Bi ilaratan, 34 lagun irribarretsu. Hori izan da Realaren denboraldiaurreko lehen argazkia. Haietako 26, jokalariak, kolore biziz jantzita. Elastiko ilunez gainontzeko zortzi teknikariak. Txuri-urdinek ilusioz ekin diote denboraldi berria prestatzeari, gaur, Zubietan. Haatik, Imanol Alguacilen gidaritzan abiatuko den multzoak zenbait aldaketa izango ditu abuztuko hirugarren astera bitartean. Lehen esku hartzea izan da gaurkoa; soropilean izandako multzora gehituko dira jokalari batzuk, eta beste batzuk ez dira egongo.
Lehen taldeko hamabost jokalari izan dira lehen entrenamenduan, eta harrobiko futbolariek nahiz iragan sasoia utzita egindakoek osatu dute taldea. Aihen Muñoz hamabosgarrenak barruko lana egin du, joan zen urtarrilean izandako belauneko lesio larria osatzeko bidearen azken fasean. Hutsuneen artean, Amerika Kopa amaitu berri duen Jon Mikel Aranburu, Eurokopan ari diren txuri-urdinak —Martin Zubimendi, Mikel Merino, Mikel Oiartzabal, Robin Le Normand eta Alex Remiro—, eta Olinpiar Jokoetan ariko diren Beñat Turrientes eta Jon Pacheco. Lehendabizikoek oporraldia izango dute gero, eta abuztu artean jai izango dute. Hilabete horretan itzuliko dira Turrientes eta Pacheco ere, Zubietara itzuli atarian Espainiako selekzioaren deia jasota. Aurrez, datorren astelehenean itzuliko dira Arsen Zakharian, Takefusa Kubo eta Sheraldo Becker. Horretarako baimena zuen Hamari Traorek ere, baina Malikoak nahiago izan du prestaketa multzo nagusiarekin batera abiatu.
Joan-etorrien garrantzia
Realak Europan jokatuko du bosgarren urtez jarraian; hain justu ere, Europa ligan ariko da oraingoan. Txapelketa horrez gain, Espainiako ligan eta kopan ariko den taldea taxutzen ari dira bulegoetan. Azken asteetan zeresana eman dute nola Robin Le Normanden egoerak, hala Mikel Merinorenak. Donostian garrantzitsu diren bi jokalariek taldea uzteko eskaintzak dituzte, eta erdilari nafarraren kontratua berritu nahian dabil kluba. Oraingoz, ordea, ez da erabaki ofizialik egon bi futbolariei dagokienez, eta litekeena da Eurokopa amaitu aurretik bere horretan geratzea. Biek finala jokatuko dute etzi Espainiako selekzioarekin, Ingalaterraren aurka.
Halaber, ikusteko dago Sadiq Umarren egoerak zer traza hartuko duen, eta balizko joan-etorriei nola erantzungo dien Jokin Aperribairen zuzendaritzak. Sidney Osazuwa 17 urteko aurrelaria fitxatu du Leganesetik, baina, aldaketarik ezean, Reala B taldean ariko da. Aldiz, azken egunetan bi irteera zehaztu dira. Batetik, Roberto Lopez harrobikoak kluba utzi du, eta Leganesen jokatuko du, eta Bryan Fiabemak Poloniarako bidea hartu du, Lech Poznanen jokatzeko.
Printzipioz, Realak bost neurketa jokatuko ditu denboraldiaurrean. Alavesen aurka ariko da estreinakoan, datorren hilaren 20an, Guardian (Araba). Norgehiagoka horren ostean, txuri-urdinek Japoniarako bidaia egingo dute; bigarren aldiz izango dute bi hilabeteren barruan. Oraingoan, Gamba Osaka izango dute aurkari hilaren 25ean. Segidan, Osasuna, Stade Roazhon eta Union Berlin izango dituzte kontrario, abuztuaren 18an ligari ekin aurretik. Rayo jasoko dute lehen partidan.
uriarteK kritikatu egin du nico williamsi etengabe galdetzea zer asmo duen
Jon Uriarte Athleticeko presidenteak kritika egin du gaur: esan du kazetariek Nico Williamsi etengabe galdetzen diotela bere etorkizunari buruz eta Espainiako Futbol Federazioak ez duela asmatu talde zuri-gorriko jokalaria babesten. Uriarteren arabera, «Athleticek egitasmo erakargarria du», eta horren erakusgarri da, besteak beste, Unai Simonek, Dani Vivianek eta Nico Williamsek kontratua luzerako berritu izana. «Athletic gai da ekonomikoki, sozialki eta kirol arloan halako futbolariei eusteko».