Ilusioaren autobusa

Realeko emakumezkoen zale taldeak, Z7 taldeak, autobus bat antolatu du, larunbatean Kopako finala ikustera joateko. Dena prest dute talde txuri-urdina animatzeko.

Z7 taldeko kideak bufandekin, Anoetan Realak jokatutako partida batean. GIOVANNI BATISTA
Z7 taldeko kideak bufandekin, Anoetan Realak jokatutako partida batean. GIOVANNI BATISTA
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 14a
05:05
Entzun

Z7 taldea da Realeko emakumezkoen zale talde ofizial bakarra. Taldea osatzen duten kideak ilusioz daude larunbatean talde txuri-urdinak Bartzelonaren aurka jokatuko duen Kopako finala. Prest dituzte pankarta, bufandak, elastikoak eta taldea animatzeko mosaikoa; baita, lehen aldiz, autobusa ere. Izan ere, egun seinalatu horri begira, autobus bat antolatu dute partidara joateko. 64 zalek beteko dute, eta Realaren zaleen ilusioa irudikatuko duen autobusa izango da. Badakite erronka zaila dutela aurretik jokalariek, Bartzelona munduko talderik onenetakoa baita. Baina jo eta su ariko dira taldea animatzen.

Taldearen sorrerak lotura estua du, hain zuzen, Granadan Realak irabazitako Kopako finalarekin. 2018-2019ko denboraldian, ordura arte elkarrekin egon gabeak ziren zale batzuk elkartzen hasi ziren Zubietan, zelaiaren hegal batean. Whatsapp talde bat sortu zuten berehala. «Helburua zen taldearen eta emakumezkoen futbolaren inguruko informazioa trukatzea, orduan ez baitzegoen hainbeste», azaldu du Luismi Gomez presidenteak. Granadako finalaren ostean, zale taldea abian jartzea erabaki zuten. «Aukera ona zela iruditu zitzaigun. Baina pandemia iritsi zen, eta azkenean 2022 arte ezin izan genuen zale taldea ofizialki inauguratu».  

Egun, berrogei kide inguru daude taldean. «Hasieratik inguru horretan gabiltza. Kopuru polita da».  Kide horietako bat da Rosa Lopez. «Nik Twitter bidez izan nuen zale taldearen berri, eta izena eman nuen». Biak bat datoz. «Egun, zale talde bat izatetik harago, lagun talde bat ere bagara. Oso giro polita daukagu». Realak Zubietan jokatzen duenean, partida aurretik kafe bat hartzeko geratzen dira, elkarrekin egon, taldearen egunerokoa komentatu, eta gero elkarrekin zelaira joateko. Kanpoko hainbat partidatara ere joaten dira denboraldian. «Sevillan, Valentzian, Madrilen eta Tenerifen izan gara, besteak beste, urte hauetan. Eta, noski, derbietara ere joaten gara». Hain zuzen ere, Eibarren eta Athleticen zale taldeetako hainbat kiderekin San Mamesera joango dira maiatzaren 25ean, Txapeldunen Ligako finala ikustera. «Oso harreman ona dugu gure artean». 

Larunbateko finala «ilusioz» prestatu dute. «Taldeak finalerako sailkatzeko aukera zuela jakin genuenean hasi ginen autobus bat antolatzeko ideiari bueltaka, eta, sailkatu zenean, martxan jarri ginen. Nahiz eta azken unera arte ia airean egon den finala non jokatuko zen».  Hasieran 50 lagunentzako autobusa alokatu zuten. «Sare sozialetan iragarri genuen, eta erantzuna oso ona izan zen. Azkenean autobus handiago bat hartu behar izan genuen». 64 zalerentzako autobus bat bete dute. «Telefonoa jo eta jo aritu da, baita lekurik ez zegoela jakinarazi ostean ere».

Egun osorako plana egin dute.  Autobusa 09:45ean irtengo da, larunbatean bertan, zale taldeak duen egoitzaren paretik, Donostiako Amara auzoko Arkupe taberna ingurutik. «Eguerdi partean iritsiko gara Zaragozara, eta han bazkaltzeko tokia ere hartuta daukagu. Elkarrekin egun polit bat pasatzea da helburua». Eta, ahal bada, bigarrenez Kopa irabaztea. «Jakitun gara oso zaila dela, Bartzelonak sekulako talde duelako. Baina ilusio handia daukagu, eta sinetsita gaude aukeraren bat badugula», dio Lopezek.

Sinesteko arrazoi eta heldulekuetako bat Granadako finala da. Biak izan ziren han. «Orduan ere gutxik pentsatzen zuten Realak irabazi zuenik. Atletico Madril zen faborito, eta begira zer geratu zen azkenean. Oraingoan ere, zergatik ez?», berretsi du Lopezek. Antzera mintzatu da Gomez. «Nik orduan %15eko aukera ematen nion Realari irabazteko, eta orain, %5ekoa. Inoiz ikusi dudan kirol balentria handienetako bat izango litzateke Realak egungo Bartzelonari irabaztea. Denek ikusi dugu zer nagusi den txapelketa guztietan. Baina aurreko sasoian, Bartzelonan jokatuko partidan, Realak ia lortu zuen Bartzelonari irabaztea. Neurketako azken jokaldian galdu zuen. Epailearengatik izan ez balitz, gutxienez berdinketa bat lortuko zuen. Merezi zuen. Beraz, horri heltzen diot». Taldeari eskatzen diona «ondo lehiatzea» da.

Granadako finala

Oroitzapen ahaztezina dute Granadako finalaz. «Ni ilobarekin joan nintzen. Hamaika ordu egin genituen autobusez, joan eta etorri. Merezi izan zuen. Nahikarik gola sartu zuen momentua ahaztezina izan zen». Realaren zaleak aurrelariak gola sartu zuen atean zeuden animatzen. «Hortik amaiera bitarte, majo sufritu genuen. Gogoan dut zelaian markagailu bakarra zegoela, justu gure goialdean. Hainbeste aldiz begiratu nuen hara, lepoko minarekin amaitu bainuen», gogoratu du irribarrez Gomezek. «Sekulako beroa pasatu genuela ere gogoan dut, eta bero handia egin zuela. Baina, Rosak dioen moduan, merezi izan zuen».

Handik egun batzuetara jokalariek bira egin zuten Gipuzkoako hainbat herritatik, titulua eskaintzeko: Aretxabaletan, Beasainen, Urnietan, Lasarte-Orian eta Irunen izan ziren, besteak beste. «Oso polita izan zen, eta garrantzitsua. Izan ere, jendea emakumeen futbolera erakartzeko balio izan zuen. Ea final honekin ere bide horretan beste urrats bat egiten den», nabarmendu du Gomezek.

Lopezek emakumezkoen futbolak duen ezaugarri bati erreparatu nahi izan dio. «Jokalariak oso gertukoak eta esker onekoak dira. Etxekotzat ditugu, eta haiek gu. Partida amaieran beti gerturatzen dira guregana agurtzera, eta asko eskertzen dute baita ere kanpoko partidetara animatzera joaten garenean. Umeekin duten jarrera ere nabarmenduko nuke. Beti geratzen dira haiekin, sinatzera edo argazki bat ateratzera. Dena jokalariengatik egiten dugu, merezi dute».  Asteburuero gero eta zale gehiago doaz Z7ra, partidak ikustera. Gomezek eta Lopezek aukera baliatu nahi izan dute, jendea Zubietara joatera animatzeko: «Jendea kateatu egiten da gero. Guk beso zabalik hartuko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.