Arrauna

Ikuskizunaren eta segurtasunaren artean

Itsaso zakarraren eraginez, ataka zailean egon ziren arraunlariak joan den igandean, Euskadiko Txapelketan.

Orioko emakumeen trainerua estropada betean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Orioko emakumeen trainerua estropada betean. ANDONI CANELLADA / FOKU
pettan uralde
2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

Arraunzale orok gogoan izango du 2017ko Kontxako Bandera. Olatu gainean hegan egin zuten arraunlariek, eta nekez ahaztuko diren irudiak utzi zituen estropadak. Bada, aurreko igandean ere horrelako irudiak utzi zituen Euskadiko Traineru Txapelketak. Agertoki berberean izan zen, Kontxako badian; itsaso zakarrak eta haizeak bat egin zuten, eta, horren eraginez, arraunlariak estu eta larri ibili ziren. Horietako bi izan ziren Beñat Eizagirre Ondarroako arraunlaria (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) eta Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-ekoa (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1999).

Euskadiko Traineru Txapelketaren irudiak. EITB MEDIA

 

Uribarrenak estropadaren parte handi bat arraunik gabe egin zuen, itzuliko luzearen hasieran arrauna erditik puskatu baitzitzaion. Aurretik, taldekide bati berbera pasatu zitzaion, eta ordezko arrauna ezin izan zuen erabili. «Arraunlariak ere nahi izaten du itsasoa pixka bat mugituta egotea; hori ere gustatzen zaigu. Baina gu Donostiako kaian ginen 10:30etik, eta mutilak estu ikusten genituen kai barrutik trainerua ateratzeko». Horrelako baldintzak daudenean, errespetua pizten zaio arraunlariari, azkenean «itsasoa itsasoa baita», eta bi aste barru Liga hasten baitute. «Bederatzi hilabete eman ditugu entrenatzen, eta orain keinu txar batengatik izorratu naiteke? Badakigu zein arrisku dituen itsasoak, eta ikusi zen estropadan arraun batzuk puskatu zirela, batzuek kolpeak hartu zituztela, eta beste batzuk min hartuta atera zirela uretatik».

«Beteranoak eta mutilak modu berean atera ziren uretara: neskok, ordea, uretan jakin genuen erlojupekoa izango zela. Inprobisazio horrek sortzen du arriskua».

XUBANE URIBARRENAArraun Lagunak-eko arraunlaria

Eizagirrek ere izan zuen gorabeherarik. Aurrekalaria da, eta txaluparen brankan aritzen da. Estropada hasieran, olatu batek trainerua altxatu zuen, eta erorketa handia izan zuen. Sekulako kolpea jaso zuen Eizagirrek, eta bere tosta puskatu egin zen. Hala ere, leundu egin nahi izan du gertatutakoa. «Irudiak ikustean, ematen du benetan gertatu zena baino larriagoa izan zela. Momentuan kolpe gogorra izan zen, eta minduta geratu nintzen, baina astelehenerako hobeto nengoen. Urradurak ditudan arren, jada uretara ateratzeko moduan nago».

Hala ere, ez zen estropada era egokian jokatzeko gai izan. «Kolpea hartu nuenean, tosta puskatu egin zen, eta makurtuta geratu nintzen minez. Hasiera batean, ez nuen arraunean jarraitzeko intentziorik, baina, hortik minutu batera, nire aurrean zihoan tostakideari ere tosta puskatu zitzaion, eta ahalegina egin nuen nola edo hala arraunean jarraitzeko. Minez zaude, baina itsasoan boteka jarraitzen duzu, eta mina handituz doa». 24 minutu eman zituen olatuen kolpe artean. Ez zen «eroso» egon, baina «ahalik eta hobekien moldatzen» saiatu zen.

«Irudiak ikustean, ematen du benetan gertatu zena baino larriagoa izan zela. Momentuan kolpe gogorra izan zen, eta minduta geratu nintzen, baina astelehenerako hobeto nengoen».

BEÑAT EIZAGIRREOndarroako arraunlaria

Polemika piztu dute igandeko irudiek. Hain zuzen ere, batzuek esan dute ikuskizuna segurtasunaren aurretik jarri dutela; beste batzuek, ordea, arraunaren betiko xarma horixe dela. Uribarrenak ez du polemika areagotu nahi, baina berak argi dauka antolatzaileei ez zaiela «batere komeni» ezbeharrik gertatzea. «Azkenean, badakigu arrauna zer den, eta itsaso zakar batek zer ematen dion kirol honi. Niri ez dit amorrua ematen segurtasuna ez bermatzeak, uste baitut ia beti daukagula. Nik salatzen dudana da ez dugula ia inoiz B plan bat. Coruñan ikusi zen [iazko ligako lehen estropadan], eta asteburu honetan ikusi da. Beteranoak eta mutilak modu berean atera ziren uretara; neskok, ordea, uretan jakin genuen erlojupekoa izango zela. Uste dut inprobisazio horrek sortzen duela arriskua».

Biak ados daude: segurtasuna eta ikuskizuna biak bermatu behar dira. Eizagirreren arabera, horrelako estropadek ikusleak erakartzen dituzte, eta arraunari «xarma» ematen diote. «Horrelako estropadak dira gerora gogoratzen direnak; 2017ko Kontxako estropada bezala. Azken hogei urteetan oso istripu larri gutxi gertatu dira, eta uste dut segurtasuna bermatzen jarraitu behar dugula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.