Apirilaren 6an Athleticen 25. Kopako titulua Cartujan jaso eta gero, Iker Muniain kapitainak iragarri du ez dela talde zuri-gorrian arituko datorren denboraldian. Klubaren sare sozialetan argitaratutako bideo baten bidez jakinarazi du albistea, taldekideei Lezamako aldagelan jakinarazi ostean. Hunkituta eman die berria taldekideei, eta haiek ere hunkitu egin dira. «Zoriontsu» doala azpimarratu du, «hainbeste kostata» irabazi duten 25. Espainiako Kopa jasota, eta berrogei urteren ostean gabarra aterata. «Zaleen eta taldearen artean izan dugun batasunak erakusten du munduan bakarrak garela», gehitu du.
❤ "Aitortzen dut izan zarela ene bizitzaren onena,
— Athletic Club (@athletic_eus) April 24, 2024
baina orain, maitia,
lehen baino lehen aska gaitezan"
© Kapitainak agur esango dio Athletici lehen taldean 15 denboraldi eman ondoren. #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/lwE00ZGvzn
Aitortu du zaila izan dela erabakia hartzea, baina beretzat zein Athleticentzat onena delakoan dago. Mezua gazteleraz eman du, baina egin dio keinu bat euskarari ere. Ospakizunetan abestu zuten Hertzainak taldearen Aitormena kantua baliatu du horretarako: «Aitortzen dut izan zarela ene bizitzaren onena; baina orain, maitia, lehen baino lehen aska gaitezan». Denboraldia amaitzeko falta zaizkien partidetan Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokatuko direla esanez amaitu du: «Eskerrik asko, eta, beti, aupa Athletic». Datozen egunetan ekitaldi publiko bat egingo dute San Mamesen, kapitaina agurtzeko. Gainera, liga amaitu aurretik beste bi partida jokatuko ditu talde zuri-gorriak San Mamesen, maiatzaren 12an Osasunaren aurka, eta maiatzaren 19an Sevillaren kontra. Hala, berdegunean ere zaleek agurtzeko moduan izango da.
557 partida
Muniainek ez du argitu etorkizunean zer bide hartzeko asmoa duen, baina litekeena da atzerriko liga batera joatea. Beti esan izan du River Plate taldearen zale sutsua dela, eta egunen batean han jokatzea gustatuko litzaiokeela. Saudi Arabiako eta AEBetako ligetako diru hotsak ere izan omen ditu ate joka. Iruindarrak 31 urte ditu oraindik, nahiz eta Athleticen bide luzea egin duen. 2004an iritsi zen Lezamara, Txantreatik. 13 urte betetzear zen. Hasiera gogorra izan zela onartu izan du, etxekoengandik urrun. Baina bidea egiten joan zen harrobiko taldeetan. Hala, 16 urte eta hamasei egunekin debuta egin zuen Athleticen bigarren taldearekin. 2009ko urtarrila zen. Uda horretan bertan iritsi zitzaion lehen taldera urratsa egiteko aukera. Joaquin Caparros zen lehen taldeko entrenatzailea, eta denboraldiaurrea egiteko deitu zion. Lezamara iritsi bezain laster teknikariak harrobiko harribitxien inguruko informazioa eskatu zion Blas Ziarretari, harrobiko arduradunari, eta zerrendako goialdean zegoen Muniain. Teknikariak berehala antzeman zituen jokalari txiki, bizkor eta ile hori haren dohainak, eta denboraldiko lehen partida ofizialeko deialdian sartu zuen. Partida hura Europako ligako atariko lehen kanporaketako joaneko norgehiagoka zen, Young Boysen aurka. 16 urte eta zazpi hilabete zituen. Partida hartan ez, itzulerakoan sartu zuen aurreneko gola talde nagusiarekin. Gol erabakigarria izan zen, horri esker Athleticek aurrera egin baitzuen txapelketan.
15 denboraldi hauetan 557 norgehiagoka jokatu ditu. Elastiko zuri-gorriarekin neurketa gehien jokatu duten jokalarien artean bigarrena da, Jose Angel Iribarren atzetik (614 jokatu zituen hark). Bere ibilbidean 75 gol sartu ditu, eta, aurtengo Espainiako Kopaz gain, bi Superkopa ere irabazi ditu. Euskal Selekzioarekin 2010. urtean egin zuen debuta; Venezuelari gol bat sartu zion egun hartan, San Mames zaharrean. Garai zailak bizi izan ditu urte hauetan. Besteak beste, bi belaunetako lotailu gurutzatuak apurtu zituen. Aurrena, ezkerrekoa, 2015ean, Sevillaren aurkako partida batean. Ia urtebete egon zen jokatu gabe. Gero, 2017an, eskuinekoa, Ukrainako Zoiraren kontrako Europa ligako partida batean. Gogor egin zuen lan bi lesioetatik osatzeko eta berriro ere zelaian distira egiteko, eta lortu zuen. Urte hauetan zaleak kateatu ditu, jokoa ikusteko duen gaitasunarekin, buruz buruko jokaldiekin, inork ikusten ez zituen zuloak ikusteko gaitasunarekin eta falta jaurtiketekin.
Geratzen zitzaion beste arantza Athleticekin Kopa irabaztea zen. Izan ere, aurtengoa irabazi aurretik lau zituen galduta. «Zama handi bat kendu dugu gainetik. Hau nire seme-alabekin ospatu ahal izatea gauza handia da. Haiek dira nire indarra. Aurreko finaletan taldekide izan nituenak ere izan nahi ditut gogoan. Haiekin futbolaren alde gogorra bizi izan nuen; hau haiena ere bada». Beti erakutsi du konpromisoa klubarekin. Etete klausularik gabe kontratua berritu zuen lehen jokalaria izan zen.
Taldekideen erreakzioak
Entrenamendua amaituta, taldekideek sare sozialak erabili dituzte kapitaina agurtzeko. Berriarekin gehien hunkitu direnetako bat Iñaki Williams izan da. Aspaldikoa da bien arteko harreman estua. Hauxe idatzi du aurrelariak. «Bihotza apurtuta daukat, anaia. 10 urte elkarrekin. Zer gogorra izango den egunerokoan zu ondoan ez edukitzea. Kirol ibilbide osoa klub bakarrean egiten duten jokalari horietako bat izatearekin amesten zenuen. Ez da posible izan. Gauzak ez dira beti batek nahi duen bezala ateratzen. Baina lider baten moduan zoaz. Onena merezi duzu. Eskerrik asko denagatik. Nire 10a. Maite zaitut, anaia».
Hau izan da Yuri Berchicheren agurra: «Zaila izango da egunerokoan zu ondoan ez izatea. Baina hainbeste desio zenuen titulua jasota zoaz, eta klubaren eta hainbeste maite zaituzten zaleen aitortza eta maitasuna jasota. Gertatzen zaizkigun sei finaletan, dena ematera».
Aitor Elizegi presidente ohiak ere agur mezu bat utzi nahi izan du. «Pandemia bat gainditu genuen elkarrekin, baita porrot bakoitza ere. Jakitun naiz zenbat negar egin duzun Athleticengatik. Espero dut besokoaren zamari gabe aske egingo duzula hegan, eta zure magiak eta baloiak berriro ere elkarrekin egingo dutela irribarre. Zaindu bi seme-alabak, eta bi belaun horiek. Agur, kapitain».