Futbolari baten ibilbidean ezohikoa da Olinpiar Jokoetan aritzea. Aukera hori izateko, baldintza jakin batzuek bat egin behar dute bidegurutzean: jokatzeko adinean izatea, hautatua izatea eta norbere taldeak sailkatzea lortzea, besteak beste. Jon Moncayola (Garinoain, Nafarroa, 1998) lortu dutenen zakuan dago, eta ez hori bakarrik: urrea lortzeko lehian ariko da gaur (13:30), Brasilen aurka. Osasunako erdilariak Espainiako selekzioarekin jokatuko du.
Olinpiar Jokoetako urrezko domina lortzetik urrats bakarrera zaudete. Zer esanahi du horrek zuretzat?
Esperientzia berri bat bizitzea eta amets bat betetzea da. Beste edozein txapelketarekin alderatuta, ezberdina da: finaleko irabazlea txapelduna izaten da, eta beste taldea galtzaile baten pareko geratzen da. Hemen, ez: dominak banatzen direnez, sari ziurra dugu, nahiz eta, normala den moduan, urrea eskuratu nahi dugun.
Orain artean nolako txapelketa jokatu duzue?
Partida gehienetan nagusi izan gara baloi jabetzari eta sortutako gol aukerei dagokienez. Batzuetan, gol gehiago sartzeko aukerak galdu ditugu, baina oro har ondo aritu gara, eta horregatik gaude finalerako sailkatuta.
Finalaren atarian, zer-nolako sentipenak dituzu?
Txapelketa osoan izandakoen antzekoak. Ez nago urduri. Partida iristeko amorratzen nago, ahalik eta onena emateko. Gauzak egin behar diren moduan eginda, urrea lortzeko aukerak izango ditugu. Halere, uste dut, gure taldearekin batera, Brasil dela txapelketako talderik indartsuena. Ikuskizunari dagokionez, egon daitekeen finalik onena da, eta garaipenaren bila goaz.
Brasil nolako aurkaria da, ba?
Jende oso ona du, eta izen handikoa. Ibilbide luzekoa ere bai, Dani Alves kapitaina adibidez. Zaila izango da, baina guk langa goian jarri behar diegu, eta ikusiko dugu gainditzeko gai diren. Hortik aterako da txapelduna.
Zeintzuk izan daitezke partidako gakoak?
Gure aldetik, orain artekoaren segida bat izan behar du. Baloia edukitzen saiatu behar dugu, eta gure jokoa egiten. Hortik aurrera, gol aukerak sortzea eta markagailuan aurrea hartzea izango dira gakoak. Ikusiko dugu lortzen dugun. Detaileak zaintzea ere garrantzitsua izango da.
Zenbait kanporaketa justu antzean igaro dituzue. Zer hausnarketa egin duzue?
Bai, egia da gutako batzuentzat sasoi-aurrea dela hau, eta horrek eragina izan duela. Gainera, hezetasun handia dago, eta, beste herrialde batean gaudenez, ohiturak ere ezberdinak dira. Ordutegietara ohitzea zaila egin zaigu. Ordea, taldea indartsu aritu da atzean, eta hortik ekinda egin du aurrera. Kontuan hartu behar da aurkariak ere bere jokalariak izaten dituela, bere jokamoldea, eta espero baino zailago jar ditzakeela gauzak.
Brasilek penalti jaurtiketetan lortu zuen finalaurrekoa gainditzea [0-0 egin zuen Mexikorekin]. Aldeko zaizue hori?
Tira, ez genion jaramon handirik egin. Partida hori gure finalaurrekoaren atarian jokatu zen, eta penaltiak soilik ikusi genituen. Ez genion horri erreparatu, edozein sailkatuta ere ez genekielako guk zer partida jokatuko genuen: urrearen lehiakoa, edo brontzearena. Behin sailkatu eta gero aztertu dugu Brasil, nola egin diezaiokegun aurre. Brasil, izenarengatik eta historiarengatik, aurkaririk zailenetako bat da.
Zer da Olinpiar Jokoetan jokatzea?
Gauza ederra da. Olinpiar Hirian egotea, beste kirolariekin egotea, munduko onenekin leku berean egotea... Oso polita da hori. Egia da koronabirusaren gaiak gauza asko galarazi dizkigula. Bestelako txapelketak ikustera joatea, esaterako. Hori oso polita izango zen, baina tira, bestela ere ondo dago. Futbolari baten ibilbidean oso zaila da berriz jokatzea, ia errepikaezina, eta gozatzen ari gara. Ez dugu ahaztuko.
Osasunaren ordezkaria zara Olinpiar Jokoetan. Harro egotekoa da?
Bai. Osasunaren ordezkaria naiz, nire herrikoa, nire lagunena... Hemen baldin banago, nire kideen eta familiaren laguntzagatik da. Esperientzia nik bizi izango dut, baina haiengatik ere bada, eta itzultzean ospatuko dugu denona den saria.
Olinpiar Jokoetara joan aurretik oporretan izan zinen, eta sasoi-aurrean Japonian zara. Nola bizi izan duzu?
Arraroa izan da; dena azkarregi joan den sentipena dut. Oporretan nengoen, eta egun gutxitan entrenatzaileek deitu ninduten, ohartaraziz hautatua izan nintekeela, eta Madrildik oso urrun ez egoteko esanaz, ekainaren 30erako deituko gintuztela eta. Sasoi-aurre moduko bat egin genuen, eta arraroa izan zen. Gero, guztiok batu ginenetik dena ondo joan da, eta eskerrak. Orain, urrea nahi dugu.
Japonian aritzeak Eurokopan egon ez izana samurtu dizu? [Lehiaketako deialdian zela positibo eman zuen koronabirusean].
Bai, beste aukera moduko bat da. Askotan ez da halakorik gertatzen, eta badut sentipen hori.
Osasunarekin 2019ko abuztuaren 17an jokatu zenuen estreinakoz: ez dira bi urte bete, eta Olinpiar Jokoen finalean zaude jada. Azkar igaro zaizu denbora?
Ez nuen horrela pentsatu, baina egia da. Eta bi hilabete lehenago Hirugarren Mailan ari nintzen, Osasuna B-rekin. Batzuek badute segituan heltzeko zortea; ni urratsez urrats joan naiz, eta uste dut modurik onena dela. Hain azkar igarotzean, ez duzu pentsatzen.
Osasunan berehala hartu duzu erreferentzialtasuna.
Baliteke, eta kontratua berritu dudanetik, gehiago. Hori nahi nuen: klubean garrantzitsua izan. Etxean bezala inon ez da egoten. Ea dena nahi bezala joaten zaigun aurrerantzean.
Hamar urtez berritu duzu kontratua. Osasunaren proiektuaren zutarria izan nahi duzu?
Proiektua gustatzen zitzaidan, eta, [Braulio Vazquez] kirol zuzendariarekin hizketan, esan nion nahi nuena etxean segitzea zela. Gauza garrantzitsuak lortu nahi ditugu, baina ni ez naiz inor baino garrantzitsuagoa. Uste dut horrela segituz gero gora begira jar gaitezkeela.
Finala jokatu orduko itzuliko zara Iruñera?
Bai, segituan hasiko naiz. Hiru astez egon naiz oporretan, eta nahikoa dut. Epe laburreko helburua urrezko domina dut. Gero, Osasunarekin denboraldi ona egitea. Iaz aise salbatu ginen; hori lortu, eta gora begiratu nahi dugu.
Tokio 2020. Jon Moncayola. Osasunako jokalaria
«Ikuskizunari dagokionez, jokatu daitekeen finalik onena da»
Olinpiar Jokoetako urrezko domina da Jon Moncayolaren xedea. Osasunako jokalariak dio aukera «ia errepikaezin» bat daukatela, eta Brasil arerio «indartsua» izango dutela ohartarazi du. Japoniatik itzuli orduko Osasunarekin entrenatzen hasiko da, sasoi berria helburu duela: «Klubean garrantzitsu izan nahi dut. Etxean bezala ez da inon egoten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu