Ohi baino laburrago, eta inoizko zuhurren. Hala azaldu da Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria, komunikabideekin egin duen sasoi amaierarako bilkurara. Gasteiztarrak egoki jo du klubaren egoera, eta «exijentziari deiadarra» egin beharra dagoela azpimarratu du. Horretarako, talde nagusietako multzoei eustea aldeztu du.
Olaberen ustez, sasoi «ona» osatu dute Realeko taldeek, eta adierazi du bide beretik segitu nahi dutela: «Ilusioa elikatu behar dugu. Zaila da, denek egiten dute lan, baina gure bertsiorik onena eskaini nahi dugu. [Gizonezkoen] taldea heldu egin da, eta txapelketa guztietan maila eman dezake».
Xede hori lortzeko, talde nagusietako jokalari gehienei eustea desio dute klubeko agintariek. Hargatik, Olabek gidatzen duen sailak kontratuen berritzeetan jarria du arreta. Gizonezkoen kasuan, zazpi proposamen egin dituzte dagoeneko: Alex Remiro, Igor Zubeldia, Robin Le Normand, Martin Zubimendi, Urko Gonzalez de Zarate, Jon Pacheco eta Mikel Oiartzabal dira deia jaso dutenak.
Fitxaketen alorrean, Olabek adierazi du Realak baduela ahala«urratsa egin» eta 20-25 milioi euroko jokalariak fitxatzeko, baina lehendabizi «klubean» begiratzearen alde mintzatu da: «Gaitasuna badugu; bestelako kontua da hori egingo dugun». Halaber, futbol zuzendariak esan du azken egunetan «harri eta zur» geratu dela Dominik Szoboszlairen balizko ailegaerarekin: «Ez dut izen propioez hitz egiten. Jokalari ona da, baina jokalari askoren ordezkariekin biltzen gara».
Alexander Isak, Mikel Merino eta halako erreferentziazko jokalariak ere hizpide izan ditu futbol zuzendariak: «Oraingoz, ez dut kezkarik. Ikusi dut nola amaitu duten sasoia», azaldu du, haien jarraipenaren inguruan. Reala B-ko jokalari batzuk lehen taldera igaroko dira, eta Pacheco izango da haietako bat, futbol zuzendariak aditzera eman duenez: «Sei edo zazpi jokalariko multzo batek talde nagusiarekin hasiko du denboraldiaurrea». Realak 31 jokalari ditu oraintxe bertan.
Aldiz, kluba utziko duten futbolariei beren prestasuna «eskertu» die Olabek: Adnan Januzaj, Kevin Rodrigues, Luca Sangalli, Jeremy Blasco, Xeber Alkain eta Nacho Monreal dira. Belgikarraren kasuan, Olabek zehaztu du «argi hitz egin» dutela geratuz gero taldean izango zuen rolaz. Olabek airean utzi du Rafael Alcantararen eta Alexander Sorlothen etorkizuna, eta ohartarazi du «oso egoera jakinetan» ailegatu zirela taldera.
Europarako, «indartu»
Emakumezkoen talde nagusiak Europan jokatuko du datorren sasoian, eta Olabek ez du joan zen udako gorabeherarik aurreikusi, joan-etorriei dagokienez. Kluba orain Nuria Rabanori eta Emma Ramirezi taldean segitzeko egin dieten proposamenaren erantzunaren zain dago.
Europan aritzeko taldea indartu nahi du Realak, eta «hiruzpalau» fitxaketa egingo dituzte horretarako. Kontrara, irteerarik ez dute espero. Sasoi onak Europan jokatzea ahalbidetzearen inguruan, Olabek balioa eman dio egindako denboraldiari: «Aitortzekoa da lortu dutena. Orain pentsatzen ari gara berriz lortzeko zer egin behar dugun».
Imanol, «klubaren isla»
Gizonezkoen lehen taldean ere aldaketarik ez da izango, entrenatzaile nagusiari dagokionez. Imanol Alguacilek segituko du txuri-urdinen gidari izaten. Olaberen esanetan, «Imanol da klubak helarazi nahi duen mezua ondoen ordezkatzen duena».
Olabek azaldu du beste behin Europara sailkatuta sasoiaren balorazioa «positiboa» dela, eta lorpena erdiesteko «modua» azpimarratu du. Halaber, datorren sasoia «berezia» izango dela ohartarazi du: «Abuztuaren 14tik azaroaren 14ra 21 partida jokatuko ditugu, Munduko Koparengatik».
Reala B-ren urteari buruz, «autokritika» egin du. Dena den, «eskertuta» agertu da Xabi Alonsorekin, eta jakinarazi du Sergio Franciscok ordeztuko duela.
«Ilusioa elikatu behar dugu»
Roberto Olabe «lasai» dago Realeko gizonezkoen taldearen osaerari dagokionez; berritzeetan dute arreta. Andreen talderako «hiruzpalau» fitxaketa iragarri ditu. Sergio Francisco, Reala Bko teknikari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu