Sasoi betean dago Jonas Vingegaard (Jumbo Visma). Iaz nagusitasunez irabazi zuen Tourra, eta aurten Euskal Herrian hasiko den lasterketa irabazteko hautagai nagusietako bat da. Dauphinen, txikitu egin ditu aurkari denak, eta zalantza gutxi dago Tourrean emango duen mailaren inguruan. Teorian, Tadej Pogacar (UAE) da aurre egin diezaiokeen bakarra. Esloveniarrak bi Tour ditu irabaziak dagoeneko, eta ziklismoa bere egin duen gazte multzoaren ikur nagusia da. Denboraldi hasiera harrigarria osatu zuen, besteak beste Paris-Niza, Flandriako Tourra, Amstel Gold Race eta Fleche Wallonne irabazita. Alabaina, erori egin zen Lieja-Bastogne-Liejan, eta harridura marka galdera marka bihurtu. Eskumuturra apurtu eta ia bi hilabetez dortsalik jarri gabe egon ondoren, gai izango al da Tourrean indar betean lehiatzeko? Prest du gorputza? Eta burua?
Baiezkoan dago Joseba Elgezabal, UAE taldeko liderraren masajista. Aitortu du ez dela prozesu erraza izan, hasieran «zalantza asko» zeudelako. «Hiru astez egon zen bizikletan ibili gabe. Ezin zuen eskua heldulekuan bermatu. Konfiantza galdu zuen, eta gogorrak izan ziren lehen entrenamenduak». Haatik, buelta eman ahal izan dio egoerari. Osatze prozesua «behar bezalakoa» izan dela ziurtatu du Elgezabalek. «Bi kontzentrazio egin ditu altueran: bata Sierra Nevadan, eta bestea Sestrieren. Asko hobetu du lehen egunetik, eta konfiantza handia hartu du fisikoki eta mentalki. Izan ere, oso entrenamendu onak egin ditu egunero, eta datuak bikainak izan dira». Hortaz, Pogacar «oso ondo» iritsiko da Tourrera. «Betiko Tadej ikusiko dugu. Gainera, Tourra oso lasterketa luzea da».
Aurten, baina, faboritoek hasieratik eman beharko dute aurpegia. Bihurriak dira Euskal Herrian jokatuko diren etapak, eta gero, Pirinioak datoz. Pogacar soilik Esloveniako Txapelketan lehiatuta iritsiko da; hortaz, kosta egin dakioke lasterketari neurria hartzea? «Nik ez dut zalantzarik. Entrenamenduek lasterketa itxura izan dute, eta Tourrera sasoi onean iristea izan da prestaketaren helburua. Prest dagoela diostate haren hankek», erantzun du Elgezabalek. Areago, gutxi lehiatuta iristea onuragarria izan daiteke Pogacarrentzat. «Iaz baino freskoago iritsiko da, fisikoki nahiz mentalki. Iazko Tourra sekulako sasoian hasi zuen, baina gero Vingegaardek gora egin zuen, eta Tadejek ez. Oraingoan, ordea, hobera egingo du egunetik egunera».
Ezbeharrik ez izateko, UAEk Pogacar Dauphinera ez eramatea erabaki zuen. Alde horretatik, prest dago esloveniarraren eskumuturra hiru asteko lasterketa bati eusteko? «Funtsezkoa izango da erorikorik ez izatea. Beldurra dugu horrekin, eta Tourraren aurretik arriskurik ez hartzeko apustua egin dugu. Nahikoa arazo izan dugu dagoeneko».
Indar betean egonda ere, zinez erronka zaila izango da Vingegaard menderatzea. Danimarkarraren azken erakustaldiek uzkurtu egin dute Pogacar? Elgezabalek garbi du ezetz. «Jendea jada ez da oroitzen, baina Paris-Nizan aise irabazi zion Tadejek, nahiz eta Vingegaard askoz ere prestaketa zorrotzagoa eginda iritsi. Kontuan hartzeko moduko erreferentzia da, nire ustez».
Iazko akatsak ikasgai
Pogacar Tourreko hirugarren garaipena kateatzen saiatu zen iaz, baina ondo gainetik izan zuen Jumbo Visma taldeko liderra. Hori «mugarria» izan zen UAErentzat, Elgezabalek azaldu duenez. «Akats batzuk egin genituen, eta ikasteko eta talde gisa hobetzeko baliatu ditugu. Munduko ziklistarik onena eduki arren, ikusi dugu ezin gaitezkeela lo gelditu. Beste taldeek ere oso gogor egiten dute lan, eta aurrera begira egon behar duzu beti».
Alpeetako etapak eta erlojupekoa bertatik bertara ikuskatu dituzte, eta lasterketa hasi aurretik Euskal Herriko etapen azterketa ere egitekoak dira. «Lehen begi kolpean, etapa gogorrak iruditzen zaizkit, eta ziklista guztiak oso gogotsu eta fresko egongo dira. Aurrean egon nahiko du mundu guztiak, eta telebistan ikusteko ederra izango da». Atzerapenik ez izaten saiatuko da Pogacar. «Ez dakit irabazteko moduan egongo den, baina gutxienez aurrean egon eta denborarik ez galtzea izango da helburua».
Elgezabalentzat «ikaragarria» da Euskal Herrian jokatuko diren etapak barrutik bizi ahal izatea. «Kirol mailan, ezin dut gehiago eskatu. Ametsetan ere ez nuen pentsatzen halako zerbait gertatuko zitzaidanik. Tourra da, izar handi batekin ari naiz lanean, eta familia eta lagunak inguruan izango ditut».
Taldeko langile guztiak ikusten ditu bereziki gogotsu. «Bosgarren urtea dut UAEn, eta jendeak beste motibazio bat duela nabari dut aurten. Euskal Herria toki berezia da ziklismoaren munduan, eta denontzat da itzela Tourra hiru egunez hemen egotea».
Ikurraren inguruko galderak
Pogacar ia batere lehiatu gabe iritsiko da Tourrera. Halere, Joseba Elgezabal UAEko izarraren masajista lasai dago, eta baikor da: «Prest dagoela diostate haren hankek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu