Saskibaloia

Ilusioa, baliabideak eta eboluzioa

Niners Chemnitz taldearen aurka jokatuko ditu Bilbo Basketek FIBA Europa Kopako finalerdiak. Alemaniako taldea bigarren da bere herrialdeko ligan, eta Europako ezusteko handiena oraintxe.

Chemnitzeko jokalariak, etxeko partida batean. FIBA EUROPE CUP
Chemnitzeko jokalariak, etxeko partida batean. FIBA EUROPE CUP
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 27a
05:05
Entzun

Bilbo Basketek FIBA Europa Kopako finalerdietara iristea lortu du, Legia Varsoviaren aurka markagailua irauli ostean. Orain, finalerdietan, Europako saskibaloian bolada bikainean dabilen talde bat izango du aurkari: Niners Chemnitz. Gaur arituko dira Miribillan (20:00, ETB4), eta astebete geroago, apirilaren 3an, itzulikoa izango dute, Alemanian.

250.000 biztanle inguru ditu Chemnitzek, eta, 1953etik 1990era, hiriak Karl-Marx-Stadt izena hartu zuen, Alemaniako Errepublika Demokratikoan zelarik. Kluba duela 25 urte sortu zen, eta Marx bera da klubaren maskotaren irudia. Askorentzat talde ezezaguna izango da Chemnitz. Alemaniako saskibaloia asko hazi da azken urteetan, eta gero eta maila handiagoa dago hango ligetan. Baita dirua eta lanerako baliabideak ere. Horren erakusgarri da Alemaniako selekzioak udan Munduko Txapelketa irabazi izana.

Chemnitzen aurrerapausoaren erantzule nagusia, ordea, ez da alemaniarra: Rodrigo Pastore prestatzaile argentinarraren eskutik, proiektua sendotuz joan da urtez urte. 2015. urtetik ari da Chemnitzen aulkian, eta bere zigilua utzi du bertan. Orain dela gutxi arte, Alemaniako Bigarren Mailan jokatzen zuen klubak, baina, pandemia garaian igoera lortu ostean, ikaragarri garatu da kluba. 

Pastoreren jokamolde propioarekin, aurrerapausoak ematen ari dira alemaniarrak. Alemaniako Ligako kanporaketak jokatu dituzte azken bi urteetan, baina Alemaniako talde handienek kanporatu zituzten. Aurten, berriz, goia jo dute, ezustean. Alemaniako Ligan bigarren dira: 25 partidatan, bost baino ez dituzte galdu. Europan ere harrigarri jokatu dute, eta neurketa bakarra galdu. Aurten, 34 partida jokatu, eta sei soilik galdu dituzte. Zaragoza azpiratu egin zuten final-laurdenetan. Kanporaketa beldurgarria egin zuten alemaniarrek. 64-98 eta 102-86 irabazi zituzten bi partidak (200-150 guztira), eta ez zuten laurden bat bera ere galdu.

Nabarmen hazi da taldea, baina gora begira jarraitu nahi duela adierazi zion prestatzaileak Freie Presse egunkariari sasoi hasieran: «Geure DNA sortu dugu, saskibaloian nola jokatu nahi dugun eta klub gisa nola hobetu nahi dugun, betiere gure baliabideekin. Jakina, orain denek galdetzen dute: zer dator orain? Gure erantzuna da: Alemaniako lau talde onenen artean egon nahi dugu hurrengo hiruzpalau urteetan»

Europako ezusteko handiena izan da Chemnitzen agerpena. Izar handirik gabeko taldea da, guztiz eraberritua. Aurreko sasoian taldean aritu ziren lau jokalarik soilik jarraitzen duten oraingoan, baina Pastoreren jokatzeko estiloa ez da aldatu, eta haren esanak ondo baino hobeto kantxaratu dituzte jokalariek. Fisikoa eta taldeko joko alaia dira alemaniarren bereizgarri nagusiak. Oso talde fisikoa da Pastorerena. Zentimetroak dira, akaso, Chemnitzi falta zaiona, eta Hlinason bezalako piboten aurka sufritu egin dezakete behin baloia saski azpian jasoz gero. Baina ahulgunea izan zitekeena indargune bihurtu du Pastorek –erreboteetan, Europa Kopako talde onenetan hirugarrena da Chemnitz (40,4)—. Jokalaririk garaienak erraz mugitzen dira, eta taldeko defentsan nabaritzen da hori, batez ere. Blokeo edo barneraldi askotan, aldatu egiten dute defentsan, eta kantxan izan ohi dituen bost jokalariek daukate edozein defendatzeko gaitasuna. Oso oldarkorrak dira defentsan, eta horrek korrika egiteok modua ematen die. Erritmo bizia ezartzen dute baloia eskuratu bezain pronto, eta arriskatu egiten dute kontraerasoan zein trantsizioan. Askotan amaitzen dute erasoa jabetzaren hamargarren segundoa iritsi aurretik.

Erasoan ere nabaritzen da piboten mugimendua. Kanpotik jaurtitzeko gaitasuna daukate, baina baloia lurrean jartzen dutenean egiten dute minik handiena: kanpotik barrurako egitean. Hor, kontrara, asko sufritu dezake Hlinasonek, eta oso garrantzitsua izango da Sacha Killeya-Jonesen eta Thijs De Ridderren atzeko lana.

Izarrik ezean, taldea

Alemaniarren datuak ikusgarriak dira Europa Kopan. Puntu gehien sartzen duen taldea da Europa Kopan (92,3), baita asistentzia gehien banatzen duena ere (23). Eta baloi jabetza askotara jokatzen duen taldea izan arren, baloi gutxien galtzen duten taldeen artean dago Chemnitz. Esan bezala, alemaniarrek ez daukate izar nabarmenik taldean. Baina beren sasoirik onenean daude jokalarietako asko. Amerikarrak dira gehienak, Estatu Batuetakoak edo Kanadakoak. Baina badira Alemaniako batzuk ere. Bost jokalarik sartzen dituzte batez beste hamar puntu baino gehiago Europa Kopan. Jeffery Garrett eta DeAndre Lansdowne dira saskiratzaile nagusietako bi. Joko oldarkorra, erreboterako gaitasuna, defentsako lana dira haien indarguneak. Wesley Van Beckek kalitatea eta puntuak lortzeko abilezia dauka, batez ere kanpoko jaurtiketekin. Kaza Kajami-Jeanek, berriz, orkestrako zuzendari lanak egiten ditu –Europa Kopan asistentzia gehien banatzen duten jokalarien artean hirugarrena da (6)–, eta liderra da atzean. Aher Uguak antolatzailea eta Kevin Yebo pibota dira beste izan aipagarriak. 

Lan zaila izango du Bilbo Basketek finalera heltzeko bidean. Joko fisikoaren aurka sufritu egiten dute bilbotarrek, baina, egia esanda, hobekuntza erakutsi dute alor horretan azken asteetan. Garrantzitsua izango da joko fisikoa berdintzea, eta alemaniarrei beren erritmoa ezartzen galaraztea. Miribillan hazi egiten da Jaume Ponsarnauren taldea, eta, igandean Baskoniari irabazita, olatu beltzaren gainean iritsiko dira Europa Kopako finalerdietara. Zaleen aupada erabakigarria izango da lehen partidan Chemnitzi aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.