Azu Muguruza. IDK Euskotren taldeko entrenatzailea

«Ilusioa izan behar dugu kanporaketetara iristeko, ez presio itoa»

Muguruzaren taldeari bi partida geratzen zaizkio Ohorezko Mailako liga erregularra bukatzeko: bata bihar, Gernikan, eta bestea larunbatean, Valentzian. Bietako bat irabaziz gero, titulurako kanporaketak jokatuko ditu.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Partida garrantzitsua dauka bihar Azu Muguruzak(Donostia, 1968) zuzentzen duen IDK Euskotren taldeak, Lointek Gernikaren aurka, Gernikan. Irabazten badu, Ohorezko Mailako titulua jokatzeko kanporaketetan ariko da. Bestela, beste aukera bat izango du larunbatean, Valentzian; zailagoa, teorian. Eta azkena, liga erregularreko bukaerakoa baitu.

Bi partidetako bat irabaztekotan, biharkoa?

Gure finala Gernikakoa da, bai.

Lehen itzuliko partidan, Donostian, irabazi egin zenioten.

Tira, bai. Partida ona jokatu genuen, eta haiei Angie Bjorklund falta zitzaien. Gure aldera atera ziren egoera batzuk, baina Maloste pista zaila da.

Gernika zuek baino askoz hobea dela ari zara esaten?

Ez dakit nola neurtu bi taldeen arteko aldea, baina garbi dago, gure aldean, haiek partidak erabaki ditzaketen jokalari gehiago dituztela. Guk sendo jokatu behar dugu haiei aurre egiteko.

Zein izango dira partidako gakoak?

Gai izan behar dugu defentsan oldarkortasuna berreskuratzeko. Azkeneko partidetan, erasoan hobeto aritu izan gara atzeko lanetan baino. Bigun jardun dugu, eta kalte egin digu. Gernika gu baino talde fisikoagoa da postu guztietan, eta oso gogor aritu beharko dugu ezberdintasun horri eusteko. Hori lortzen badugu, erasoan lasaiago jokatuko dugu, gehiegizko presiorik gabe.

Gernikarentzat laugarren partida izango da biharkoa sei egunean. Nekeak erasango die?

Antzeman egin beharko dute, eta saiatu egin beharko dugu gure aldekoa izaten haien nekearena.

Partidari bizitasuna sartuz, adibidez?

Ez dakit haiek nola egingo dioten aurre partidari, hainbeste jokatuz egun gutxian, jokalariak txandakatzea izaten delako aukera bat. Bizi jokatu behar dugu, eta antzeman dezatela nekea.

Zuek partida ondo prestatzen ari zarete, entrenamenduekin, baina Gernikak ezin du, partida asko izateagatik. Hori ere antzeman daiteke?

Elkar nahikoa ondo ezagutzen dugu, baina antzeman daiteke hori ere. Gainera, Mariori [Mario Lopez, Gernikako entrenatzailea]asko gustatzen zaio partidak ondo prestatzea, eta, hori gabe, ez da izaten segurtasun bera. Guk aste osoa izan dugu ondo prestatzeko, baina gero, jokoan azaldu behar du horrek, eta hori guk egin beharko dugu pistan. Taldeak oso kontzentratuta egon beharko du.

Larunbatean kanporaketetarako sailkatzeko aukera galdu zenuten, Teneriferen aurka etxean galdu ondoren. Zer moduz dago taldea animoz?

Ondo, nahiz eta horrelako partida bat galtzea kalterako izaten den. Eskura geneukan kanporaketetan sartzea, eta kale egin genuen azkenean. Orain, tentsioa eta antsietatea dauzkagu, eta ea ez diguten erasaten. Gernika, alde horretatik, lasaiago dago, ez duelako ezer handirik jokoan [sailkatuta dago kanporaketak jokatzeko].

Finala da zuentzat, baina helburu on bat lortzeko. Presioari neurria jartzeko lagungarri da hori?

Ez da kale edo balekoa, ez daukagu jaitsiera jokoan. Egoera hau ezberdina da zerbait polita lortzeko. Ilusioa eta anbizioa izan behar ditugu kanporaketak jokatzeko, eta ez presio itoa.

Ezinbesteko helburua da kanporaketak jokatzea?

Denboraldi hasieran jarri genituen helburu bezala Kopa eta kanporaketak jokatzea, baina gero, Julia Gladkovak taldea utzi zuenean, ez genuen haren mailako ordezkoa ekarri, diru arazoengatik. Bagenekien zailagoa izango zela kanporaketak harrapatzea; gainera, beste taldeak asko indartu dira bigarren itzulirako. Baina eskura daukagu sailkatzea, eta bada helburua. Lortuko ez bagenu, ezingo da esan gure denboraldia txarra izan denik. Maila handiko liga izaten ari da, oso berdindua, eta sasoi osoan gabiltza oraingo lekuan. Pozik gaude.

Pandemia betean jokatzetik zer ikasgai atera dituzu?

Ondo antolatuta egon da liga, baina izan dira arazoak, eta begira Gernika nola ari den atzeratutako partidak orain jokatzen. Bestela, jokalariak bizitza sozialik gabe dabiltza, eta denok gaude nekatuta psikologikoki. Baina pozik egon behar dugu bukatzea lortuko dugulako. Zalerik gabe aritzea ere bitxia izan da. Horrek diru sarrera batzuk moztu dizkigu, eta orain antzemango dugu klubetan pandemiaren ondorioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.