Futbola

Ikuskizuna baino gehiago

Gerard Pique futbolari ohiaren Kosmos enpresak Kings League lehia sortu du, eta 'streamer' ezagunak bildu ditu, baita futbolari ohiak eta amateurrak ere. Ohiko arauak alde batera utzi, eta arrakasta handia izan du sareetan.

1. Finala. Camp Nou futbol zelaian jokatu zen Kings League lehiaketako finala, eta harmailak bete egin ziren. MARTA PEREZ / EFE.
pettan uralde
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

Azkenaldian ez zen sare sozialak astindu, streaming plataformak geldiarazi eta estadio batean sarrera guztiak saltzeko gai zen fenomenorik. Munduko Kopak ere ez ditu ezaugarri horiek izan. Formatu berri batek lortu du hori guztia, arriskuak hartu eta ereduak apurtuta: Kings League txapelketak.

Arreta eta eztabaida handia sortu du futbolaren munduan, haren helburuak eta egitura direla eta. Batzuek uste dute Espainiako Ligaren ordezko lehiaketa bat sortzea modu bat izan daitekeela futbolean ekitatea eta justizia hobetzeko; beste batzuk, berriz, eszeptiko agertu dira liga berri horren bideragarritasunaren eta benetako eraginaren inguruan. Berrikuntza teknologikoaren eta negozio eredu horren inguruan hausnartu du Osoigo atari digitalaren sortzaile Xabi Muruak (Donostia, Gipuzkoa, 1995).

Ikusi gehiago:Sara Olaizola, Queens League lehiaketako jokalaria: «Esperientzia polita izatea espero dut; ez nabil kirol aukeren bila»

Hamabi taldek parte hartu dute txapelketan. Partidak zuzenean eman dituzte Twitch bidez, eta Tik Tok eta Youtube sare sozialetan, besteak beste. Arauak oso desberdinak dira ohiko futbolekoekin alderatuta. Ez dago berdinketarik, eta, partida berdinketarekin amaituz gero, penaltiak jaurtitzen dira. Txartel horia ateraz gero, jokalariak bi minutuko zigorra izango du; gorria ateraz gero, bost minutukoa. Partidek 20 minutuko bi zati dituzte. Talde bakoitzak karta sekretu bat du, partida aurretik zoriz aukeratzen duena. Partidan behin erabil dezake. Besteak beste, aldeko penaltia, aurkari bat bi minutuz kanporatzea eta beste jasotzen dira karta horietan. Gainera, jokalariak draft batean aukeratzen dituzte, eta goreneko mailetan aritutako jokalariek ere parte hartu dute txapelketan. Taldeetako arduradun lanetan, berriz, streamer ezagunak aritu dira. Hori guztia izan da arrakastaren gakoetako bat.

Aurtengo aldiaren finala Camp Noun jokatu zuten, martxoaren 26an, eta 92.522 zale bildu ziren harmailetan. 2,2 milioi pertsonak ikusi zuten partida sare sozialetan. Muruak azpimarra egin du: «Aspalditik egosten ari zen fenomeno baten gorengo unea izan zen. Ibai Llanosek eta beste streamer batzuek hasi zuten, eta azken bi urteetan egia bihurtu da. Ulertu dute masak erakartzeko produktu eta formatu berriak bilatu behar dituztela. Horietako bat da Kings League txapelketa».

2022ko azaroan aurkeztu zuten lehiaketa, eta zalantzan bazegoen ere arrakasta izango ote zuten, berehala uxatu dituzte dudak. «Milioika pertsonengana iristeko ahalmena duten streamer-ak batu dituzte produktu bakar batean, eta, hasieran marka gutxi batzuk lortu bazituzten ere, ikusleen fideltasuna ziurtatua zuten. Arrakasta ikusita, nazioarteko marka handiak sartu dira, eta produktu biral bilakatu da».

Ikusi gehiago:David Lopez, Kings League lehiaketako jokalaria: «Ikuskizun kutsu nabarmena du, baina kalitate handia dago»

Duela urte batzuk, eztabaida handia sortu zen Ibai Llanosen irudiaren inguruan. Marka handiak gainditu zituen, eta kate konbentzionalek irainak eta mehatxuak egin zizkioten. Muruak dio sortzaile horiek erreferenteak direla jadanik. «Erreferenteak aldatzen ari dira, gazteen eta ez hain gazteen artean. Kings League lehia 2,2 milioi pertsonak ikusi zuten, eta Camp Noun bertan ere familia asko izan ziren. Belaunaldi gazteetatik harago doa, eta online plataformetan lortu dutena kanal konbentzionaletan ere eragiten ari dira».

Berritasun ugari ekarri ditu produktu edo formatu horrek. Muruaren hitzetan, ikuslea «aktibo» bilatzea izan da gakoetako bat. «Ohiko futbolean, ikuslea beti izan da pasiboa. Baina Twich plataformek elkarrizketarako tresnak dituzte, eta harreman horrek ikusleria aktibo bilakatzen du. Telebista konbentzionalak orain ulertu du hori, eta, adibidez, eduki guztiak digitalizatzen ari dira. Funtsezkoa da hori».

Bide beretik jarraituz, Muruak dio komunitate bat sortzea ere ezinbestekoa izan dela txapelketak arrakasta izateko. «Komunitate bat sortu da, plataforma hauetan streamer edo sortzaile guztiekin gertatzen den bezala. Hori izan da beste gakoetako bat. Komunitate digitalak sortzen dira, eta telebista tradizionalak ez du inoiz halakorik izan».

Maiatzaren 6an, emakumeen txapelketa hasiko da:Queens League. Kings League lehiaren formatu bera izango du, «Azken urteetan, gorakada izan du emakumeen futbolak, eta hori beste aurrerapauso bat da», Muruaren ustez. Lehiaketa ez ezik entretenimendua formatu bat dela kontuan izanda, nabarmendu du arrakasta handia izan dezakeela, eta jende asko erakarriko duela.

Asko hitz egin da lehiaketa honen etorkizunaz. Badirudi Latinoamerikan ere egingo dela, eta denen ahotan dabil Europako beste herrialdeetan ere antolatuko dela laster. Muruaren ustetan, aukera asko daude horretarako. «Hamabi talde, kiroldegi bat eta plataforma bidez igortzea. Baliabide gutxi behar dira, eta oso erraz kopiatu daiteke formatua. Jada badaude zurrumurruak honen inguruan, eta ez dut zalantzarik: beste leku batzuetan ere egingo da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.