Olaizola II.a-Aretxab. 22. Urrutikoetxea-Beroiz 6

Ikusten dena eta ez dena

Olaizola II.ak eta Aretxabaletak erraz irabazi dute, partidaren bigarren zatian 15-0eko partziala lortuta

Urrutikoetxea eta Olaizola II.a, elkarri estropezu egiten. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Igor Susaeta.
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Iraupena. 49 minutu eta 24 segundo.

Saketik. Olaizola II.ak bat, eta Urrutikoetxeak beste bat.

Markagailua. 0-2; 3-2; 3-3; 6-3; 6-4; 7-4; 7-6 eta 22-6.

Bestelakoak. 1.000 bat ikusle Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Ohi bezala, ia dozena bat tanto batu zituen Olaizola II.ak erremateen bidez, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko partidan. Hori da argi ikusi zena, zein baino zein ikusgarriagoak izan zirelako. Baina lana ere pilatu zuen goizuetarrak; bai berari zegokiona tantoak heltzen eta defentsan, eta baita Andoni Aretxabaleta bikotekideari ere kendu ziona. Eta hori da, beharbada, hain erraz nabaritzen ez dena. Baina bietatik behar zuen atzokoak, eta, lana eta ikusgarritasuna uztartuta, Olaizola II.ak eta Aretxabaletak erraz irabazi zieten Urrutikoetxea-Beroizi.

Ez zirudien, ordea, hala izango zenik, lehiako aurreneko tantoa kontuan hartuta. Ia ehun pilotakada jo zituzten, eta lau minutu eta 50 segundoz aritu ziren piloteoan. Izan ere, Urrutikoetxea-Beroiz ez dira tantoak oparitzen dituzten horietakoak. Tantoa landu behar da, sufritu, haiei irabazteko, defentsan ondo moldatzen direlako. Gainera, oso argi zeukaten egin beharrekoa: Aretxabaleta zamatu. Pilota lehen koadroetatik urrun mantendu zuten hasierako tantoetan, eta, hartara, Olaizola II.ak ez zuen eduki eroso errematatzeko aukerarik. Beraz, baten hutsen, bestearen asmatutakoen eta behartuta galdutako piloten artean, partida orekatua izan zen 7-6kora arte.

Olaizola II.ak hasieratik ulertu zuen zein zuen bere egitekoa. Hasteko, metro batzuk atzeratu zuen bere posizioa. Hortik, bosgarren koadrotik gutxi gorabehera, Beroiz behartu zuen, Urrutikoetxea nahastu, eta arnasa eta konfiantza eman zizkion bikotekideari. Saskitik beste pilota bat ateratzea ere bururatu zitzaion. 15-0eko partziala lortu zuten horrekin: 7-6koa zena 22-6koa bihurtu zen. Kito. Hori da ikusten dena. Baina ez dena ikusten da 12-6 zihoazenean 101 pilotakada zeramatzala Aretxabaletak; kideak, aldiz, bakar bat gutxiago. Ohikoena izaten da atzelariak aurrelariaren pilotakaden ia bikoitza jotzea.

Eta hortik aurrera, behin dezenteko abantaila lortuta, luzitu zen goizuetarra gantxoekin edota zabalera gurutzatutakoekin, eta baita atzelari markinarra ere, errebotera pare bat pilota bidaliz, eta beste bat, esaterako, ezker paretan dotore moztuz (19-6). Kontrarioak, bien bitartean, ezinean. Atzoko garaileek hiru garaipen lortu dituzte beste hainbeste partidatan.

Tolosan gaur, bihar Eibarren

Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko hirugarren eta laugarren partidak gaur eta bihar jokatuko dira, Tolosan eta Eibarren hurrenez hurren. Beotibarren Titin III.a-Merino II.ak eta Irujo-Barriolak neurtuko dituzte indarrak, eta Astelenan, berriz, Berasaluze II.a eta Albisuk Ezkurdia eta Zabaletaren kontra jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.