Futbola

Ikur dira zelaian eta kanpoan

Osasunaren eta Athleticen erasoko jokoan iparrorratz dira Aimar Oroz eta Oihan Sancet. Erdi-punta lanak egiten dituzte biek, baina ezberdinak dira: zelai erdian ibili ohi da Oroz, eta areatik gertuago Sancet. Aurrez aurre izango dira gaur, Sadarren.

Aimar Oroz-Oihan Sancet. JESUS DIGES-
Aimar Oroz eta Oihan Sancet, gol bat ospatzen. JESUS DIGES-QUIQUE GARCIA / EFE
jon eskudero
2024ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Haien bideak oraindik gurutzatu ez badira ere, badute antzekotasunik Aimar Orozen (Aratzuri, Nafarroa, 2001) eta Oihan Sanceten (Iruñea, 2000) kirol ibilbideek. Hamar kilometroren bueltan jaioak dira biak, urtebeteko aldea dute, eta, gazteak izanagatik ere, ezinbesteko jokalariak dira, Oroz Osasunan eta Sancet Athleticen. Biek egiten dituzte erdi-punta lanak, bien oinetatik igarotzen da taldearen erasoko jokoa, eta, batez ere, biak dira oso maitatuak zaleen artean. Zelai barruan eta kanpoan klubaren ikur bihurtu dira, besteak beste daukaten karismari eta euskararekiko erakutsi duten atxikimenduari esker. Bada, aurrez aurre izango dira gaur, Sadarren jokatuko duten derbian. Bi orduz alde batera utzi beharko dute laguntasuna, beraz.

Izan ere, inoiz elkarren taldekide izan ez arren, harremana badutela aitortu izan dute Orozek eta Sancetek. Hots, izan dute taldekide izateko aukerarik. Taxoareko harrobian haziak dira biak, baina, 15 urte zituela, maletak egin eta Bilborako bidea hartu zuen Sancetek. Hura urtebete zaharragoa izaki, Osasunako beheko mailetan ez zuten inoiz elkarrekin jokatu biek. Bizitzak, ordea, elkartzeko beste aukera bat eman die aurtengo udan, Athleticek saiakera egin baitzuen Oroz fitxatzeko. Nafarrak etxean jarraitzea erabaki zuen, ordea. Gainera, 2029ra arte luzatu berri diote kontratua. Sancetek ere luzerako lan hitzarmena du oraindik: 2032ra bitartekoa.

Ez da harritzekoa biak fitxatu nahi izatea beste talde batzuek, kalitate handiko jokalariak baitira. Nortasun handikoak, gainera. Hamaikakoen marrazkiari begiratuta, erdi-puntan kokatu ohi dira biak, baina haien jokatzeko erak ez du antz handirik. Oroz gehiago ibili ohi da zelai erdian, eta ezker hegalean ere jokatu izan du behin baino gehiagotan. Aurpegiz jokatzea gustatzen zaio gehienbat. Sancet, berriz, ligako jokalaririk onena da bizkarrez baloia hartu eta buelta erdia emanda aurkariak atzean uzten. Areatik gertuago ibiltzen da, bigarren aurrelari moduan ere aritu baita denboraldi honetan. Bi jokalariek erronka bat zutela aitortu zuten ligari ekin berritan: gol gehiago sartzea.

Zeregin horretan, antzu samar dabil Oroz, gol bakarra sartu baitu oraingoz. Las Palmasi sartu zion, irailaren erdialdean, seigarren jardunaldian. Halere, ezinbestekoa da Vicente Moreno entrenatzailearentzat. Datuek ez diote gezurrik. Osasunak hamazazpi partida jokatu ditu ligan orain arte, eta guztietan hasieratik aritu da. Guztira 1.391 minutu eman ditu jokoan. Espainiako Kopan ere ezinbestekoa izan zen haren parte hartzea, taldea kanpoan geratzeko modua eman baitzuen Ceutaren kontra. Fisikoki jokalari indartsua da Oroz, eta kalitate onekoa. Oraindik bi urte pasatxo daramatza lehen taldean, eta erabakiak hobeto hartzea falta zaio. Dena den, liderretako bat da Osasunan. Gaur-gaurkoz, jokalari erabakigarriena da, Ante Budimirrekin batera.

Sancet, distiratsu

Orozek baino datu hobeak ditu Sancetek. Kadete mailan Athleticera iritsi zenean, klubeko kirol arduradunek itxaropen handia zuten harengan, eta sasoi honetan ari da bere onena ematen nafarra. Jarraitutasuna falta zuen orain arte, baina, denboraldiaren lehen erdi honetan, distiratsua izan da haren lana. Guztira zortzi gol sartu ditu: zazpi ligan eta bat Europa ligan. Inoizko gehien. Pare bat buruhauste izan ditu lesio txiki batzuen ondorioz, baina badirudi neurria hartua diola jada Lehen Mailari. Denetarik dauka jokalari gisa: kontrola, buelta erdia, azken pasea, buruzko errematea eta gola.

Egun txarrak izan ohi ditu, eta berak ere aitortu du sarritan kontzentrazioa falta duela. Baina pauso bat eman du aurrera, eta, Nico Williamsekin batera, Athleticeko jokalari onena bihurtu da. Karisma berezia sortzen du zale zuri-gorriengan, eta, Europako talde handiak ate joka baditu ere, badirudi burua eta bihotza Bilbon dituela. Orozek Iruñean dituen bezalaxe. Ongi zaindu beharreko altxorrak dira biak Athleticentzat eta Osasunarentzat.

OSASUNA-ATHLETIC
Osasuna. Herrera; Areso, Boyomo, Herrando, Juan Cruz; Torro, Moncayola; Ruben Garcia, Aimar Oroz, Abel Bretones; eta Budimir.
Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Prados, Ruiz de Galarreta; Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
Epailea. Quintero Gonzalez.
Lekua. Sadar (23.516 ikusle).
Ordua. 18:30 (Dazn).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.