Bere onera itzulirik dago Iraitz Zubizarreta (Ataun, Gipuzkoa, 1999). Kolpe «gogorra» jaso zuen joan den asteburuan, lau eta erdikoaren final-laurdenetako ligaxkako lehen partida 22-6 galdu baitzuen Erik Jakaren aurka. Aurrez bi partida irabazita zetorren ataundarra; horregatik, ilusioz eta konfiantzaz gainezka heldu zen Soriako pilotalekura (Espainia), baina hain erraz galdu izanak «min handia» eragin zion. «Gauza bat da galtzea, eta bestea era horretan galtzea». Bizpahiru egun «burumakur» egin ditu, baina dagoeneko zuriz janzteko gogotsu dagoela ohartarazi du, izen handiko bi aurkari baititu zain: Iñaki Artola eta Jokin Altuna. Artolaren aurka gaur jokatuko du, Tafallako pilotalekuan (Nafarroa), 21:00etan (ETB1).
Pilotari trebea da Zubizarreta distantzia motzean. Promozio Mailan txapeldunorde izan zen 2021ean, eta txapeldun iaz, Julen Egiguren menderatuta. Txapelari esker, jakitun zen onenekin lehiatzeko aukera izango zuela aurten. «Urte osoan zehar jakitea aukera hori izango dudala oso polita da». Halere, enpresak atariko bat jarri zion lehenbizi, eta 22-19 gainditu zuen Iker Larrazabal. Final-zortzirenetan, berriz, Mikel Urrutikoetxeari irabazi zion: 22-14. «Oso pozik nengoen egindakoarekin, zortzi onenetan sartzea izugarria baita. Batez ere, Urrutikoetxeari irabazi izana ez dut inoiz ahaztuko, pilotari historikoetako bat da eta». Behin ligaxkan sartuta, jakin bazekien lan zailak topatuko zituela, baina helburu bat bakarra jarri zion bere buruari: «lehiakorra izatea».
Helburu hori buruan, itxaropentsu hartu zuen Soriako bidea joan den larunbatean, baina ordu laurden batean zapuztu zitzaion ilusioa. «Kolpea handi horietakoa izan zen». Saiatu da gertatuari azalpena topatzen. «Ez dakit zehazki nola azaldu, baina sentsazioa daukat neure buruarengan sinetsi gabe atera nintzela kantxara. Haurretatik ohituta gaude galtzen, baina galtzearen minak hamar minutu irauten dit niri, gehiago ez. Lehengoan, ordea, dezepzioa jaso nuen neure buruarekin, lan handiagoak ematea espero bainuen». Jakari ez dio meriturik kendu, baina bere «jokoaren erdia ere egin ez» izanak mintzen du. «Disgustu handia eduki dut, baina astelehenaz geroztik hobeto nago. Lanketa psikologiko handia egiten dut beti, kanpotik gogorra naizela iruditu arren, beti ez baita hala. Astelehenaz geroztik hobeto nago, ilusioa berreskuratuta».
Ez dauka beste erremediorik. Ilusioa pizteko, gainera, maila goreneko bi aurkari izango ditu: Artola eta Altuna III.a. Lehen partidan hain tanto gutxi lortu izanak asko korapilatu dio sailkapena ataundarrari, baina ez dio axola. «Orain nire helburua da barruan daukadan guztia ematea. Badakit 22ra iristeko haiek oso egun txar bat behar dutela, eta nik ona, baina nik nahi dudana da lehiakorra izatea. Nire baliabideetan sinestea».
«Orain nire helburua da barruan daukadan guztia ematea. Lehiakorra izan nahi dut, eta nire baliabideetan sinetsi»
IRAITZ ZUBIZARRETABaikoko pilotaria
Badauzka motiboak sinesteko. «Eliteko kirolean oso zaila da inongo minik gabe jokatzea, eta ni, oraintxe, halaxe nago: oso ongi eta fresko. Ez dut inongo minik, eta entrenamenduetako lana kantxan erakutsi nahi dut». Hirugarren partidara bizirik iristea latza litzatekeela aitortu du. «Pilotari historiko askoren aurka neurtu ditut indarrak; tartean, Aimar Olaizolaren aurka. Baina Altuna III.aren aurka inoiz ez dut jokatu. Ni eta nire ingurua ilusioz gaude lehia horretarako. Jokoan zerbait dudala iritsiko banintzake egun handia izango litzateke».
Kontratua luzatuta, pozik
Egun handiak bizitzen jarraitzeko gutxienez beste hiru urte izango ditu Zubizarretak. Izan ere, duela lau urte debuta egin eta «ibilbide polita» osatu ondoren, beste hiru urterako kontratua sinatu berri du Baikorekin. «Oso pozik nago, nigan konfiantza osoa izan baitu enpresak. Lanaz gain, pilota nire bizitza da, pasioa. Ataungo pilota eskolan irakasle aritzen naiz, eta herrian bertan eskola kirolean ere jarduten dut».
Dudarik ez dago serio lanean jarraituko duela onenen artean ahalik eta gehienetan egoteko. Binaka eta buruz buru lehen mailan aritua da, baina pandemia garaietan. «Garai arraroak ziren, eta badakit Lehen Mailan lehiatu izana ez zela errealitatea». Lau eta erdian, ordea, bere lanari esker ari da final-laurdenetan, eta horixe izango du helduleku aurrerantzean. «Txapelketatik kanpo datorren astean geratzen banaiz ere motibazio berarekin jarraituko dut entrenatzen».