Maddi Torre. Realeko jokalaria

«Ilusio handia dut talde honek eman dezakeenarekin»

Maddi Torrek ia ez zuen jokatzeko aukerarik izan aurreko sasoian. Halere, espero du aurten gauzak bestelakoak izatea eta, taldetik jokalari garrantzitsuak joan diren arren, ohikoa duten jokatzeko erari eustea.

JAGOB MANTEROLA / FOKA.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Realak gaur ekingo dio ligari, Zubietan, Valentziaren kontra (16:00). Aurreko sasoian inoizko sailkapen onena lortu zuten txuri-urdinek, laugarren izan ziren, eta Maddi Torre jokalaria (Donostia, 1996) taldeak duen exijentzia nabarmendu du. «Zaleei ere gurekin exijenteak izateko eskatzen diegu».

Nola sentitzen zarete gaur ligari ekiteko orduan?

Ondo. Euskal Herria Kopako Alavesen aurkako finalerdian, pare bat hutsegite handi egin genituen. Baina hobe da akats horiek denboraldi-aurrean edo partida bakar batean egitea. Bestela, taldeak denboraldi-aurre ona egin du, bai joko eta bai emaitza aldetik. Ondo lehiatu gara, eta ondo iritsi gara lehen partida honetara. Orain, zelaian erakutsi behar dugu.

Aurreko sasoian, azken partida Valentziaren aurka jokatu zenuten, eta gaur aurkari bera izango duzue aurrean. Nola ikusten duzu norgehiagoka?

Sasoi hasieran beti izaten da zaila aurreikuspenak egitea. Izan ere,partidak aurrera joan ahala joaten dira egokitzen taldeak, eta beren identitatea hartzen. Guk garbi dugu zertan jokatu nahi dugun, eta hori islatzen saiatuko gara partida guztietan.

Hainbeste jokalarik taldea utzita, zein izango da identitate hori?

Baloia edukitzea eta jokoaren ekimena bilatuko duen Reala izango da, beti bezala. Zelai erditik aurrera oso jokalari bizkorrak ditugu, eta golak sartzeko gaitasun handia dutenak. Beraz, defentsan sendo egonez gero hasieratik, eta lehen jardunaldietako emaitzak onak badira, denboraldi polita egin dezakegu.

Taldean hainbeste aldaketa izanda, ondo hastea are garrantzitsuagoa iruditzen zaizu?

Ondo hastea beti da garrantzitsua, baina kasu honetan are gehiago. Horrek ez du esan nahi gaizki hasita buelta eman ezin diezaiokegunik. Gainera, oso hasiera polita daukagu, hurrengo asteburuan derbia jokatuko baitugu San Mamesen. Egutegi orekatua dugu, eta hori ona izan daiteke.

Zer pasatu da hainbeste jokalarik taldea uzteko?

Nik ez dut gustuko besteen inguruan hitz egitea. Nire aldetik, egin zuten lana eskertzea besterik ez dut. Garbi dago oso jende garrantzitsua zela, erreferentea, eta Granadan irabazi genuen Kopako protagonistak. Reala beti izango da haien etxea.

Horren jende historikoa izanda, zaleei kosta egin dakieke talde berri honetara kateatzea?

Argi dago zaleentzat mingarria izan dela. Normala da, etxeko jendea delako. Baina jokalari berriek kalitate handia dute. Ez dira etxekoak, baina etxeko egin ditzakegu. Begira Nuriarekin[Mendoza] eta Kianarekin [Palacios] zer gertatu zen. Hemengoak ez izan arren, Reala barruan sentitzen zuten.Hemen segitzen dugunon lana da jokalari berriei Reala zer den erakustea. Ni ilusio handirekin nago talde honek eman dezakeenarekin.

Zer esango zenieke zaleei jokalari berrien inguruan?

Ilusio handiarekin daudela, eta multzoari hori transmititu diotela lehen egunetik. Ilusio giro hori nabari da. Leku berri batera iristen zarenean, beti eman nahi duzu zure onena, eta horretan ari dira. Gainontzekoek, beraz,ezin dugu lo hartu. Oso motibatuta gaude denak. Jende oso jatorra eta langilea da, konpromiso handia erakusten ari dira egunerokoan.

Lehen partida honi begira hainbat jokalari dituzue jokatu ezinik, min hartuta daudelako eta COVID-19agatik. Zer esango zenieke talde txikiegia duzuela dioten horiei?

Izan daiteke nahi bezain handia ez izatea. Baina gure lana izango da ondo lan egitea, ahalik eta lesio gutxien izateko. Horrek badu beste alde bat, gainera: gaudenek gehiago jokatuko dugula, eta une oro prest egon behar dugula.

Aurreko sasoian inoizko sailkapen onena lortu zuen taldeak ligan. Berriz lor dezakezuela uste duzu, eta Txapeldunen Ligako borroka horretan egon?

Guk exijentzia maila handia dugu, eta zaleei ere gurekin exijenteak izateko eskatzen diet, gugan konfiantza izateko. Uste dut berriro lor dezakegula.

Aurreko sasoian apenas jokatu zenuen. Honetan gauzak alda daitezkeela uste duzu?

Ni oso gustura nago egin dudan lanarekin. Beti eman dut nire onena. Eta oso harro nago jokatu dudanean eta jokatu ez dudanean erakutsi dudan jarrera eta konpromisoarekin. Buruan izan dudan gauza bakarra lana izan da. Entrenamendu eta partida bakoitzean nire onena eman behar dut; bestela, ez nago lasai, oso lehiakorra naizelako. Taldekideek beti eskertu didate hori. Askotan, nik estutzen nituen taldekideak. Hortik aurrera, nire esku ez dauden erabakien inguruan nik ezin dut ezer egin. Gauzak aldatuko diren ez dakit. Nik desberdin ikusten dut neure burua. Gogotsu nago, eta pentsatu nahi dut gauzak aldatu egin direla nire inguruan.

Inoizko denboraldi gogorrena izan zen?

Izan daiteke. Gogorra eta arraroaarlo guztietan: pandemiagatik izandako neurriak, nire kirol egoera... Asko markatu ninduen. Ez nuen ondo ulertu eta barneratu zergatik jokatzen nuen hain gutxi... Taldekide askok ere ez zuten ulertzen nire egoera. Baina gauza asko ikasi nituen, eta oso indartuta atera nintzen. Neure burua are gehiago ezagutzeko balio izan zidan, eta, gainera, gai izan nintzen izan nituen aukera apurretan ondo jokatzeko. Aukera horiek,gainera, taldearen une zailetan izan ziren. Uste dut klubaren aurrean nire irudia eta konpromisoa ere indartuta atera zirela. Niretzat oso garrantzitsua izan da hemen segitzea, eta uste dut klubarentzat ere bai.

Jokalarien grebaren aurka agertu izanak zerikusia izan zuen ez jokatzeko?

Ez dut hori pentsatu nahi. Egungo gizartean asko aldarrikatzen da adierazpen askatasuna eta errespetua, eta kasu honetan nirekin ez zen bete. Baina gertatutakoa gainditu dut jada.

Igandean [gaur] hasierako hamaikakoan egongo zara?

Beti pentsatzen dut baietz. Ilusio, itxaropen eta motibazio horrekin oheratzen naiz beti partida bezperan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.