Garaipenekin hasi zuen Helene Alberdik aurtengo triatloiko sasoia, eta hala jarraitu du ordutik. Maiatzean, Iruñean Distantzia Erdiko Espainiako domina eskuratu zuen; joan den larunbatean, berriz, Distantzia Erdiko Europako lasterketan muga zeharkatzen lehena izan zen, Bilbon. Lehendabiziko aldia zuen Alberdik Europa mailako triatloi batean, eta urrezko domina eskuetan zuela amaitu zuen. Lasterkari guztiak atzean zituela hasi zuen triatloia; lehena atera zen Bilboko itsasadarretik, 1.900 metro igeri egin ostean. Raquel Rocha portugaldarrak aurrea hartu zion bizikletaz —82,5 kilometroko ibilbidea zuten—. Hirugarren eta azken zatian buelta eman zion bilbotarrak: korrika eginez, lehen postuan jarri eta helmuga zeharkatu zuen—18,4 kilometro egin zituzten lasterka—.
Ikusmina, ordea, Alberdik Twitter sare sozialean txiokatu duen mezu batek eragin du. Igandeko ordu txikietan argazki bat igo zuen, garaipena ospatuz. Argazkian Alberdi agertzen da, bizkarrez. Besoak zabalik ditu, eta ikurrina bat ari da ukitzen, seguruenik ikusleren batek luzatuta. Triatloizale batek ondorengoa erantzun zion txio bidez: «Pena ikurrina hori lurrean gelditu izana».
Triatloilari bilbotarrak aitortu du Ikurrina erortzen uztea ez zela izan ustekabez harturiko erabakia. Hala esan zion zaleari: «Pena bai, baina hartu izan banu ez nintzateke Europako txapelduna izango...».
Ikusi gehiago:Ikurrina eta Nafarroako bandera eskuetan helmugaratu da Juan Martin Elexpuru
Ez da antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia. Irailaren 17an, beteranoen Europako Duatloi Txapelketan egin zuten, Bilbon hori ere. Juan Martin Elexpuruk uko egin zion Espainiako jantziak eramateari, eta are gehiago: ikurrinarekin eta Nafarroako bandera eskuetan zituela zeharkatu zuen helmuga. «Ez du merezi duintasuna horrela galtzea, eta noizean behin hortzak erakutsi behar dira. Eta kaleratzen bagaituzte, zer egingo diogu!», adierazi zion BERRIAri. Gu Ere Bai euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko elkarteak babesa eman zion Elexpururi, eta gonbita egin zien euskal kirolariei berdin egin zezaten.