Ilunpetik ateratzeko aukera du Alavesek

Arabarrek garaipen suspergarria lortuz hasi nahi dute bigarren itzulia, Betisen zelaian (18:30, Movistar). Minduta iritsiko dira, Gironaren aurka azken unean galdu eta gero. Defentsa hobetzea dute helburu, Coudeten aroko lehen garaipena eskuratzeko.

Kike Garcia baloi bat kontrolatu nahian, atzean Carlos Vicente duela.  JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kike Garcia baloi bat kontrolatu nahian, atzean Carlos Vicente duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko urtarrilaren 18a
05:05
Entzun

Estatistikek modu gordinean islatzen dute Alavesen txakalaldia: azken lau hilabeteetan garaipen bakarra lortu dute arabarrek. Tokitan gelditu da sasoi hasierako distira. Iluntasunak erabat irentsi du Mendizorrotzako taldea. Azkenekoz Mallorcari irabazi zion, azaroaren lehenean (1-0). Geroztik, Ligako zazpi neurketa jokatu ditu, eta bakar bat ere ez du irabazi. Azken lauetan Eduardo Coudeten aginduetara aritu da, eta argi izpi batzuk ikusi ditu: Kopako estropezua alde batera utzita, ondo lehiatu da orain arte teknikari argentinarrarekin. Oraindik ez du irabazi, ordea. Ilunpetan jarraitzen du. Bidea argituko dion garaipen bat behar du, eta horren bila ariko da gaur, Betisen zelaian.

Argia ikusteko aukera bikainak izan ditu azken bi jardunaldietan, baina ez ditu baliatu. Valentziaren aurka ari zirela, 98. minutuan egin zien ihes garaipenak. Arabarrak bi aldiz izan ziren aurretik markagailuan, baina alferrik izan zen. Eta beste kolpe gogor bat jaso zuten iragan larunbatean, Gironaren kontra. Irabazteko moduko partida izan zen Alavesen aldetik, baina kamuts aritu zen ate aurrean, eta luzapenean egindako huts batek esku hutsik utzi zuen berriz ere. Jokalariek burumakur utzi zuten Mendizorrotzako berdegunea. Hori horrela, ikusteko dago zer aldarterekin zelairatzen diren gaur Benito Villamarinen.

Konfiantza berreskuratzeko, defentsa hobetzeak izan behar du gasteiztarren lehentasuna. Azkenekoz Mallorcaren aurka utzi zuten atea hutsean, eta irabazi egin zuten neurketa hura. Ez da kasualitatea. Lanen erdietara iazko puntu kopuru berarekin iritsi dira (17), baina dezentez hauskorrago dabiltza orain. Lehen itzulian 31 gol sartu dizkiete; soilik Valladolid aritu da makalago defentsako lanean, 37 gol jasota. Arazo handiak izan dituzte atzean: batzuetan, fitxaketak ez direlako behar bezala egokitu; beste batzuetan, lehendik zeudenen mailak behera egin duelako. Hori aski ez, eta Mestallan min hartu zuen Antonio Siverak. Jesus Owono ari da haren ordez atepean, eta nabari da urduri aritu dela orain arte.

Defentsa sendotze aldera, Coudetek Santiago Mouriño erabili ahal izango du, arazo fisikoak gainditzen dituenean. Azken bi partidak galdu ditu. Sasoi hasieran irregular samar aritu zen atzelari uruguaitarra, eta kosta egin zitzaion hamaikakoan egonkortzea; haatik, hobetuz joan da astez aste, taldeko defentsarik fidagarrienetako bat bihurtzeraino. Min hartu arte, Coudetek hura hautatu zuen Abqarren bikotekide moduan defentsaren erdigunean. Valentziaren eta Gironaren aurka ezin izan zuen jokatu, baina hasierako hamaikakora itzul liteke gaur. Luka Romero ere osatu da, baina hark Mexikorako bidea hartu du, jokatzeko aukeren bila. Milanek utzita iritsi zen udan, eta apenas zapaldu duen zelaia. Coudetek honela ikusten du taldea: Coudetek honela ikusten du taldea «Gironaren aurka, galdu arren, taldeak asko hobetu zuen. Horrek ez dizu garaipena ziurtatzen, baina bidean jartzen zaitu. Egiten ari garen lanean sinetsita dagoela sentitzen dut».

Betisen argi-ilunak

Neurketa zaila jokatuko du gaur Alavesek, baina aurkariaren izenak ez du kikildu behar. Izan ere, Osasuna, Athletic eta Girona estu hartzeko gai izan bada, Betisi ere begietara begira diezaioke. Etxetik kanpo neurketa bakarra irabazi dute orain arte arabarrek, baina Coudetekin, bederen, etxetik kanpo ez dute partidarik galdu: berdindu egin zuten Sadarren zein Mestallan. Gainera, espero baino apalago dabil Betis. Azken zortzi partidetatik bakarra irabazi du, eta Europako postuetatik kanpo bukatu du lehen itzulia.

Hori bai, etxean oso hezur gogorra da Manuel Pellegrinik zuzenduriko taldea. Izan ere, Mallorcaren aurka galdu du bakarrik, eta Atletico Madril azpiratzeko gauza izan da. Orain arte, beste inork ez du menperatu txapelketako liderra. Bartzelonak, berriz, puntu bakarrarekin itzuli zen Sevillatik. Erasoan ez dabil oso emankor, baina talentu handiko jokalariak ditu zelai erditik aurrera. Alavesek kate motzean lotu beharko ditu Isco, Abde eta enparauak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.