Binakako finala du igandean, eta gozatuko du hura ikusten, bi bikoteak bere enpresakoak direlako, baina buruz buruko txapelketa prestatzeko entrenamenduak dira orain Jokin Etxanizen buruhaustea (Bergara, Gipuzkoa, 1970). Kirol zuzendari kargu arranditsua du, baina berak nahiago du «entrenatzaile» etiketa.
Aurtengoa da enpresa arteko hogeigarren binakako txapelketa, eta Aspek hamabosgarren aldiz irabaziko du. Zure teknikari urteetan gertatu da hori.
Ez nekien, baina iruditzen zait datu garrantzitsua dela. Eta pozik nago. Binakakoa urte osoko jarduna da, eta, aldi berean, txapelketa luzeena, pilotari gehien lehian jartzen duena. Nire meritua? Pilotariak jokatzen du. Ni saiatzen naiz gauzak zuzentzen, baina hark jokatzen du.
Azken bost txapelak Aspek irabazi ditu, eta txapeldunen batez besteko adina oso baxua da. Atzematean ere ondo zabiltzate.
Tira… egia da orain bi izen daudela Aspen, Zabaleta eta Rezusta, beste atzelariekin alderatuta agian puntu bat gorago daudenak. Eta haiekin, bikoteak faboritoen artean sartzen dira, baina baita aurrelari onak dituztelako ere. Iruditzen zait oro har pilotari talde oso polita dugula. Eta atzemateari buruz... Pilotari bat hartzen duzunean ez dakizu noraino hel daitekeen. Berezko gaia izatea ezinbestekoa da, baina, gero, orduak sartu behar ditu. Pilotaria bere kasa egitea zaila da, orduak eta lana daude atzetik. Altunaren kasua da horren adibidea. Oso gazte izan zen txapeldun, eta oraindik ere hor ari da, gogor lanean. Haren inplikazioa eredugarria da.
Hogei urte daramatzazu teknikari lanetan. Asko aldatu zara?
Ikasten joan naiz. Hasi nintzenean, gauza askotan ez nuen arretarik jartzen. Jokatzen badakizu, baina agian ez dakizu hori nola irakatsi. Uste dut hasi nintzenean baino entrenatzaile hobea naizela orain. Askotan gertatu zait partida bat ikustera joan, bukatu, eta emaitza ez jakitea. Beste gauza batzuetan nago, beste xehetasun batzuetan jartzen dut arreta: nola mugitzen diren pilotariak, kolpea nola ematen dioten... Nire munduan.
Orain zein xehetasuni ematen diozu garrantzia duela hogei urte urte ematen ez zeniona?
Denetarik. Adibidez, Rezustaren kasua jarriko dizut, eta haren kolpea. Ez diot indarrez edo fisikoz, pilotarekin kontaktuan sartzeko moduaz baizik. Berezkoa du albotik jotzeko joera, eta behetik eman diezaion saiatzen gara, eta ari da apurka zuzentzen. Eskuinarekin zer esanik ez, nahiz eta partidetan oraindik ere gutxi erabiltzen duen.
Aurreko belaunaldiarekin alde handia al dago? Irujo, Xala… Horiekin ere lan handia egin zenuen zuk.
Ez. Guztiek dute gaia; hor badaude, zerbaitegatik daude. Ezin dizut esan batzuk hobeak izan direnik. Nik hor badut bat: Irujo, sekulakoa izan da. Eta hauen kasuan, Altuna, Irribarria.. 20, 21 urterekin, Irujok euren adinarekin jokatzen zuen baino gehiago jokatzen dute. Irujok adin horrekin ez zuen hainbeste jokatzen. Ez dakigu egungoak aurrerago ariko diren Irujo bezain ondo; hori ikusteko dago.
Entrenatzeko teknikak asko aldatu al dira? Oraindik ere xaboi potoarekin zabiltza.
Ez asko. Egon zen garai bat non pilotariek lan fisikoari garrantzi handia ematen zioten, eta oso garrantzitsua da, batzuen gorputza egiteke dagoelako; baina pilotariek gero eta ordu gehiago sartzen dituzte pilotalekuan. Lehen hau esaten zen: «horri igartzen zaio ordu asko sartu dituela»; eta hori garrantzitsua da. Gaztetan igarri egiten da. Pilotan jokatzen pilotalekuan ikasten da.
Entrenatzen gozatzen al duzu?
Bai, baina agenda egiten ez. Binakako entrenamendu bat ikusi, eta hobera egiten dutela, edo hobeto elkar hartzen dutela ikustea gozamena da niretzat. Gustuko gauza da, bai, baina baita obligazioa ere. Alde horretatik, Jon Apezetxearen laguntza nabarmenduko nuke. Hura gabe ezinezkoa litzateke.
XXI. mendeko pilotariak hobeak al dira?
Antzerakoak. Aurrekoekin alderatuta, hori bai, aukera edo baliabide gehiago dituzte. Guk ez genuen inor. Nik aita nuen laguntzen, eta berak pilotaz bazekien, baina ez zen nirekin etortzen, aste barruan lana egiten zuen. Uste dut egungoek hori eskertzen dutela, eta enpresak sekulako ahalegina egiten duela: ekonomikoki, teknikari bat entrenamendu bakoitzean. Asko hitz egiten da pilotariek zenbat irabazten duten, baina ikusi behar da ere enpresak zer eskaintzen dien. Guk ezagutu dugu: «zuk ez dakit zein egunetan jokatzen duzu», eta kito, enpresa zurekin ahaztu egiten zen. Orain dena dute: pilotalekuak, materiala, medikua, entrenatzailea, prestatzailea.
Igandeko finalistei buruz hitz egin ezazu. Iker Irribarria irten da txakalalditik.
Lortu duen guztia bere meritua izan da, baina lehen txapelak oso azkar iritsi zitzaizkion, eta ez da erraza hori barneratzea. Oso denbora gutxian enpresako erreferenteetako bat bihurtu zen. Argi zegoen Ikerrek berezko dohain handiak zituela, baina beste batzuk ere landu behar zituen. Gero, egia da gaizki pasatu duela, kosta egiten zitzaiolako partidak irabaztea.
Hitz egin zenuten berarekin? Zer aldatu du?
Bai, baina berak ikusi du hori. Nahiz eta txapelak oso azkar irabazi, berak ikusi zuen hemen dena ez zegoela egina. Erantzukizuna handia da; hau ez da eteten, eta lanean jarraitu behar du. Bilakaera fisikoa izan du, adinarekin heldutasuna lortu du, eta garrantzitsua da lanean jarraitu behar duela ikustea.
Zabaletak bigarren finala du jarraian.
Hasteko, harrigarria da Zabaletak berezkoa duena. Noizbehinka ateratzen diren pilotari horietako bat da. Nik horrelako latigorik, ezker eta eskuin, ez dut ezagutu. Ruben Beloki onena ezagutu nuen, fenomeno bat, baina Zabaleta... Jende asko harritzen da haren partida batzuetan, baina, ondoren, harekin hitz egin, eta biok bat gatoz hobeto jokatzerik baduela. Haren entrenamendu batzuk ikusi izan balituzte. Lehen zalantza asko zituen bere buruarekin, eta aldatu egin da.
Pilotari oso ona dela sinetsi du.
Lehen, urtean hilabete bat edo bi txar izaten zituen. Gorabeherak zituen, eta horretan hobetu du. Hobekuntza tartea badu, partidak irakurtzeko garaian eta keinu tekniko batzuetan.
Irribarria-Rezustak berezko gai handia dutela dirudi, eta Elezkano-Rezustaren kasuan, esaterako, badirudi landuagoa dela.
Tira, beraiek ere berezkoa dute. Danelen kasuan, Asegarcen zegoenean askotan eman zuen bere maila. Hari irabaztea oso zaila zen, eta beti esaten genuen zirudien baino gehiago jokatzen zuela.
Harritu al zaitu? Espero al zenuen hainbeste jokatuko zuenik?
Asegarcen ere oso ondo jokatzen zuen. Hemen aukera izan du txapelketan sartzeko, eta bitan finalean sartu da. Egia da atzelari erregularrenarekin jokatu duela, baina lan handia egin du.
Eskuin motzagoa izatean beti sortu izan du zalantza.
Haren eskuina berez da horrelakoa, baina egiten duen beste guztia ondo egiten du. Agian, ez du errebotean sartuko; Irribarriak eskuin askoz luzeagoa du esaterako, baina Danelena ere ez da nolanahikoa: bolea ona du, ondo biltzen du paretan, ondo mozten du... Ez genuen espero iaz buruz buru egin zuena, eta kostako zaio errepikatzea, baina aizu, egina dago.
Bukatzeko, zure kutuna. Rezustak laugarren finala jarraian. Ez da kasualitatea.
Kutuna? [barre egin du] Herrikoa da, eta gauza ederra da hori. Ikusten duzu Bergaran sortu duela berriro zaletasuna, ume asko hasten direla pilota eskolan, gero jarraitzea kostatzen bazaie ere... Eta haren maila. Lau urte segidan finalera, aurrelari ezberdinekin. Zerbait esan nahi du horrek. Baina ez bakarrik binakako txapelketan, harena urte osoko kontua da.
Eskuina du hobetzeko.
Bai, eta ezkerra ere bai. Beheko kolpe hori landu dezala nahi dugu. Konfiantza galtzen duenean albotik astintzen hasten da, eta albotik ematean indar handiagoa behar da, eta zailagoa da aurrelariari kentzea. Debutatu zuenetik aldea egin du, hala teknikoki nola fisikoki, baina oraindik baditu gauzak lantzeko. Oso saiatua da.
Egia al da esana diozula partida batean eskuinez hamar aldiz ematen badio afaria ordainduko diozula?
Behin bakarrik esan nion. Lehiaketa baliorik gabeko partida batean izan zen. Eta ez nion bazkaria ordaindu, ez zuelako hamar aldiz jo. Sei baino ez. Hor ikusten da bere burua, askotan partidak bere izaera lehiakorrarengatik irabazten ditu. Partida guztiak irabazi nahi ditu, berdin dio txapelketa izan edo udako jaialdi bat Salamancan [Espainia]. Hori ona da, baina niri gustatuko litzaidake partida «arruntagoetan» eskuinez gehiago saiatuko balitz.
Pilota. Binakako Txapelketako finala. Jokin Etxaniz. Aspeko kirol zuzendaria
«Ikusteko dago egungoak Irujo bezain ondo ariko diren»
Jokin Etxanizek ez du onartu nahi, baina Asperen azken urteetako kirol arrakastaren gako handietako bat da haren lana. Teknikariak dio meritu guztia pilotariena dela, eta eskuragai dituzten baliabideena: «Gure garaian guk ez genuen inor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu