Ilusioak puntu bat balio du

Europako Ligako final-hamaseirenetako kanporaketarako txartela lortzeko aukera dauka Athleticek gaur, Vienan

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Jakinekoa da Txapeldunen Ligak zer maila duen. Jakinekoa da Europako Liga ez dela duela urte batzuetako UEFA koparen parekoa ere. Baina ukaezina da txapelketak aurrera egin ahala interes handiagoa hartzen duela. Interesa bakarrik ez; maila ere dezente hobetuko da. Final-hamaseirenetan hasiko da benetako txapelketa. Lehian 32 talde geratzen direnean baloratuko dute talde gehienek txapelketan parte hartzeak merezi izan duen ala ez. Athleticentzat, lehen kanporaketatik izan da lehiaketa erakargarria. Arrazoi asko daude hori esateko. Jokalariei ilusioa egiten zien beste txapelketa batzuetako taldeen kontra aritzeak. Agintariek, berriz, euroekin egiten zuten amets Europako Liga entzuten zuten bakoitzean. Hedabideei dagokienez, aste barruan ohiko lan saioen jarraipena egin beharrean, askoz gehiago motibatzen duen neurketak ikusteko eta kontatzeko aukera izan dute. Eta zaleek, azkenik, Suitza, Norvegia, Alemania, Portugal eta Austria ezagutzeko aukera izan dute orain arte.

Baina inor ez da konformatzen orain artekoarekin. Zuri-gorriek gehiago gura dute. Gehiago eskatzen hasita, txapelketa irabazteko lehian egotea izango litzateke eska daitekeen gauzarik handiena. Baina inork ez dio horrelakorik eskatuko Joaquin Caparrosek entrenatutako taldeari, Athleticek baino talde hobeek eta esperientzia handiagokoek hartzen baitute parte Europako Ligan. Eta orain arte parte hartu ez badute, laster sartuko dira lehian, Txapeldunen Ligako ligaxkako multzoetan hirugarren sailkatuko diren taldeen zain baitaude Europako Ligakoak. Denboraldion talde handiak geratuko dira benetan amesten duten txapelketan aurrera egin ezinda. Europako Ligan zain egongo diren taldeek eskuak zabalik itxarongo diete.

Athletic da, hain zuzen ere, zain egon gura duen talde horietako bat. Talde bizkaitarrarentzat ikaragarria izango litzateke Anfield Roaden, Allianz Arenan edo antzeko izena eta izana dituen zelai batean jokatzeko aukera izatea. Baina, horretarako, lehen bi postuetan sailkatu behar da ligaxkan. Eta, txartela bermatuta izateko, puntu bat behar du. Aukera bi izango ditu horretarako. Lehena gaur, Austria Vienaren kontra. Bigarrena hamabost egun barru, Werder Bremenen kontra, etxean. Hasiera batean, errazagoa dirudi Austrian puntu bat lortzea, San Mamesen irabaztea baino. Izan ere, gaur egun alde handia baitago Austria Vienaren eta Werder Bremenen artean.

Aurkaria, etxean lehiakorragoa

Hala ere, Athleticek ondo egin beharko ditu gauzak bila dabilen puntua lortzeko. Aurrean izango duen taldea ez da izango Katedralean galduta ibili zen jokalari koadrila. Etxean, zaleen aurrean, askoz ere lehiakorragoa izango da. Gainera, talde hobea zelairatuko du. Acimovic buru duela hil edo bizi zelairatuko da etxeko taldea. Athleticentzat alde ona eta txarra dauka aurkariaren beharrak. Austria Vienak arriskatu egingo du. Lehen minutuetan gauzak ondo egiten baditu eta konfiantza hartzen badu, aurkari arriskutsua izango da. Baina garaipen premiak antsietatea ere eragin lezake austriarrengan. Hori gertatzen bada, Athleticek aukera bikaina izango du txartela poltsikoan duela bueltatzeko.

Lehen minutuetan aurkariaren erauntsiari eustea izan daiteke neurketako giltzetako bat. Athleticek badu gaitasuna horretarako. Taldea konfiantzarekin dago, eta edozein kiroletako profesionalekin gertatzen den legez, euren buruan sinesten dutenean ia edozein erronkari aurre egiteko gai dira. Jokalariek konfiantza ez galtzeko, ondo dagoena ez aldatzea izango litzateke erabaki aproposena. Caparrosek ere gauza bera pentsatzen badu, Bartzelonaren eta Almeriaren kontra zelairatu zuen taldearen bizkarrezurra eta joko sistema mantendu beharko lituzke. Alegia, eskuin hegalean jokatzeko euskarri baten alde egin zuenetik sendoago agertu da Athletic. Etxetik kanpo jokatzeko sistema egokia dirudi. Hamaikakoari dagokionez, berriz, aldaketa bat egongo da gutxienez. Castillok jokatuko du ezker hegalean, Koikiliren ordez. Muniainek eta De Marcosek ere izango dute lekua, beharbada, neurketa hasiko dutenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.