Atepean horma bat du Osasunak. 192 zentimetroko pareta trinkoa. Gorritxoen atera doan baloi orok Sergio Herreraren (Miranda Ebro, Espainia, 1993) eskuetan bukatzen du. Espainiako Bigarren Mailan gol gutxien sartu dizkioten taldea da Osasuna, Sporting eta Huescarekin batera. Guztira sei partidatan utzi du atea hutsean. Defentsako lerroa oso sendo dabil; aparteko maila ari dira ematen atzelariak. Alta, lehia batzuetan estu izan dira, eta Herreraren beharra izan dute. Bada, atezaina giltzarri bilakatu da. Hazi egiten da unerik zailenetan, eta hauspoa ematen dio taldeari. Hots, bere kabuz puntuak irabazten dituen atezain horietakoa da. Eta altxor handia da hori.
Bertute asko ditu Herrerak, baina penaltiak gelditzeko abilezia da aipagarriena. Dagoeneko lau geratu ditu; azkena, iragan igandean, Teneriferen kontra. Osasuna estu eta larri ibili zen. Hutsune garrantzitsuak zituen zelai erdian, eta partida ez zuen nehongo momentutan kontrolatu. Aurkaria behin eta berriro hurbildu zitzaion areara, eta 55. minutuan penaltia egin zuen Oierrek. Arriskuan ziren gorritxoak, baina Herrerak estualditik atera zituen. Jaurtiketa gelditu ez ezik, eskuen artean harrapatu, eta aldaratzea saihestu zuen. Horretaz landa, hainbat geldiketa erabakigarri egin zituen lehia hartan. Haren erakustaldiagatik ez balitz, ziurra zatekeen nafarren porrota.
Are ikusgarriagoa izan zen Cadizen kontra osatu zuen partida. Balentria ikaragarria egin zuen: hiru penalti gelditu zituen. 16. minutuan, Herrerak berak egin zuen penaltia, inozoki: baloia eskuetan zuela, ukondokada eman zion aurkari bati. Aitzitik, berehala ahantzarazi zuen okerra, penaltia maisuki geratuta. Bigarren zatian beste bi gelditu zituen, bata bestearen atzetik. 67. minutua zen. Aridanek lurrera bota zuen Barral, area barruan. Berriz ere ataka estuan zen taldea. Bi abagune izan zituen Cadizek, epaileak jaurtiketa errepikatzeko agindu baitzuen. Ordea, bi aldietan baloiak atezainaren eskuekin egin zuen topo. Mirariak akuilatu egin zituen nafarrak, eta irabazi egin zuten: 0-2.
Bi partida horietan egin du distira gehien Herrerak, baina beste norgehiagoka batzuetan ere funtsezkoa izan da. Kasurako, Huescaren, Reusen eta Sportingen kontra ere geldiketa erabakigarriak egin zituen. Oro har, lehia denetan igorri du segurtasun handia. Atezain garaia bezain azkarra da. Intuizio handia du, eta beti egon ohi da ondo kokatuta. Nekez egiten du kale goikako baloietan. Eta, gainera, nortasun handia du. Partidak bizi egiten ditu, eta taldea zuzentzea gustatzen zaio. Alabaina, izaera grinatsu horrek kalte egiten dio batzuetan. Gainera, arazoak izaten ditu baloia oinetan duenean. Hori hobetuz gero, punta-puntako atezain bihur daiteke. Izan ere, 24 urte besterik ez du.
Andres Fernandez du ispilu
Herreraren ibilbidea hasiera-hasieratik egon da Euskal Herriko futbolera loturik. Alavesen harrobian hazi zen, eta, ondoren, Laudio eta Amorebietarekin Bigarren B Mailan aritu zen. Han eskarmentua pilatu ondotik, futbol profesionalera salto egiteko abagunea eman zion Huescak, 2016-2017ko sasoian. Aulkian hasi zen, baina funtsezko bihurtu zen Javi Jimenezek min hartu ondotik. Bigarren Mailako atezain onenetako bat izan zen: 41 partidatan 41 gol sartu zizkioten. Atea hamabost aldiz utzi zuen hutsean, eta, hala, marka berria ezarri zuen taldean.
Ordura arte, Andres Fernandezena zen errekorra. Osasunako atezain ohia 2010-2011ko sasoian aritu zen Huescan. Herrerak bezala, sasoia ez zuen titular hasi, baina, azkenean, tokia egin zuen hasierako hamaikakoan. Ez zioten golik sartu hamahiru lehiatan. Bertan distira egin ondotik, Osasunaren lehen taldera egin zuen salto, eta Iruñean mundu guztiaren soak bereganatu zituen —Vila-realen ari da orain—. Hala, badirudi Herrera Fernandezen pausoen atzetik doala. Nafarroako taldeak 300.000 euroren truke fitxatu zuen udan. Erabateko pagotxa, atezaina nola dabilen ikusirik.
Hala segituz gero, aurki ariko da onenen artean. Orain sei milioi euroko etete klausula dauka, eta zortzikoa izango da Osasuna Lehen Mailara igotzen bada. Gorritxoek Herreraren eskubide ekonomikoen %60 dute. Gainontzekoa Huescaren esku dago.
Imanak ditu eskuetan
Osasunari zortzi gol baino ez dizkiote sartu orain arte, eta hori, hein handi batean, Sergio Herrerari zor dio. Atezainak oso sasoiko hasi du liga. Lau penalti gelditu ditu jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu