022an, zaleak harmailetara itzuli ziren denboraldian, Imanolen jokoa ez zen jada hasieran bezain erasokorra. Realak garrantzia ematen zion atea hutsean uzteari, eta erritmo baxuagoan jokatzen zuen. Urte hartan ohikoa bilakatu zen gol batez irabaztea. Denboraldi hura ez zen aurreko biak bezalakoa izan, eta Espainiako Kopako eta Europa ligako kanporaketak oso mingarriak izan ziren: 0-4 irabazi zion Betisek Espainiako Kopan, eta 1-3 RB Leipzigek etxean.
Hala ere, Imanolek irauli egin zituen kolpe horiek eta Mikel Oiartzabalen lesio larria. 1-4-1-2-1-2 sistema erabiliz jokatzen hasi zen, «Imanolen erronboa» erabiliz. Ligan seigarren bukatu zuen, eta berriz ere Europa ligarako sailkatu zen. Sistema berriarekin jokatzeko prestatu zen taldea hurrengo denboraldian, eta Realak Brais Mendez, Take Kubo, Alexander Sorloth —utzita— eta Umar Sadiq fitxatu zituen, besteak beste. Erronboa eraginkorra izan zen denboraldiaren lehen zatian, baina otsaileko txakalaldiaren eta Oiartzabalen itzuleraren ondorioz, 1-4-3-3 sistemari ekin zion Imanolek, orain arte bezala. Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, eta entrenatzaileak bere emaitzarik hoberena lortu zuen.

Haren aginduetara, txuri-urdinek Europa liluratu zuten Txapeldunen Ligako multzoen fasean. Reala erabat erasokorra izan zen, eta ez zuen neurketarik galdu. Inter Milanen aurkako bi norgehiagokak berdindu zituen, eta Benficari sei puntu atera zizkion. Txuri-urdinek lehen postuan amaitu zuten multzoen fasea. Espainiako Ligan ere ondo aritu zen, baita Espainiako Kopan ere, baina Mallorcak finalerdietan kaleratu zuen, penaltietan. Kolpe hura jaso zuenetik, Imanolen taldeari asko kostatu zaio burua altxatzea. Azkenean, Espainiako Ligan seigarren bukatu zuen.
Aurten, ordea, sentipenak okerragoak izan dira. Mikel Merino eta Robin Le Normand saldu zituen klubak, eta emaitza txarrak izan ziren hasieratik. Gol falta nabaria izan da denboraldi osoan —32 gol sartu ditu ligan—, eta jokoa astuna izan da. Egun bederatzigarrena da Espainiako Ligan, baina Europarako sailkatu nahi du, ibilbidea borobiltzeko.
Jokin Aperribaik iaz esan zuen Reala beste aro batean sartu dela, baina uda honetan hasiko da egiazko aro berria. Imanolek ez ezik, Olabe futbol zuzendariak ere ez baitu segituko. Erik Bretos kirol zuzendariak nahikoa lan izango du udan, eta lehen egitekoa izango da Realaren lema nork eramango duen aukeratzea. Datorrenak Imanolen ondarea izango du altxor gisa.