Iker Zabalak (Bermeo, Bizkaia, 1979) ez du Urdaibaiko entrenatzaile izaten jarraituko, eta horrekin, Bermeoko taldearen urrezko aro bat itxiko da. Duela hiru urte iritsi zen Santurtzitik, eta urtetik urtera garaipen zerrenda handitzen joan da prestatzaile bermeotarra. Azken urteetan hark gidatutako ontziek nagusitasunez menderatu dituzte traineru txapelketa nagusiak, eta ondare ahaztezina uzten ari da arraun munduan. Maitatua adina kritikatua izan da.
2016an hartu zuen erretiroa, eta berehala hasi zen prestatzaile lanetan; aurrena, Santurtzin. Egoera oso zailean zegoen Sotera, KAE 2 mailara jaitsi beharrean. Baina azken mailari eutsi zion bulegoetan. Zulo handienera erortzeko zorian izan zen, baina Zabalaren eskutik txapelketa irabazi zuen Eusko Label ligara itzultzeko. Bertan bi liga eta Kontxako Bandera bat irabazi zituen. Bereziki aipagarria izan zen 2021ean ontziak erakutsi zuen nagusitasuna.
Denboraldia amaitzerakoan Urdaibaik fitxatu zuen, eta herriko taldera itzuli zen. Bertan bizi izan ditu bere ibilbideko garai oparoenak. Bou Bizkaia-k nagusitasunez menperatu ditu txapelketa guztiak, eta hainbat titulu garrantzitsu irabazi ditu. Eusko Label Ligako eta Kontxako Banderako azken garaipenez gain, ligako garaipen errekorra ere gogoangarria izango da. Hamalau bandera lortu ditu aurten Urdaibaik. Hiru urte hauetan 32 bandera irabazi ditu ligan, eta hiru Kontxan. Gainera, hiru bider irabazi ditu Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak, eta behin Espainiakoa.
Entrenatzaile gisa, Santurtzirekin irabazi zuen liga lehen aldiz (2020), eta hurrengo denboraldian titulua errepikatu zuen. Urdaibairekin ere errenkadan irabazi ditu azken txapelketak (2022, 2023 eta 2024). Kontxako Banderan lau garaipen eskuratu ditu entrenatzaile moduan, Santurtzirekin 2021ean, eta azken hiruak Urdaibairekin, 2022, 2023 eta 2024ean.
Bermeoko arraun klubeko zuzendaritzak duela aste batzuk egin zion Zabalari kontratua berritzeko proposamena, baina eskaintza hori errefusatu egin du. Astebete hartu zuen erabakia hartzeko, eta herenegun jakinarazi zion klubari ez zuela jarraituko. Ez jarraitzeko hainbat arrazoi egon daitezke; batetik, azken urteetan ontzian aritu diren hainbat arraunlari beteranok erretiroa hartu nahi izatea; eta, bestetik, hurrengo denboralditik aurrera ezarriko den harrobiko arraunlarien arau berria. Taldea utziko duten horietako bat da Mikel Azkarate (Barakaldo, Bizkaia, 1988). Arraunlari zirela ezagutu zuen Zabala, eta ondoren bere entrenatzaile izan da.
«Harekin bizi izan ditut nire ibilbidearen azken sei urteak, eta irabazi dugun guztiaz konturatzea sekulakoa da. Kanpotik erraza ematen du agian, baina uste dut denborarekin balioa emango zaiola lortu dugun guztiari»
MIKEL AZKARATEUrdaibaiko arraunlaria
«2016an aritu ginen elkarrekin lehen aldiz, biak arraunlari moduan. Ondoren Santurtzin eman nituen hiru urte harekin, eta azkenengo hiru hauek Bermeon. Ez dugu asko hitz egin behar izan elkar ulertzeko. Konfiantza handia eman dit, eta bikain portatu da nirekin». Azkaratek nabarmendu du, Zabalak «erraztasun asko» eman dizkiela beti arraunlariei.
Arrauna uzteko erabakia denboraldia hasi aurretik hartua zuen Azkaratek, bere beste taldekide batzuen antzera. «Berak iaztik zekien erretiroa hartu nahi nuela, eta azkenean beste urtebete geratu nintzen. Aurreko denboraldian berak ere zalantzak izan zituen jarraitu edo ez erabakitzeko, eta uste dut sakon pentsatutako erabaki bat izan dela».
Oraindik ez dago argi Bermeoko zenbat arraunlarik utziko dute taldea, baina erabaki hori hartzeko faktore garrantzitsua izan daiteke azken hiru urteetan euren entrenatzaile izan denak kargua utzi izana. Azkaratek, ordea, beste aldean jarri du foku. «Uste dut klubak daukan norabideak pisu handia duela Ikerrek hartutako erabakian. Kirol arlotik kanpo gertatzen diren gauza horiek ere eragina izan dute. Arlo guztiak hartu behar dira kontuan horrelako erabaki bat hartzeko garaian, eta klubaren egoera oso-osorik ezagutzen du».
Atzera begira jarri da Azkarate, eta azken sei urteen balantzea egin du. «Harekin bizi izan ditut nire ibilbidearen azken sei urteak, eta irabazi dugun guztiaz konturatzea sekulakoa da. Kanpotik erraza ematen du agian, baina uste dut denborarekin balioa emango zaiola lortu dugun guztiari. Irabazteko gosea eman digu Ikerrek, eta harekin gorenera heldu gara».
Oriorekin lotu dute
Arrauna utziko du Azkaratek, baina Zabalak ez du erretiroa hartuko. Bermeoko prestatzaileak bazekien Urdaibain ez jarraitzeko aukera hor zegoela, baina hala ere harro zegoen bertan eskuratutako lorpenez. «Emaitzak alde batera utzita, uste dut ezin dudala gehiago eskatu. Garai bat markatu dute arraunlari hauek, eta garaipen errekorra hor egongo da urte luzez», adierazi zuen Zabalak BERRIAn.
Entrenatzaile bermeotarrak ohartarazi zuen agian erronka berriak bilatzeko garaia zela: Bermeon ala kanpoan. Azken asteetan zabaldu denez, Oriok eskaintza egin dio datorren sasoian entrenatzaile izateko. Aurreko denboraldian prestatzaile bermeotarra fitxatu nahi izan zuen Orioko zuzendaritza berriak, eta azken asteetan Gipuzkoako klub horrekin lotu dute Zabala.