Erortzear zegoela, azken unean oreka mantenduta iritsi da Mirandes Espainiako Kopako finalerdietara. Miranda Ebroko (Espainia) taldeak estu eta larri igaro zituen lehendabiziko kanporaketak, baina, urratsez urrats, finalaren atariraino iritsi da. Txapelketan aurrera egin ahala, gero eta aurkari indartsuagoak kaleratu ditu, geroz eta itxura hobeagoa eskainita. Reala izango dute aurkari finalerdietan.
Unai Mendia (Beasain, Gipuzkoa, 1981) gustura dago bizitzen ari denarekin. Mirandesen bigarren entrenatzailea da, Andoni Iraola prestatzaile usurbildarraren ondokoa. Anoetako aulkian izango da bihar, joaneko partidan: «Gustura gaude. Bigarren Mailako talde bat izanda, oso pozgarria da horrelako talde baten aurka jokatzea; guretzat gertukoa da, eta Euskal Herrikoa».
2012an bezala, loriatik inoizko gertuen kokatu da Mirandes Kopako finalerdietara iritsita, baina aurrez izerdi ugari bota behar izan du. Distira gutxiagoko estadioetan hasi zuen Espainiako Kopako ibilbidea. Etxetik kanpo jokatu zituen lehen bi partidak, Espainiako Bigarren B mailako bi talderen aurka —Coruxo (Galizia) eta UCAM Murtzia (Espainia)— eta majo sufritu behar izan zuten haiek bazterrean uzteko: «Luzapenean egin genuen aurrera. Penaltiak botatzeko zerrenda ere eginda geneukala, azken minutuetan igaro ginen. Oso zaila izan zen».
Maila apalagoko bi taldeak azpiratu ostean, gorengo mailako hiru kaleratu dituzte: Celta, Sevilla eta Vila-real, hurrenez hurren: «Haien aurka etxean aritu ginen, baina oso gogorrak izan ziren». Mirandesek zerbait erakutsi badu, ordea, gosea izan da. Miranda Ebroko taldea joan zen sasoian igo zen Bigarren Mailara, eta maila horretako zelaietan aritzeak jokalariei «ilusio handia» egiten diela adierazi du Mendiak.
Reala, indartsu
Kopan egindako bidea ere pizgarri izan da Mirandesentzat, eta ilusio horrek emandako indarrarekin helduko dira Donostiara. Kanporaketa «zaila» izango dela azpimarratu du beasaindarrak, joaneko partidatik hasita: «Reala oso ondo ari da etxean, eta bolada onean dago. Real Madril kaleratu zuen han, derbia ondo irabazi du... Momentu onean dago. Halere, emaitza txukun bat lortzen saiatuko gara; gutxienez, handik bizirik itzuli nahi dugu. Eta irabaztea lortzen badugu, bada, askoz hobeto».
Mendiaren ustez, txuri-urdinen aurrealdeko jokalariak «une onean» daude, eta «errespetua» sortzen diete. Horien artean, Alexander Isak azpimarratu du: «Eguberriak artean nahiko gutxi ari zen jokatzen, bigarren zatietan-eta, baina azken hilean bikain ari da. Sekulako maila du».
Mendiaren ustez, baina, suediarra ez da Realaren indargune bakarra. Iraolaren laguntzaileak adierazi du Mikel Oiartzabalek, Cristian Portuk eta enparauek «egun ona izanez gero partida erraz irabazteko ahala» dutela.
Alabaina, zehaztu du aurrean «maila handiko jokalariak» dituela Mirandesek, eta Lehen Mailako taldeei «min» egiteko gaitasuna dutela: «Gure aukerak izango ditugu; neurketa batean bakoitzak bere uneak izaten ditu, eta ea gureak ditugunean min egiteko gai garen».
Euskal jokalariak, erruz
Mirandeseko kideek ondo baino hobeto ezagutzen dute Reala; gipuzkoarrak dira bi teknikari nagusiak, Iraola eta Mendia bera, eta euskaldunak dira jokalari asko, zazpi guztira: Gorka Kijera kapitaina, Odei Onaindia, Iñigo Vicente, Alvaro Peña, Mario Barco, Martin Merquelanz eta Ion Guridi. Realak utzitakoak dira azken bi horiek, eta baita Modibo Sagnan ere. Atzelari frantziarra neguko merkatuan joan da Zubietatik Miranda Ebrora.
Utzitako jokalari asko ditu Mirandesek bere taldean, baina hori ez da oztopo izan sasoi bikaina egiteko. Udan iritsi ziren Iraola eta Mendia taldera: «Hemezortzi jokalari berri etorri dira denboraldo honetan. Hasieran, kosta egin zitzaigun emaitza onak lortzea, baina, pixkanaka, irauli egin genuen. Taldeko jokalari gehienak Bigarren B Mailatik etorriak dira, eta Bigarren Mailari neurria hartuz joan dira. Emaitzek gure alde egin ahala, hazi egin da jendea, eta beren futbolik onena eskaintzen ari dira. Ea olatu on hau hartzen dugun».
Bolada on horrek, jokalarien artean ez ezik, zaleen artean ere piztu du ilusioa. Aitaren batean saldu dituzte Realak Mirandesi helarazitako mila sarrerak: «Herriko jendea emozio handiz bizitzen ari da. Anoetako partidarako, klubaren dendan saldu dituzte sarrerak, eta izugarrizko ilara egon da. Pentsatzen dut han emaitza ona lortzen baldin badugu itzulikoan giroa izugarria izango dela».Horretarako, baina, biharko neurketan baleko emaitza eskuratu beharko dute.
Ilusioa dute propultsio indar
Mirandesek pausoz pauso lortu du Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatzea. Bihar jokatuko dute Realaren aurkako joanekoa. «Bizirik» itzuli nahi dute Anoetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu