Iker Muniainek sei-zazpi hilabetez egon beharko du jokatu gabe

Athleticeko jokalariak ezker belauneko barne lotailu gurutzatua hautsi du.«Kolpe gogorra da, baina badaude gauza okerragoak», esan du

Erredakzioa
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Aurreikuspen ezkorrenak bete dira. Iker Muniainek lesio larria du, oso larria: hautsita dauka ezker belauneko barne lotailu gurutzatua. Horrek esan nahi du sei-zazpi hilabete inguru beharko dituela berriro jokatu ahal izateko. Beraz, amaitu da sasoia Athleticeko aurrelariarentzat. Ez du gehiago jokatuko, ez ligako partidarik, ez Espainiako Kopako finala. Ondo bidean, azaro hasieran itzuliko da lehiara. «Kolpe gogorra da, baina badaude gauza okerragoak», aitortu zuen atzo Muniainek.

Nafarrak joan zen larunbatean hartu zuen min, Sanchez Pizjuanen, Sevillaren aurkako partidan. Lehen zatia amaitzear zen, eta Muniain eta Ever Banega Sevillako erdilari argentinarra lehian ari ziren. Lehia horretan Muniainek ezker belauna okertu zuen. Saiatu zen zutik jartzen, baina ezin izan zuen, min handia baitzuen. Zelaia utzi behar izan zuen, ohatila batean. Jokalaria bera zelaian bertan jabetu zen lesio larri bat izango zuela, eta negarrez utzi zuen zelaia. Hala ere, Sevillan bertan egin zizkioten lehen azterketa medikoen arabera, ez zirudien horren lesio larria, entorsi bat zuen ezkerreko belaunean, hots, okertu bat. Hala ere, Athleticeko zerbitzu medikoek berehala ohartarazi zuten diagnostikoa ez zela behin betikoa, eta egun batzuk itxaron beharko zirela Muniainek zehatz-mehatz zer zuen jakiteko. Bada, pasatu dira egun horiek, eta berriak ezin okerragoak izan dira.

Muniainekin bi dira jadanik Kopako finala jokatu ezin duten zuri-gorriak. Oscar de Marcosek ere kaleko jantzita ikusiko du heldu den maiatzaren 30ean Camp Noun jokatu beharreko partida historikoa, Athleticeko jokalari arabarrak neurketa bateko zigorra bete behar baitu. Ernesto Valverderen taldeak, beraz, funtsezko bi jokalari gabe egingo beharko dio aurre Bartzelona ahaltsuari.

Bestalde, Espainiako Liga Profesionalak aldatu egin du maiatzaren 2an Athleticek Atletico Madrilen zelaian jokatu beharreko partidaren ordua. Bi ordu atzeratu du, 16:00etatik 18:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.