Ilusioa adinari gailendu

PERURENA, GOENATXO, SARALEGI. Marka handiak alde batera utzita, txapelketetan jarraitzeko gogoa erakutsi dute, 40 urtetik gora izan arren

2006ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Gogoa behar da gero 37 urtetik gora izan eta oraindik enborrekin, txingekin eta harriekin bueltaka ibiltzeko, hala esango du batek baino gehiagok. Baina aitortu egin behar da ohitu egin garela adineko kirolariak besteak beste aizkoran, txinga eroaten eta harri-jasotzen ikusten. Harri-jasotzen, esaterako, 38 urteko langa igaro dutenak dira Miel Saralegi, Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.a, Aguxtin Arruti Landarbide, Juanjoxe Unanue Goenatxo eta Iñaki Perurena, lehian ari direnak aipatzearren.

Horiek bostak igandean Urrezko Harri-jasotzaileen Torneoan aritu ziren. Harriak lurretik bizkarrera jasotzen jardun zuten behin eta berriro: zilindro-kopa, koadroa, kuboa eta bola, geometria klaseko jostailuak balira bezala.

Hori, ordea, mutiko koskorrak zirenetik egin dute, eta adin horrekin oraindik plazetan ikustea harrigarria bada ere, harrigarriagoa da oraindik gogoa edukitzea eta asperturik ez egotea; horrela aitortu dute bederen. Gainera, gehienek arazoak izan dituzte edo dituzte belaunetan.Gazteena Miel Saralegi da (38 urte). Txapelketa eta horrelakoetan aritzea gustuko duela aitortu du: «Saltsan aritzea gustatzen zait. Lehen utziak nituen txapelketak, baina berriro ekin diot, eta besteekin lehian aritzeak erakarri egiten nau». Urrezko Torneoan Perurenarekin parekatu dute, eta hori ere aipagarria da, lehen aurkariak baitziren. «Egia esateko, elkartzen garenean norberak minak non dituen aipatzen jarduten dugu gehienbat. Bestalde, garai haiek igaro ziren, egin beharrekoak egin genituen eta hura ahaztu beharra dago».

Harri-jasotzeari lotuta

Izeta II.ak (40 urte), Euskadiko Txapelketa albo batera utzi arren, marka ahalegina egin zuen orain bi aste. Ez zuen lortu, eta zin egin du saiatuko dela berriz. Landarbide harri-jasotzaile gogorra da, eta beti agertzen da edonon lehian aritzeko prest.

Goenatxok 46 urte ditu, eta azkoitiarrak ere txapelketako giroa gustuko duela: «Euskadikoan aritzen naiz, iaz ere esku hartu nuen Urrezkoan, eta besteek adina egiten dudala ikusteak motibatzen nau. Gainera, prestatuta nago, tarteka belaunak arazoak sortzen badizkit ere».

Perurenak 49 urte ditu, eta garbi adierazi du zergatik jarraitzen duen: «Alde batetik, harri-jasotzeak zirrara sorrarazten didalako eta, bestetik, seme Iñaxiori lagundu egin nahi diodalako; gustura ari gara. Horregatik, harri-jasotzearen garra hori ondoan dudala izatea aberastasuna da. Badakit beste gauza asko ere badudala, baina harri-jasotzeak ematen dit beste gauza horiek edukitzeko ilusioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.