Osasunarekin eta Athleticekin Lehen Mailan jokatzeko aukera izan zuen David Lopezek (Logroño, 1982). Espainiako Futbol Federazioaren Hirugarren Mailan jokatzen du orain, Caravacan. Kings League txapelketaren lehen aldian parte hartu du. «Edozein futbolari ohiri aholkatuko nioke parte hartzeko».
Ikusi gehiago: Ikuskizuna baino gehiago
Nola sortu zitzaizun Kings League txapelketan parte hartzeko aukera?
Nik hasieratik ikusten nuen. Athleticen taldekide izandako Fernando Llorenterekin asko hitz egiten nuen. Gerard Piquek —Bartzelonako jokalari ohia eta txapelketako arduraduna—Kings League lehiaren inguruan egiten duten Twicheko programara gonbidatu zuen Fernando. Horren ostean, parte hartzea proposatu zion. Baina ezin zen Lauko Finalean egon, eta, nik gogoa nuela jakinda, antolatzaileei telefonoa pasatu, eta aukera eman zidaten.
Zerk erakartzen zintuen?
Txapelketa diferentea izateak, bai kirolaren eta bai ikuskizunaren ikuspegitik. Nik beti jokatu izan dut futbolean, baina lehia horrek ez du zerikusirik ohiko futbolarekin. Ikuskizun kutsu nabarmena du, eta 40 minutuan tentsioan zaude arauengatik: kartak, dadoa.. Txapelketa oso ondo antolatuta dago.
Hurrengo aldian ere parte hartzeko asmoa duzu?
Bai. Uztailetik aurrera berriz hasiko da, eta ahal badut, hartan izango naiz.
Ohiko futbolari zer-nolako ekarpena egin diezaioke halako txapelketa batek?
Uste dut ohiko futbola oso errotuta dagoela, eta zaila da halako txapelketa batek ekarpenik egitea. Baina bai ikuskizun gisa. Uste dut futbola gustuko ez dutenak ere erakar ditzakeela. Piquek asmatu egin du.
Lauko Finalaren zer oroitzapen duzu?
Nahiz eta finalerdietan kanpoan geratu, polita, Camp Noun izan zelako. Urteak dira ez dudala Lehen Mailan jokatzen, eta ez nuen espero berriro ere halako zelai batean jokatzeko aukera izatea. Nire taldekide gehienak han jokatu gabeak ziren, eta ederra izan zen haien ilusioa ikustea.
Futbolari ohiei gomendatuko zenieke parte hartzea?
Batzuekin hitz egin dut, eta esan diet esperientzia zoragarria dela, eta ahal badute animatzeko.
Zuretzat zer du gehiago: ikuskizunetik edo kiroletik?
Parean daudela esango nuke. Izan ere, ikuskizuna handia da, eta kanpotik pentsa daiteke arlo hori dela nagusi. Nik ere hala uste nuen hasieran. Baina, Lauko Finalera iritsi nintzenean, zera esan zidaten: adi egoteko, kalitatea eta erritmoa handia dela. Eta jokatzean hori bera berretsi nuen.
Ikusi gehiago:Sara Olaizola, Queens League lehiaketako jokalaria: «Esperientzia polita izatea espero dut; ez nabil kirol aukeren bila»
David Lopez. Kings League lehiaketako jokalaria
«Ikuskizun kutsu nabarmena du, baina kalitate handia dago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu