Ilea, kiloak eta galtzamotzak

Pablo Lasok 19 urteko lehortea bukatu du, eta Real Madrilen urte batzuk egiteko pausoa eman. 1995ean, Kopa irabazi zuen Baskoniako jokalari zela, eta gero gasteiztarren aulkian esertzeko negoziatzen aritu zen.

Pablo Laso eta Jaycee Carroll, besarkatuta, Kopako finalean Bartzelonari irabazi berritan, herenegun. ACB MEDIA.
Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Pertsona bera naiz orain, eta orain dela hiru ordu, finala hasi aurretik. Lehen ere Kopa bat irabazitakoa naiz jokalari nintzela, Baskoniarekin, eta egun hartan ere ez nintzen aldatu. Aldatu den bakarra da orain ile gutxiago daukadala, eta kilo gehiago. Beste guztia berdina da». Herenegun, Espainiako Kopako tituluak bere bizitza aldatuko ote zuen galdetu ziotenean bota zuen erantzun hori Pablo Lasok (Gasteiz, 1967). Zintzo mintzatu zen, duela hamazazpi urte baino askoz ile gutxiago duelako, eta kilo batzuk gehiago ere bai. Dozena bat, gutxienez. Atzokoan galtzak jantzita zeramatzala ere gauza berria da.

Bere lehen Kopa irabazi zuenean galtzamotzak ahaztu zitzaizkiolako hotelean. Granadan (Espainia) jokatu zen Kopa hura, 1995ean, eta Baskoniak Amway Zaragoza izan zuen aurkari finalean. Laso despistatu samarra da, eta aldagelan galtzamotzak ahaztu zitzaizkiola konturatu zen. Iñaki Garaialde, Baskoniako jokalari ohi eta Gasteiz irratiko esatariarena da kontakizuna: «Astirik ez zegoen hotelera bueltatzeko, eta Juan Pedro Cazorlaren galtzamotzak erabili behar izan zituen». Cazorla ere joko antolatzailea zen, baina Laso baino handiagoa: 1,92 bata, 1,78 bestea. Inor ez omen zen jabetu egoeraz, taldeko kideak izan ezik, baina galtzamotzei bere lekuan eusteko aurkariak zaintzeko adina komeria izan omen zituen gasteiztarrak.

Urte hartan ez, hiru urte lehenago irabazi zuen Real Madrilek bere azken Kopa: Coruñan (Galizia), finalean Joventut menderatuta. Sabonis, Biriukov, Antunez, Santos, Lasa… jokalari horiek jaso zuten Kopa, baina orduz geroztik, ezer ez. Finalak bai, ugari, baina titulurik batere ez. Eta Real Madrilen moduko talde batean, hemeretzi urte Koparik jaso gabe egotea drama baten parekoa da. Lasok ondo daki Real Madrilen exijentzia handia dagoela. Han jokatu zuen hiru urtez, eta han jokatu zuelako da egun, hein handi batean, Real Madrileko entrenatzailea. Lagun handia baitu taldeko kirol arduradun gorena dena, Alberto Herreros jokalari ohia.

Lagun Aro utzi eta Real Madrilekin fitxatu izanak harridura eragin zuen. Entrenatzaile askok urte askotan lortutakoa iritsi baitzuen Lasok urte gutxitan: ACB ligako hiru talde on gidatu. Valentzia aurrena, Lagun Aro gero, eta Real Madril azkena. Titulurik lortu gabe, nabarmentzeko moduko lorpenik egin gabe iritsi zen elitera Laso. Profil apaleko entrenatzailetzat zuten askok, etorkizun onekoa, baina eskarmentu txikikoa talde handi bat gidatzeko.

Kontratu oparoa irabazi du

Baina Real Madrilek fitxatu zuen. Ezagutzen zutelako, Lasok berak etxea ezagutzen zuelako, eta Real Madrilen ere kokoteraino zeudelako, izen eta milioi asko balio zuten entrenatzaileak fitxatu eta uztarik biltzen ez zutelako ia. Ettore Messinarena, azken adibidea. Lasok bazekien nora zihoan, eta abentura laburra eta gaiztoa izan zitekeela emaitzak onak ez baziren. Gerrikoa estu sentitzen hasi zen duela hamar egun, Gescrap Bizkaiak Miribillan astindu handia eman, eta Euroligako final-laurdenetatik at geratzeko arriskuan geratu zenean.

Baina Kopa irabazi du, eta horrek asko esan nahi du. Hemeretzi urteko lehortea bukatzea gauza handia delako, eta Lasok lortu duelako. Nola eta noren aurka ere bere neurrian baloratu behar da. Bartzelona ahaltsua makurrarazi duelako (74-91), Bartzelonan bertan. Finala nagusitasunez irabazita, gainera. Eta halako aginteak zoramena eragiten du Madrilen. Zenbat eta gogorrago kolpatu aurkari kutunena, orduan eta hobeto.

Florentino Perez klubeko presidenteak Laso besarkatu zuen kantxan, eta gero Bartzelonako Palau Sant Jordira hurbildu ziren 500 bat zaleengana hurbildu zen. Haien pozak Perezen agintaritza indartzen du, eta tituluek, zaleek Perezi eman diezaioketen babesa, agintzen jarrai dezan. Laso kolokan zegoen, baina orain kontratu oparoa irabazi du. Lagun Aron zegoela, Baskoniarekin fitxatzeko negoziazioak izan omen ziren. Orduan, 200.000 euro ingurukoa zen Lasoren ordainsaria. Gaur, kopuru hori huskeria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.