FUTBOLA

Ilusioaren sasoia hasi du Athleticek

Talde zuri-gorriko jokalari gehienek denboraldiaurreari ekin diote, Lezaman. Gorosabel eta Djalo fitxatu ditu klubak, eta bi horiek dira berrikuntza nagusiak.

Athleticen lehen entrenamendua. ATHLETIC
Athleticeko jokalariak gaur, lanean, Ernesto Valverderen esanetara, Lezaman. ATHLETIC
jon eskudero
2024ko uztailaren 8a
17:15
Entzun

Oporraldia amaituta, berriz ere martxan da Athletic. 40 urteren ondoren Espainiako Kopa irabazi eta gero, ilusioz jositako denboraldiaurreari ekin diote gaur zuri-gorriek, Lezaman. Orain arteko lan onari jarraipena ematea izango du helburu Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak, eta erronka handiak izango ditu. Sei urteren ondoren, Europan barrena bidaiatuko du, eta Europa ligako finala San Mamesen izateak ilusio nabarmena piztu du. Espainiako ligaz gain, Kopa eta Superkopa ere jokatuko ditu. Gutxienez, 48 partida jokatu beharko ditu, eta horretarako talde zabala eta kalitatezkoa osatzea du xede Mikel Gonzalez futbol zuzendariak. Haren begiradapean igaro dute lehen eguna jokalariek, eta guztien begietan antzeman da gauza bera: ilusioa.

Klubak aurreratu moduan, bi multzotan banatu dira 29 jokalariak. Batzuek zelaian ariketa batzuk egin dituzten bitartean, besteek osasun probak egin dituzte barruan, gimnasioan lan egiteaz gain. Lan horiek trukatuko dituzte bihar, eta etzi entrenatuko dira estreinakoz denak elkarrekin. Hain zuzen, ariketa sinpleak osatu behar izan dituzte zelaian aritu direnek, soilik baloiarekin kontaktua izateko baliatu baitute eguna. Valverdek hitz batzuk egin dizkie lehenik, eta, gero, lasterraldi motz batzuk osatu dituzte, baloiarekin ariketak egiten hasi baino lehen. Yuri Berchiche lanean aritzea izan da gauzarik nabarmenena, iragan sasoia min hartuta amaitu ondoren inolako arazorik gabe aritu baita.

Valverderen bederatzigarren denboraldia izango da Athleticen aulkian, eta, jarraitzaile zuri-gorri askoren iritziz, aspaldiko urteetako jokalari multzorik onena izango du bere esanetara. Klubak berak ere onartu du «aurrerapausoa» eman nahi duela, eta ez dela konformatzen iragan sasoian titulu bat lortzearekin. Horretarako, bi jokalari fitxatu ditu orain arte: Andoni Gorosabel eta Alvaro Djalo. Defentsako eskuin hegalekoa bata, eta erasoko jokalaria bestea. Haiek izan dira berritasunak gaur, baina ez da baztertzen beste fitxaketaren bat egotea udako merkatuak iraun artean. Mahai gainean daude Aymeric Laporte eta Aimar Orozen izenak. Zazpi gazte ere zelaian izan dira, iragan sasoian utzita aritutakoak batzuk eta bigarren taldekoak beste batzuk: Javi Marton, Nico Serrano, Unai Egiluz, Oier Gastesi, Alex Padilla, Hugo Rincon, Adama Boiro, Mikel Jauregizar eta Aingeru Olabarrieta.

Lezamara joan ez direnak Iker Muniain, Raul Garcia eta Dani Garcia izan dira. Azken urte luzeetan taldean garrantzi handia izan duten hiru jokalariak estreinakoz falta izan dira lehen egunean. Unai Vencedor ere ez da Valverderen esanetara aritu, Eibarren utzita jokatu ondoren beste hamar eguneko oporraldirako baimena baitu. Horiez gain, Eurokopan murgilduta dauden hiru jokalariren hutsunea ere izan du Valverdek: Dani Vivian, Nico Williams eta Unai Simonena. Azken horri ebakuntza egingo diote eskumuturrean Eurokopa amaitu bezain laster, eta ez da prest izango liga hasierarako.

Nico Williams, Laportaren oso gustuko

Zurrumurruen arabera, liga hasieran Athleticeko elastikoa ez janzteko arriskua duen bestea Nico Williams da. Denboraldi aparta osatu ondoren, Eurokopan ere nabarmentzen ari da Williams anaietan gazteena, eta klub erraldoiak ate joka ditu jada. Adibidez, Joan Laporta Bartzelonako presidenteak ez du aho bizarrik izan gaur irrati kate batean egindako adierazpenetan: «Oso gustuko jokalaria dugu Nico, eta, gaur-gaurkoz, dirua ez da arazoa hura fitxatzeko», esan du. Badirudi Williamsen beraren teilatu gainean egongo dela pilota aurrerantzean, baina 2027ra arteko kontratua du Athleticekin, eta 58 milioi euro inguruko etete klausula. Berak esana du «oso gustura» dagoela Bilbon, eta ez duela beste ezertan pentsatzen, baina ikusi beharko da zer gertatzen den.

Kanpora begiratu gabe, Athleticek Lezaman osatuko du denboraldiaurre osoa, eta soilik lagunartekoak jokatzeko bidaiatuko du. Zazpi lagunarteko dauzka lotuta. Hilaren 20an Burgosi egingo dio aurre, 24an Racingi, eta 27an Portugalgo Sportingi. Abuztuaren 1ean Eibar izango dute aurkari zuri-gorriek, 7an Aston Villa, eta 10ean Stuttgart. Oraindik zehazteko dagoen lehia Euskal Herria Txapelaren finala da, Osasunaren aurkakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.