Ilusioz itzuli da

Gaizka Garitanok «zuhurtzia eta pazientzia» eskatu ditu bere aurkezpenean. Azaldu du berehala eman ziola baiezkoa Eibarri

Gaizka Garitano entrenatzailea eta Cesar Palacios kirol zuzendaria atzo. EIBAR.
ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaile berriak argi du: «Ibilbide berri honetan egunez egun joan behar dugu. Jaitsiera gogorra izan da, eta denbora apur bat beharko da barneratzeko». Nabarmendu du Eibarren deia «barruraino» iritsi zitzaiola, eta berehala eman zuela baiezkoa. «Lagunek deitzen dizutenean... Beti izan da oso gertu sentitu dudan klub bat, eta, bazkide moduan, kanpotik bada ere, gertutik erreparatu diot haren hazkundeari Lehen Mailan egon den urteetan. Eskertuta nago berriro ere nigan jarri duten konfiantzarengatik».

Azkenekoz bertan entrenatu eta sei urte geroago itzuli da Garitano Eibarrera. Bi urterako sinatu du, beste bat luzatzeko aukerarekin, eta atzo aurkeztu zuten. Urte hauetan «oso lan ona» egin dela nabarmendu zuen Garitanok. «Hori dela eta, ez dute uste hutsetik hasiko garenik. Ondo egin diren gauzak oinarri hartu, gauza berri batzuk erantsi, eta denen artean gauzatuko dugu proiektu berri hau». Mailaz jaisten diren taldeei berehala igotzea eskatu ohi zaie. Horren aurrean, «lasaitasuna eta zuhurtzia» eskatu ditu Garitanok. «Gogoan izan behar da Bigarren Maila oso gogorra eta luzea dela. Hobea zarela pentsatzen baduzu, oker zaude, eta horretan ezin dugu huts egin. Faborito hitza alde batera utzi, eta ahalik eta talde lehiakorrena osatuko dugu, umiltasunez eta ilusioz». Ilusio horretan egin zion azpimarra Derioko teknikariak. «Amorebietaren ilusio berdina izan behar dugu».

Multzoa osatzea, lehenbizi

Taldea berriro eraiki behar dutela gogorarazi zuen: «Ez da erraza, eta bere arriskua badu, egokitzapen bat behar delako. Baina alde onak ere baditu, teknikarioi aukera ematen baitigu guk nahi dugun talde mota eraikitzeko. Hori izango da gure lehen egitekoa». Merkatuaren egoera eta Eurokopa jokatzen dela kontuan hartuta, gauzak mantsoago mugituko dela gogorarazi zuen. «Halakoetan fitxaketak azken asteetan egiten dira; beraz, hor ere pazientzia izan beharko dugu».

Cesar Palacios kirol zuzendariak, bestalde, nabarmendu zuen,aurkezpenean esan zuen moduan, kluba eta Eibarren filosofia ondo ezagutzen zuen teknikari bat nahi zutela, eta Garitanok ezaugarri guztiak betetzen dituela. «Esperientzia du, gainera. Nor hobeto taldea zuzentzeko». Fitxaketen inguruan baino, egun kontratua indarrean duten jokalariez hitz egin zuen Palaciosek. «Batzuekin hitz egin dugu dagoeneko, eta eskaintza egin diegu. Espero dugu onartzea. Jokalari horiek hemen segitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, aipatutako filosofia edo balioen transmisio hori egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.