Orioko Arraun Elkarteko patroia

Maider Etxaniz: «Ilusioz betea nator, eta uste dut hori dela garrantzitsuena»

Ez da erraza Orioko patroia izatea, ezta Nadeth Agirreren lekukoa hartzea ere. Bada, Maider Etxanizek hartu du erronka hori. Gogoz dago ekarpena egiteko.

IMG 1022
Maider Etxaniz Orioko Arraun Elkarteko patroia. BERRIA
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 6a
05:05
Entzun

Nadeth Agirrek iazko denboraldiaren amaieran iragarri zuen Orioko lemazain izateari utzi eta arrauna alde batera utziko zuela. Ontzi horiaren txopan izandako patroirik handiena izan da Agirre, eta, haren itzala handia izango bada ere, norbaitek hartu behar zion lekukoa. Maider Etxaniz ausartu da (Oiartzun, Gipuzkoa, 2000). Urtebetez arraunetik kanpo egon arren, indarberriturik itzuli da. San Juanen aritu da txikitatik, eta mirotzen deia ez du alferrik joaten utzi. «Ilusioz, gogoz eta motibazioz beteta» dagoela onartu du.

Nolatan sortu zaizu Orion aritzeko aukera?

Patroi baten beharrean zegoen kluba, eta oso patroi gutxi gaude Euskal Herrian. Pentsatzen dut bila aritu zirela eta nirekin egin zutela topo. Gainera, San Juanek Oriorekin trainerua atera zuen 2019an, eta horietako batzuekin arraun egin nuen, eta elkar ezagutzen dugu. Aukera eman zidaten, eta nik ezin nuen alferrik galdu.

Azken urteak San Juanen egin dituzu, ezta?

Oiartzuarra naiz, baina betidanik San Juanen egin dut arraun. Lotura berezia daukat San Juanekin. Nire familia bertakoa da, eta nire lehengusua ere patroia izan da San Juanen.

Baina 2022an ez zenuten lortu trainerua ateratzea. Nola izan zen hori?

Egia esan, lasaitua izan zen niretzat. 2021a oso gogorra izan zen niretzat, oso neketsua psikologikoki. Gauzak ez zitzaizkigun ondo ateratzen, eta motibazioa falta nuen. Taldekideak ere ni bezala zeuden, eta erabaki genuen egokiena geldialdi bat egitea zela. 

Eta aurreko urtean non aritu zinen?

Ez naiz inon aritu. Baina, tira, ez dut galdu arraunarekiko lotura.

Egoera ikusita, prest ikusten duzu zeure burua Orio bezalako talde baten patroia izateko?

Uste dut ez dudala ikusiko lehen estropadara arte. Baina beldurra kenduko dut, eta, pixkanaka lanean hasita, egokitzen hasiko naiz. Hasia naiz entrenatzen, eta horretara jarriko dut neure burua.

Gainera, Nadeth Agirre ordezkatuko duzu. Sentitu duzu horren pisua?

Esango nuke ez dudala inongo pisu edo presiorik sentitu inoren aldetik. Taldekide eta klubaren aldetik, gutxienez, ez. Agian, gehiago jarri diot nik neure buruari. Ardura puntu hori badago, edo taldekideek nola jasoko ninduten jakiteko beldur hori. Azkenean, Nadeth aritu da Orioko popan urte askoan, eta harekin ohitu dira. Baina esan behar dut oso ondo jaso nautela, eta oso gustura sentiarazi nautela une oro.

Neguko lehen hilabeteetan sartuta, nolako taldea aurkitu duzu?

Talde polita aurkitu dut, gogo eta anbizio handikoa. Lana egiteko gogo bizia dute, eta ni bezain motibatuak daude. Giro oso ona daukagu, gainera, eta hori eskertzen da.

Eta klubean, zer aurkitu duzu?

Beste hainbeste. Entrenatzaileak, prestatzaileak... kluba orokorrean oso ondo ikusten dut.

Ikusten zenuen zeure burua Orio bezalako talde batean?

Egia esan, ez nuen inoiz pentsatuko Orio bezalako talde batean ariko nintzenik. Ez da nire helburua izan inoiz, baina aukera suertatu da, eta hemen nago. Izan ere, arrauna utzi nuenean uste nuen ez nintzela itzuliko. Azkenean, arraunaz kanpoko horretaz guztiaz gozatzen duzunean —oporrak, parranda...—, ematen du ez zaizula berriro piztuko itzultzeko gogoa. Baina arraunak badu zerbait, deskriba ezin daitekeena, eta probatu arte ezagutzen ez duzuna. Gogo handia nuen, eta, Kontxako Bandera ikusita, oraindik ere handiagoa.

Erraza izan zen eskaintza onartzea?

Azkenean banuen lehen aipatu dudan gogo hori arraunera itzultzeko, baina Orio ez da etxe ondoan dudan zerbait. Pentsatu egin behar izan nuen. Gainera, ETE ligan ibilitakoa naiz, eta jauzi handia da orain Euskotren ligarekin alderatuta. 

Zer eman diezaiokezu zuk taldeari?

Aldaketa. Uste dut beti etortzen dela ondo giro aldaketa, eta, esan dudan moduan, motibazio handiarekin nator. Dudan gogo hau neskei transmititzen diet, eta ahalik eta hobekien egingo dudala frogatuko dut, eta uste dut hori dela garrantzitsuena. Nitaz fidatu daitezkeela sentiarazi nahi diet. Uste dut hori guztia lortzen badugu bide onetik joango garela.

Ikusiko zenuen Euskotren ligak izan duen aldaketa. Zortzi ontzi, bi luze, zenbat bidaia... Pauso handia izango da zure ibilbidean, ezta?

Uste dut bazela garaia horretarako. Dauden emakumezko traineru guztiekin Euskotrenen lau bakarrik egotea ez zitzaidan oso bidezkoa egiten. Egia esan, oso pozik nago aldaketa horrekin. Batez ere hori izango da niretzat aldaketarik handiena, ETE ligatik Euskotren ligako jauzi horretara egokitzea.

Nolako liga espero duzu?

Oraindik goiz da hori jakiteko. Neguko lanak ondo egin nahian gabiltza buru-belarri, eta gero gerokoak. Orain jaitsiera batzuk izango ditugu pixka bat non gauden ikusteko, baina lana daukagu aurretik. Hala ere, aurreko liga nola joan zen ikusita, uste dut zortzi traineruek lan bikaina egingo dutela, eta oso interesgarria izango dela.

Nadeth Agirrek mezu hau utzi zuen BERRIAn patroi berriarentzat: "Lana ahalik eta gehien egin dezala, eta pazientzia eduki dezala. Horia senti dezala». 

Lan egingo dut, eta horretan ari naiz. Pazientzia, amak esango luke ez dudala, baina uste dut badaukadala nahikoa. Ilusioz betea nator, eta uste dut hori dela garrantzitsuena. Horia sentitzera iritsiko naiz iritsi behar bada, baina oraindik goiz da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.