Kilometro gutxiko tartean bizi dira Irati Idiakez eta Ibon Oregi. Getarian bata, Zarautzen bestea.BERRIAren deia jaso aurretik bazuten elkarren berri: «Niri asko lagundu zidan besteen esperientzia jasotzeak, eta berak istripua izan zuenean, mezu bat bidali nion», adierazi du Idiakezek.
Istripu bana izan ondorengo osatze aldian aukeratu zuten oraingo kirola. Idiakez snowboardean aritzen da, eta garaikur sorta handia batu du urte gutxian. Aurten, hiru domina eskuratu ditu Munduko Txapelketan, La Molinan (Herrialde Katalanak): bi urre banked slalom mailan —bakarka eta bikoteka—, eta zilarra snowboard krossean.
Oregik, berriz, surfean aurkitu du kirol ibilbide luze baten segida, bestelako kirolak ere egiten dituen arren. Triatloian zaildutakoa izanik, surf egokituan lehiatzen da orain. Laugarren izan zen Munduko Txapelketanjoan zen abenduan, Californian (AEB). Berriki, laugarren izan da Costa Ricako ParasurfLeague txapelketan, eta bigarren Europako txapelketan.
Istripuek zuen bilakaera markatu dute. Gaurtik begiratuta, nola ikusten duzue?
IBON OREGI: Egun seinalatua da, baina ez positiboki. Bigarren aukera eman zidaten eguna izan zen, baina askotan pentsatu dut: «Gertatu ez balitz hobe». Bizitza guztiz aldatu zitzaidan eguna izan zen. Lehen, edozer egiteko gai nintzen, hobeto edo okerrago, baina edozer. Egun horretatik aurrera, ez; istripu horrek asko baldintzatu du nire bizitza. Orduan, ikasteko —beste gauza asko baloratzen, adibidez— eta neure burua aurrera ateratzeko balio izan didan eguna izan da, baina ez da egun zoriontsu bat. Bai ospatzekoa, bertan geratzeko ez nuelako asko falta, baina ez nuke gustu handiz seinalatuko.
IRATI IDIAKEZ: Ez da egun positiboa edo negatiboa. Egia esan, nire bizimodua guztiz aldatu zuen egun bat da. Ibonek esan bezala, biok anputatuak gara, eta horrek bizi kalitatea aldatzen du. Egokitzen ikasi behar duzu. Berari helduagoa zela gertatu zitzaion; ni, 21 urterekin, ikusten ari nintzen zer nintzen, eta zer nahi nuen. Egun hori beti egongo da hor.
Nolako egokitzapen prozesua egin behar izan zenuten?
OREGI: Nik guztiz moldatu behar izan nuen bizitza. Gauetan komunera jaiki eta makulua behar izatea. Etxetik kanpora joatean berdin. Urradurak ere bai; oinez buelta eder bat egin, eta hankan puslak sortzen zitzaizkidan. Horrek asko mugatzendu egunerokoa. Niri, eta familiari. Lehen sekulako paseoak ematen nituen hondartzan, baina orain ezin dut: hanka busti dela, deseroso nagoela, min dudala... Lehendik hona hobetu naiz, ohitu egiten da bat. Hasieran, pentsatzen nuen ezingo nuela ezer egin.
IDIAKEZ: Oso garrantzitsua da noraino egin dezakegun jakitea. Hanka anputatuta ezagutzen ditudanen kasuan, apur bat pasatzeak esan nahi du gero atseden gehiago hartu behar dutela. Nik gauza pila bat ikasi behar izan nuen. Ezkerra izan naiz betidanik, baina egunerokotasuneko gauza guztiak ikasi behar izan ditut esku batekin: hortzak garbitu, barruko arropa jantzi... Hasieran, dependentea zara, eta oso frustragarria da.
OREGI: Independente izan nahi duzu, baina gauza batzuetan ezin da. Horrek eragin egiten du, frustrazioa sortzen du. Ahalegintzen gara, eta, orokorrean, nik ezagutzen dudan jendea gero eta independenteagoa izaten da. Bada egoerazaprobetxatzen denik ere, eta nik esaten dut: «Horrek non du amodio propioa?». Nik ezingo nuke; laguntza eskertzen duzu, baina eskatzen hastea ez da erraza.
Istripuaren ondoren ahalik eta azkarren lotu al zineten kirolera?
IDIAKEZ: Bai. Tira, nik pertsona arrunten kirola egiten nuen lehen, gutxieneko hori. Protesia nahi nuen jarri; pisu handia du besotik zintzilik. Garrantzitsua zen indartzea, bizkarrarentzat-eta, eta igeriketako ikastaro bat egin nuen lehendabizi. Igerian ere berriz ikasi behar izan nuen. Gustua hartu nion, zerbait egin nezakeela frogatu nuelako. Horri heldu nion hasieran: anaiarekin, amarekin-eta joaten nintzen. Lehendabizi igerilekura, eta gero erreabilitaziora.
OREGI: Ni ospitalean bertan eraman ninduten gimnasiora, hamargarren egunerako-edo. Bizikleta estatikoan jartzen ninduten, eta bost minutu ematen zizkidaten. Despistatzen baziren, hamabost egiten nituen. Bizikleta han uzten zuten asteburuetan, eta ez zuen kontrolik. Sekulako askatasuna eman zidan. Hasieran, gehiegi ere aritu nintzen, akaso: frustrazioa askatzeko modurik onena zen, amorrua askatzeko balio zidan. Aurrera egin ahala, horrek ere ez zidan balio, eta itsasora nahi nuen sartu. Ikusten nuen protesi barik egin nezakeela, eta olatuak hartu nahi nituen, bizipoza emango zidan zerbait egin, lehengo sentipenak edo antzekoak izateko [Oregi surfean aritzen zen lehendik ere]; hilabete eta erdiren buruan, uretan nintzen. Min hartzeko beldurrez, eta muinoian min hartzen nuen, baina gozamena zen. Kirolak izugarri lagundu dit.
Egoera berrira egokitzeko garaian, zer helduleku izan zenituzten?
IDIAKEZ: Nire ustez, laguntza psikologikoa beharrezkoa da, baina gehienbat, familiaren babesa. Nik oso familia batua dut, eta nirekin egon ziren une oro. Horrek laguntzen du aurrera egiten; zuk oso jarrera ona izan dezakezu, baina albokoek lagunduz gero, askoz errazagoa da. Hor sartzen ditut lagunak ere.
OREGI: Ni ere, antzera. Gauza batzuk familiarekin egiten dira, eta beste batzuk lagunekin. Adibidez, bizikletan ibiltzera joateko edo surfera sartzeko tarteak ziren nik lagunekin nituenetako batzuk. Larunbat goizean lagunekin bizikletan aritzea gozamena da, eta, orain, gai izan dira nire erritmoan joateko. Bizikleta elektriko bat erosi nuen. Edo haiekin igerilekura joatea... Zenbat eta lehengo bizitzatik gertuago egon, orduan eta azkarrago osatzen zara. Nor bere ingurunearekin, etxekoekin, lagunekin, gustura egotea da garrantzitsuena, eta norbera ondo dagoenean ikuspegi positibo horiek helaraztea ere bai. Nik etxean ikusten nuen; ni ondo ez nengoenean, etxeko giroa ez zen bera. Beraz, norberak egon behar du ondo. Iratik dioen moduan, gertukoek ondo lagundu didate. Niri ez zidaten psikologorik jarri ospitalean, eta familiari ere ez. Pribatura jo behar izan nuen, eta esan egin nuen ospitalean: «Hildako bat denean, familiari jarri egiten zaio». Gu ez ginen hil, baina bizitza erabat aldatu zitzaigun. Uste dut istripu larri bat izan duen edonori eskaini behar zaiola. Kirolariek beren kirol bizitzan behar duten moduan, horrelako istripu baten ostean ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Irati, Gizarte Langintza ikasi zenuen, baina ez zara horretan ari. Zuk, Ibon, Gorputz Hezkuntza, eta zu ere ez zabiltza horretan.
IDIAKEZ: Nik dudan kirol bizitzarekin oso zaila da. Saiatu nintzen lan batekin, baina zaila da. Ordu asko entrenatu behar da, eta atseden asko hartu behar da... Ez dakit egunen batean gizarte lanean ariko naizen; oposizioetarako izena eman dut, baina gaur-gaurkoz oso zaila da kirolarekin uztartzea.
OREGI: Niri erabateko baliaezintasuna eman zidaten, eta ez dute uzten lehengo postu berean aritzen. Heziketa Fisikoko irakasle moduan, galarazita neukan; hala omen dio legeak. Urte eta erdian idatziak bidali nituen Hezkuntza Sailera, eta telefonoz ere izan nituen harreman batzuk. Azkena,lortu nuen Lakuako saileko batekin hitz egitea, eta esan zidan nirea erretiro behartu bat zela. Esaten nien bestelako lanak egin nitzakeela, baina esan zidaten erretiro hori onartu beharra nuela. Horrek apur bat gehiago hondoratzen zaitu. Nik egingo nuke lanaldi partzial bateko lana, eta beste erdia errekuperaziorako erabili. Ez kirolari moduan soilik; anputazio ostean muga batzuk ditut. Gerriko minak handiak izaten dira. Lanerako aukerarik ez emateak kolpea ematen du.
Egun, kirolari lotuta zaudete erabat. Nola ailegatu zarete egungo kirol egoerara?
IDIAKEZ: Ni snowboardean probatzera joan nintzen, eta prozesua oso azkarra izan zen. Horregatik, aurten lasaiago hartu dut. Denbora falta izan zitzaidan dena ondo barneratzeko. Errazagoa zen hala, pentsatzeko denbora kentzen duelako, baina azkarregi izan zen. Snowa probatu eta segituan hasi nintzen lehian. Txapelketetara, eta Europakora gero, Mundukoetara...
OREGI: Beharra nuen uretan sartzeko. Gorputzak eta buruak eskatzen zidaten. Ni ez nintzen txapelketarako hasi: terapia moduan murgildu nintzen. Beldurra nuen, banekielako aseguruak atzetik ibiltzen zirela. Istripua izan nuenean, banekien beste aldeko asegurukoak-eta ibiltzen zirela. Etxean esan nuen ea geldirik egon behar nuen epaiketak igaro arte, baina horrek txikitu egiten ninduen. Aurrera egin nuen; konturatuko ziren hanka ez zitzaidala berriz hasten, eta nola sartzen nintzen uretara; olatuek bota, jausi, hondarretan bueltaka... Hori ikusten duenak esango du: «Mutil hau...». Ez da atsegina, eta behar psikologikoa nuelako eta onura zelako hasi nintzen. Adrenalina handia nuen, eta taula guztiak txikitzen nituen. Iñigo Bilbatuari esker hasi nintzen kneel-ean, hark utzitako taulekin. Banekien Espainiako Txapelketa bat zegoela Vigon [Galizia]. Lagun batekin joan, eta txapeldun geratu nintzen. Irailean hasi nintzen, gero Kaliforniara... Espainiako selekzioak esan zigun joan nahi izanez gero geuk ordaindu behar genuela. Baina ikusi egin nahi nuen; hara joan, eta besteek nola egiten zuten, ea ondo ari nintzen. Ikasi. Joan eta ezustekoa izan zen, laugarren sailkatuta. Erruleta batean sartu nintzen. Ilusioa piztu zidan.
Ibon, triatloian maila onean aritu zinen. Oraingoak badu zerikusirik?
OREGI: Erabat ezberdina da, zuria eta beltza. Kirol oso ezberdina da. Triatloia oso automata da; ondo entrenatuta bazaude, ondo jan eta edaten baduzu... normalean, ondo aterako da hamarretik zortzitan. Surfean ez; hara joan, eta dena zen berria, eta hala da orain ere. Baina gustatu egiten zait; txapelketa bada bidaiatzeko eta ondo sentitzeko modu bat. Badu lehengo urduritasun puntu hori.
IDIAKEZ: Surfean ez dakit, baina snowboardean oso giro ona dago kirolarion artean, eta berdin du beste herrialdeetakoak diren, aurkariak... Horrek ere lotu egiten du. Niri besoa falta zait, baina besteak nola dauden ikusi eta zer ondo dabiltzan ikusteak motibatu egiten du. Batez ere, [lesio] femoralak dituztenek harritzen naute.
OREGI: Halakoetan, ni jabetzen naiz beste asko baino hobeto nagoela: «Niri zangoa falta zait, baina hori zisko eginda dago, eta sekulako bizipoza du». Esaten diezu norabait joateko, eta beti baietz esaten dute. Bizipoz horrek pilak kargatzen ditu. Orokorrean, oso jende jatorra dago. Ni semearekin egon naiz Costa Rican, eta harrituta geratu da.
Irati, denbora asko ematen duzu etxetik urrun, kirol diziplina zorrotz batean. Kirola egitetik kirolerako bizitzera igaro zara?
IDIAKEZ: Bai. Orain kirola zer den galdetzen didatenean, nire bizitza dela erantzuten dut. Agian lau orduz entrenatuko naiz egunean, baina ez da hori bakarrik. Nik pisua irabazi behar dut, eta janari jakin bat jan behar dut, atseden hartu, probako urduritasuna psikologikoki landu... Eguneroko erabaki guztiak horrekin lotuta daude. Hori bai, ikasi dut dena ez dela kirola; bizitza soziala ere zaindu egin behar da, bestela errendimendua okerragoa baita. Autoexijentzia zaintzen jakin egin behar da. Ikusten ez den gauza pila bat dago: ez da bi minutuko jaitsiera hori soilik, mila gauza daude.
Nolakoa da zuen entrenamendu biziko garai bat?
OREGI: Iratirena eta nirea ezberdina izango da. Nirea, etxearen araberakoa. Goizak aprobetxatzen ditut batez ere, haurrak eskolan daudenean. Olatuak daudenean, surfean, eta, bestela, astean bizpahiru aldiz bizikletan. Konpentsazioko ariketak ere bai, eta igeriketa astean hirutan, gimnasioarekin batera.
IDIAKEZ: Guk prestaketa bat dugu; txapelketa garaian, Vaqueira-Bereten egoten gara normalean [Herrialde Katalanak]. Goizean elurretara igotzen gara, eta arratsaldean lan fisikoa egiten dugu. Horrez gain, materiala zaindu, atseden hartu... Jaieguna dugunean, lotarako aprobetxatzen dugu, leher eginda egoten garelako.
Probatzeagatik hasi arren, emaitza onak lortu dituzue. Orain, horren beharra duzue?
IDIAKEZ: Hasi nintzenean, psikologoak esaten zidan: «Atera ezazu zure grina hori!». Eta nik: «Nola egiten da hori?». Urte hauetan aldaketa hori izan dut: nik irabazi egin nahi dut. Parte hartu, ikasi eta gozatu bai, baina irabazten bada, hobeto. Txapelketetan egoteko eduki egin behar da hori; bestela, ez du zentzurik.
OREGI: Niri gainezka egiten dit urduritasun horrek. Honekin aurrera egin nahi badut, agian eskatu beharko nuke hori kontrolatzeko laguntza. Nola kudeatu lehiako une hori. Ez da erraza; ez naiz pertsona urduria, baina egun bi arinago hasten naiz kontu horrekin. Irabazteko baino gehiago, galtzeko beldurra izaten da. Costa Rican egon naiz hamar egunean, eta hamaikagarrenean eta hamabigarrenean izan dut txapelketa. Lehen hamar egun horietan sekulako olatuak hartu ditut, zoragarriak. Hasi txandan, eta lehen olatuan jausi egin nintzen. Hor badago zerbait gainez egiten didana, eta ez didana gozatzen uzten. Triatloian ere izaten nuen sentipen hori. Irteeran jarri eta lagunari esan: «Zer egiten dugu hemen? Goazen etxera». Eta hori, izugarri prestatuta eta oso ondo nengoela jakinda. Surfak denboraren, zortearen eta epaileen mugak ditu, eta ez dakit nire moduko lehia ote den.
IDIAKEZ: Sentipen hori denok dugu. Guk kirol psikologoa dugu [federazioan], eta asko lantzen dugu hori. Askotan, nik ere pentsatu dut etxera joatea, baina ate errazena da hori. Urduritasunak kudeatzen ikasi behar da, eta jakin behar da txandatik txandarako denbora baliatzen. Bestela, urduritasunak jan egiten zaitu.
Hasi zinetenetik bilakaera ona egin duzue?
IDIAKEZ: Oso ona. Ez dakit gero zer gertatuko den, baina ondo ari gara oraingoz. Batez ere, egin dugun lanarengatik. Urrea lortzea gauza handia da, sozialki hori da, baina pozik nago bidean egin dudan lan guztiarengatik.
OREGI: Baita ni ere. Nork esango zidan iazko irailean Espainiako Txapelketara joan nintzenean. Urtebete ez da igaro, eta Munduko Txapelketan bigarren nengoen, 35 segundoren faltan. Europako Txapelketan irabazteko lehian... Kirol alorrean, pixka bat harrituta nago. Ikusten dut duela urte bi baino gutxiago hasi naizela surf egokituan, eta hortxe gaudela. Idolotzat dudan australiarra 40 ure baino gehiagoan ari da. Munduko txapeldun izateak ez dit loa galarazten,baina borrokarako pizgarria ematen digu kirolari izan garenoi.
Lorpenak dira icebergaren goiko punta. Zein da egoera, zer dago icebergaren beheko aldean?
IDIAKEZ: Oso zaila da. Jendeak ikusten duena polita da, baina laguntza asko falta dira. 26 urte ditut, eta gastuak ordaintzen dizkidate, baina irabazi? Zer egin behar dut amonatxo bat naizenean?Azkenean, puntu bateraino ailegatu zaitezke. Gurea neguko kirola da, eta udakoei kasu handiagoa egiten zaie. Emakumea naiz, eta gizonena gehiago ikusten da. Eta gainera, kirol egokitua da. Zaila egiten duten hiru faktore ditut kontra. Beste alde batetik, gero eta laguntza gehiago ikusten dira, eta esperantza hori badago.
OREGI: Surfari dagokionez, orokorrean, asko jaitsi da diru kopurua, egokitua izan ala ez. Bere garaian dirua egingo zuten batzuek, baina orain, ikusita zer-nolako jendea dagoen, eta gastuak ordaintzeko lain dutela, imajinatu surf egokituan. Batzuek lortzen dituzte babesle batzuk; Instagramen edo enpresa ahaltsuen bitartez. Nihasiberria naiz, eta, Espainiako selekzioak eramaten gaituen bitartean, Munduko eta Europako txapelketako gastuak ordaintzen dituzte. Horiek dira ostatua eta bidaia ordainduta dauzkadan txapelketa bakarrak. Gero, beste txapelketa edo zirkuitu independente batzuk daude, eta haietara joateko nork bere poltsikotik ordaindu behar du guztia: 300 euroko izen ematea, bidaia... dena. Sariak? Irabazleak 300 euro, bigarrenak 200. Costa Ricaraino joanda, pentsa nolako gastuak diren, finalean interferentzia bat egin eta 47 euro kobratuta itzultzeko. Ez da erraza; etxean diru sarrerak asko jaitsi ziren, eta diru hori ezin nuen erabili bidaiatzeko. Aparretan Bizi proiektua sortu nuen; kirol egokituan jasotako esperientziak transmititzen ditut eskoletan—Munduko Txapelketak begiak ireki zizkion—, ordu eta erdiko tailerrak eginda. Bizipenak zabaltzeaz eta terapia egiteaz gain, lehengo irakasle sena sentituz, bide batez. Bidean behar bereziak dituen gaztetxoak aurkituz gero, surf egokituak ematen dituen aukerak helarazi. Askotan, itsu batek edo aulkian dagoen gazte batek ez daki surfean aritu daitekeenik. Asko bete nau.
ILUSIOAREN OHOLAREN GAINEAN
Irati Idiakez eta Ibon Oregi goi mailako kirolariak dira. Zeinek bere bidea jorratu eta gero, munduko lehian ari dira orain, snowboardean Idiakez eta surfean Oregi. Istripu bana izan ondotik ailegatu dira kirol egokitura, eta puntako emaitzak eskuratu dituzte. Beren kirolez hausnartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu