Erremontea sustatzea eta erremontista gazteenei tokia egitea. Horixe da BERRIAk eta Oriamendi 2010 enpresak elkarlanean antolatzen duten BERRIA Txapelketaren funtsa. «Tira, guk jada gaztetik gero eta gutxiago daukagu. Baina polita da hasiberriekin aritzea», aitortu du Ander Goikoetxeak, umorez (Urnieta, Gipuzkoa, 1994). «Gaztea ez, baina iritsiberria banaiz», zehaztu du Aritz Eskuderok (Andoain, Gipuzkoa, 1994). Biek 31 urte beteko dituzte irailaren 4an.
Ez dira gazteak, baina nahi dute tokia egin. Eta ez dago hori egiteko modu hoberik txapel bat irabaztea baino. Hori egin nahi dute biek bihar: txapela jantzi. BERRIA Txapelketako finala jokatuko dute biek Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian (15:15, ETB1). Goikoetxea V.ak Joseba Goikoetxea atzelari zestoarra izango du bikotekide; Eskuderok, berriz, Urtzi Gurrutxaga aurrelari aizarnazabaldarra. Irabaziko balute, Goikoetxea V.arentzat zein Eskuderorentzat, bientzat litzateke haien kirol ibilbideko txapelik garrantzitsuena.
Aurrelari urnietarrak eskarmentu handia du: hamar urte betetzear da profesionaletan. Gora eta behera ibili da. «Garai ona harrapatu nuen duela urte batzuk: hirutan jokatu nuen lehen mailako binakakoa, beste horrenbestetan aritu nintzen Erremontari saioan, eta, bitan sartu nintzen buruz burukoaren lehen sei onenen artean. Baina, azken urteetan, behera egin dut, eta aspaldian ez naiz aritu lehen mailako txapelketetan. Oso pozik nago BERRIA Txapelketako finala jokatuko dudalako».
Lehen koskan larri ibili edo koska bat beherago nagusi izan. Goikoetxea V.ak argi du. «Denok goian aritzeko borrokatzen gara». Berak onenekin aritu nahi du berriro, eta uste du berriz ere final bat jokatzea «pizgarri ederra» dela. «Ilusioa piztu dit, eta konfiantza eman. Gora egin dut».
Gora egin dute txapelketan ere. «Galdu egin genuen lehen partida, Gurrutxagaren eta Eskuderoren aurka [15-11 eta 15-9]. Ez genuen bikotea osatu. Baina ondo zehaztu genuen nola egin behar genuen bikote izateko. Zehaztu, eta lortu. Hurrengo partida irabazi, eta finalerdirako sailkatu ginen. Hura ere irabazi genuen, gogor borrokatuta. Behetik gora egin dugu, eta oso gogotsu gaude».
«Denok goian aritzeko borrokatzen gara. Berriro final bat jokatzeak ilusioa piztu dit, eta konfiantza eman. Gora egin dut»
ANDER GOIKOETXEAOriamendiko erremontista
Azaldu duenez, hark dauka «ardurarik handiena» bikotean. «Josebak urtebete eskas darama, eta asko du ikasteko. Baina oso pilota gutxi galtzen ditu, eta ondo defenditzen du». Goikoetxea V.ak argi du zer egin behar duen. «Pilotari abiadura ematea, piloteoan nagusitzea eta tantoa bukatzea».
Badakite nola jokatuko duten aurkariek. «Haiek oso seguruak dira: Eskuderok ez ditu oraindik erabat menperatzen xestuaren mugimenduak, baina pilota on asko sartzen ditu, eta oso bizkorra da; beti dago ondo jarria. Gurrutxagak, berriz, asko hobetu du: indar handia ez izan arren, oso ondo mugitzen du pilota, eta ondo ukitzen du ezkerpareta».
Finaletan duen arantza atera nahi du. «Lehen eta bigarren mailan finalak jokatutakoa naiz, tartean BERRIA Txapelketako bi. Baina ez dut bat ere irabazi. Ea oraingoan irabazten dudan. Konfiantza handia emango lidake».
Erremonteak harrapatu du
Eskudero ere «oso pozik» dago finala jokatuko duelako. «Duela bi urte Jai Alai Summer Season torneoko bigarren mailako txapela irabazi nuen, baina txapelketa hau garrantzitsuagoa da. Bigarren Mailakook gure maila erakusteko aukera ederra da».
Bi urte eskas daramatza erremontean, eta finalak jokatzea lanean jarraitzeko «pizgarri ederra» dela dio. «Oso gustura ari naiz. Bizpahiru aldiz entrenatzen naiz astean, eta, entrenatzen ez naizenean, beharra sentitzen dut. Debutatu nueneko irudiak ikusi, eta hobetu dudala ikusten dut».
«Jokoaren adrenalinak» kateatu zuen, baita «giroak» ere. «Oso gustura aritzen naiz frontoian, baina erremontean segitzen badut, batez ere elkarren artean dugun giro ederragatik segitzen dut. Asko gustatzen zait hori. Damu naiz lehenago hasi ez izanaz».
Atzelari andoaindarrak esan duenez, «oso ondo» moldatu da Gurrutxagarekin. Aurretik elkar ezagutzen zuten, eta horrek zerikusia izan du. «Gurrutxaga Andoaingo Gazteleku klubean ibili zen esku pilotan, eta, ni han aritzen nintzen. Hura gazteagoa da, baina elkarrekin entrenatutakoak gara. Konfiantza handia dugu elkarrengan».
Ondo hasi zuten txapelketa, lehen partidan goikoetxeatarrei irabazita. Galdu egin zuten bigarrena, aiestandarren aurka. «Zorionez, tanto aldeari esker sailkatu ginen. Finalerdian ere sufritu egin genuen. Zorte pixka bat izan genuen, baina zortea ere kontuan hartzeko faktorea da».
«Bi faboritoei irabazi diegu. Ea lana biribildu dezakegun. Gutxi falta da txapela irabazteko, baina asko ere bai»
ARITZ ESKUDEROOriamendiko erremontista
Estuasunak estuasun, «gustura» aritu dela dio. «Min egin dut sakearekin, eta ondo jokatu dut. Urtzik ez dio ezeri beldurrik, eta horrek mesede handia egin dit. Oso pilotaria da, beti dago ondo jarria. Nik bertute bera dut: pilotaria naizela. Badakigu une oro nola jokatu. Hori oso garrantzitsua da kantxan ondo moldatzeko eta partidari aurre egiteko». Garrantzitsua bai, baina erabakigarria ez. «Jokatu ere egin behar da. Ni saiatzen naiz aurrelariari pilota kentzen, eta pilota baztertzen. Urtzi, berriz, ondo moldatzen da sake-errestoan, eta hori oso garrantzitsua da».
Finaleko aurkariei buruz zehaztu du ez dutela antzik haien aurka galdu zutenekin. «Txapelketako partidarik txarrena jokatu zuten gure aurka. Ea berriro horren gaizki aritzen diren», esan du barrez. Goikoetxea V.a nabarmendu du. «Hura da bikotearen nagusia. Esperientzia handia du: hamar urte daramatza profesionaletan. Guk argi dugu zer egin behar dugun: Ander ez sartzea jokoan, eta Joseba behartu. Baina Joseba ez da besamotza. Iaz, debuta egin zuen, eta txapela irabazi zuen. Ezin diogu pilota errazik utzi».
Azpimarratu duenez, inork ez zituen hura eta Gurrutxaga jo faboritotzat; bai, ordea, Jon Irazu eta Aritz Zubiri eta goikoetxeatarrak. «Biei irabazi diegu guk. Ea lana biribildu dezakegun. Gutxi falta da txapela irabazteko, baina asko ere bai».