Marta Unzue

Ilunpetik, argi eske

Bartzelona ahaltsuko kapitaina da, eta hiru liga eta hiru kopa ditu garaipen zerrendan. Hitz handiak dira guztiak. Hala ere, ia ezezaguna da Marta Unzue berriozartarra.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2014ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ereserkia entzuten hasi, eta oilo ipurdia jartzen zaizu. Berehala jabetzen zara lehiaketa berezia dela. Emozioak eta motibazioak gainezka egiten dizute. Berdin dio aurretik lehiaketa honetan hamaika partida jokatu izanak; lehena balitz bezala sentitzen duzu». Marta Unzueri (Berriozar, Nafarroa, 1988) kosta egiten zaio emozioari eustea Txapeldunen Ligaz ari denean. Ez da han jokatzen ohituta ez dagoelako. Hirugarren urtez jarraian ari da, guztietan Bartzelonarekin. Hitz handiak dira horiek. Datu bat: denboraldi honetan beste bi euskal jokalari soilik ari dira Txapeldunen Ligan: Leire Landa (Irun, Gipuzkoa, 1986) eta Joana Flaviano (Bilbo, 1990). Landa Unzueren taldekide da —min hartua dago orain—, eta Flaviano, berriz, Sardinian ari da, Torres Calcio taldean.

«Beste mundu bat». Horrelakoa da Txapeldunen Liga, Unzueren esanetan. Ikusleen kopurutik hasita: «Gu ohituta gaude ligan ikusle gutxiren aurrean jokatzera. Txapeldunen Ligan, ordea, jokatu izan dugu hamar mila ikusleren aurrean. Europako hainbat herrialdetan, Alemanian, adibidez, zale asko erakartzen ditu emakumezkoen futbolak. Ez da kasualitatea Alemaniakoa izatea ligarik onena eta hangoa izatea egungo Europako txapelduna, Wolfsburgo».

«Baina badaude salbuespenak gurean», onartu du berehala. Ez du ahazten iaz San Mamesen jokatutako ligako azken partida. «Egun horretan 30.000 ikusle izan ziren harmailetan. Ikusgarria izan zen. Gainera, irabazi egin genuen, eta horri esker txapeldun izan ginen. Halakoak ez dira inoiz ahazten».

Klub bat baino gehiago

Bartzelonako kapitaina da Unzue. Ez da harritzekoa, taldeko beteranoetako bat da: bederatzigarren denboraldia du. «Ardura handia ez ote den? Ez. Ez diot berebiziko garrantzia ematen besokoa eramateari. Taldeko jokalari bat gehiago naiz; hemen ez dago inor inoren gainetik». Handinahi hitzik ez da atera Unzueren ahotik, ezta zer-nolako jokalaria den galdetuta ere: «Langilea naiz. Beti saiatzen naiz barruan dudan guztia ematen, eta beti nago prest taldekideei laguntzeko».

Bartzelona. Hitz horrek, ordea, pisu handia du, bai, klubaren ospearen parekoa. «Hain da handia, erraldoia kluba, ezen ia ez dugu ezagutzen inor. Gure artean badugu harremana, baina hortik kanpo, batere ez». Horren adibide adierazgarria da gizonezkoen taldearekin duten harremana: hutsaren hurrena da. «Oso arraroa da elkarrekin topo egitea», onartu du. Adierazgarriagoa da oraindik elkarrekin topo egiten dutenean gertatzen dena: «Argazkiak ateratzen ditugu haiekin, eta baita sinadurak eskatu ere. Haiek, berriz, gure emaitzengatik galdetzen digute, ea zer moduz goazen ligan eta. Animoak ere ematen dizkigute».

Elastiko bera eramanda, mundu paraleloetan bizi direla agerian uzten duen adibide bat da. Zerrenda, ordea, luzea da. «Gure taldean inor ez da bizi futbolean bakarrik jokatzetik. Nik ia hamar urte daramatzat ikasten. Horregatik etorri ginen ahizpa bikia [Elba] eta biok, 2006an. Lehenbizi, INEF ikasi nuen, gradu ondoko bi ikastaro egin nituen gero, master bat jarraian, eta orain buru-belarri ari naiz ingelesa eta alemana ikasten. Baina, ikasi eta jokatu ez ezik, lan ere egin dut hemen. Oso argi dut: hau ez da betirako, eta prest egon behar dut. Ni ez naiz Messi, ni ezingo naiz bizi ezer egin gabe erretiroa hartzean».

Triste etxeko egoerarekin

Hala ere, «pribilegiatutzat» du bere burua. «Betidanik izan naiz Bartzelonaren jarraitzailea, eta, hemen jokatuta, betiko ametsa bete dut. Gainera, klub hau aterpe bikaina da krisi garai hauetan. Begira zer pasatu den Nafarroan...». Azken esaldia hasi eta etena egin du. Arnasa pixka bat hartu eta barruak hustu ditu. «Ez da bidezkoa egin dutena. Azkenean Osasunak taldea atera du, baina berandu eta gaizki. Eta ez da lehen aldia. Orain urte batzuk Lehen Mailan ari ziren taldeek aukera izan zuten emakumezkoen talde bat sortu eta zuzenean maila nagusian jokatzeko, baina Osasunak aukera pasatzen utzi zuen. Ordutik dabiltza hanka sartzen».

Amorrua nabari zaio Unzueri. Ez du ulertzen Osasunaren jarrera. Aspaldiko aldarrikapena du berak talde handiak «benetan» inplika daitezela. «Talde indartsu guztiek izan beharko lukete derrigor emakumezkoen talde bat; horrek bultzada emango lioke emakumezkoen futbolari. Hobetzen ari garelako, bai, baina oso poliki. Badirudi asko egiten dela, baina askoz gehiago egin zitekeen. Egiten den gutxiarekin konformatzen gara. Klubek eta federazioek nahi balute, liga sendoa izango genuke, baina ez dirudi hori egiteko borondatea dutenik».

Etsitzen hasia da. «Lehen banuen itxaropena etxera itzuli eta futbolean jokatzeko, baina egun ezinezkoa da. Nora joango naiz? Ez dago Nafarroako talderik maila nagusian, eta nik maila nagusian jokatu nahi dut». Prest dago urrutirago joateko. «Gustatuko litzaidake beste liga batean jokatzea. Hemen ezin bada, kanpoan izan beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.