Eider Merino. Movistarreko txirrindularia

«Ikusi dugu ez garela uste bezain txikiak»

Eider Merinok bigarren denboraldia du Movistar taldean. «Hazten» jarraitu nahi du, baina badaki ez dela erraza izango iazkoa hobetzea. «Sasoi ikaragarria egin nuen».

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herriko 11 txirrindulari lehiatuko dira asteburu honetan abiatuko den World Tourrean. Horietako bat da Eider Merino (Balmaseda, Bizkaia, 1994). Iaz, Lointek taldetik [Sopela taldea da orain] Movistar sortu berrira joan zen, eta ez zaio damutu aldaketa. Izan ere, «txirrindulari profesional» bihurtu da, eta errendimendu aldetik «beste koska bat» igo du. Emakumezkoen txirrindularitza «bide onean» doala uste du.

Sasoiko hasi duzu denboraldia:duela bi aste, laugarren postuan sailkatu zinen Valentziako Itzulian.

Iaz baino apur bat hobeto nago. Lehen lasterketara itsu-itsuan joaten zara, baina gauzak ondo atera dira. Taldeak, oro har, zorte txarra izan du, hainbat txirrindulari erori egin baitira. Sailkapen nagusian laugarren bukatu izana, ordea, pozik egoteko modukoa da. Neure burua sasoiko ikusten dut, prestakuntza ona egin ostean.

Bigarren denboraldia izango duzu Movistarren. Lehenengoa zer moduz joan zen?

Ikaragarria izan zen. Nire lehen etapa garaipena lortu nuen Ardecheko Itzulian, Espainiako Txapelketa ere irabazi nuen, eta, orokorrean, dena nahi bezala irten zitzaidan. Lointek taldean egin nuen azken urtean, buru-belarri aritu nintzen txirrindularitzan, behin ikasketak amaitu nituenean; eta nabaritu nuen aldaketa. Bada, Movistarren beste koska bat igo dudala esan daiteke.

Zer alde dago Lointek eta Movistar taldeen artean?

Alde nagusia da Movistarren ziurtatua duzula World Tourreko proba guztietan parte hartu ahal izatea. Lointeken, zortea izan behar zenuen nazioarteko egutegia edukitzeko. Materialari dagokionez, berriz, ez nuen kexarik. Gainera, talde txikia zenez, familia baten modukoa zen. Inon baino hobeto egon naiz han. Movistarren, ordea, askoz ere baliabide gehiago dituzu. Asko eskertu nuen Movistar sortu izana, bestela atzerrira joan beharko bainuen, bere garaian Ane Santestebanek egin bezala.

Orain, txirrindulari profesionala zarela esan dezakezu?

Bai, orain soldata bat daukat. Egoera hobera ari da egiten, eta ematen du 2020tik aurrera gutxieneko soldata ezarriko duela UCIk [Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunak]. Hori oso baikorra da, betiere neurria soilik gorengo mailako taldeei ezartzen bazaie. Talde txikiei ere ezarriz gero, desagertu egingo lirateke asko. Hasieran behintzat, salbuespenak egingo nituzke.

Talde oso indartsua izango duzue aurten. Bizkarrezurra mantendu duzue, eta txirrindulari azkarrak fitxatu dituzue; tartean, Sheyla Gutierrez eta Roxanne Fournier. Zer itxura hartzen diozu taldeari?

Iaz garbi ikusi zen talde oso ona geneukala, baina esprintetarako norbait behar genuen. Roxanne fitxatuta, bete dugu hutsune hori. Sheylak ere abiadura handia du. Hortaz, talde osoagoa dugu aurten. Mavi [Garcia] eta biok ondo moldatzen gara astebeteko itzulietan, eta klasikoetarako ere jende egokia dugu. Hau da, edozein ibilbidetan izan gaitezke aurre-aurrean.

Zeure burua gai ikusten duzu iazko maila hobetzeko?

Kirolari gisa, beti nahi duzu hazten jarraitu. Inork ez du atzera egin nahi. Mailari eustea ez litzateke gaizki egongo, baina anbizioa eduki behar da. Garbi dugu nazioartean punta-puntan aritzeko gai garela. Pauso handia eman dugu pentsamolde aldetik: ikusi dugu ez garela uste bezain txikiak.

Zer helburu zehatz izango duzu aurten?

Igotzailea izanda, egutegia labur gelditzen zait. Emakumeen Bira beti izaten dut jomugan, eta gero Italiako Giroari eta Ardecheko Itzuliari ere erreparatzen diet. Lasterketa horiek egokitzen dira ondoen nire ezaugarrietara.

Giroan zortzigarren izan zinen iaz. Aurten podiumaz hitz egitea erokeria da?

Podiuma urrun ikusten dut oraindik. Iazko postua sekulakoa izan zen. Ia nahi gabe iritsi zen. Oso polita da halako ezustekoak jasotzea. Orain, anbizioa izan behar dut, baina gehiegizko aurreikuspenak egin gabe. Bestela, kolpe handia jaso dezakezu. Lehen gauza sentipen onak izatea da.

Eta Emakumeen Biran zer helburu izango duzu? Iaz, hamaseigarren izan zinen sailkapen nagusian, baina, orain dela bi urte, laugarren.

Iaz, lesio batetik iritsi nintzen, eta taldekideei laguntzea izan nuen helburu. Aurtengo ibilbidea gogorra izango da ziurrenik, urtero bezala, eta polita izango litzateke berriz ere aurrean izatea. Hori bai, ez dakit taldeburu gisa joango naizen. Sasoiaren araberakoa izango da.

Gaur-gaurkoz, nola ikusten duzu Euskal Herriko txirrindularitza?

Beti izan dugu maila oso ona, Espainiako estatuko onena, esango nuke nik. Orain, Movistarren bi euskaldun gaude, Lourdes [Oiarbide] eta biok. Galbahea junior mailan dago. Aurretik txirrindulari asko ibiltzen dira, baina gero ez dira asko gelditzen. Movistarrekin, joera aldatu daiteke. Izan ere, emakumeek orain badute aukera bidea egiteko.

Asteburu honetan abiatuko da World Tourreko egutegia. Zein da, teorian, talderik indartsuena?

Zorionez, aurten talde berriak sortu dira, eta txirrindularirik onenak sakabanatu egin dira. Iaz, Boels Dolmans taldea zen indartsuena, baina aurten oreka handiagoa egongo da. Adibidez, Trek taldea berriki sortu da, eta sekulako ziklistak ditu. Sunweb, Canyon eta CCC ere hor daude, Boels ere bai... Denek dute oso maila ona; ez nuke jakingo bat aukeratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.