Josu Urrutiak etxeko lanak eginda utziko du Athleticeko lehendakari kargua. Egiteko bakarra falta zitzaion, eta egin du, Iker Muniainek kontratua berritu baitu. Jokalariari ekainaren 30ean amaituko zitzaion kontratua, baina, hitzarmen berria sinatuta, 2024ko ekainaren 30ean bukatuko zaio; hots, beste bost urtez berritu du. Muniainek eta klubak sinatutako kontratu berrian, ordea, bada aldaketa esanguratsu bat, ez baitago etete klausularik. 1985etik Espainiako Ligako jokalariek dute klausula hori.
«Oso egun zoriontsua da hau niretzat. Kontratu hau sinatuta nire ametsa betetzeko aukera izan dezaket: nire kirol ibilbide osoa Athleticen egitea», esan zuen atzo Muniainek. Azaldu zuenez, klubak eta bere inguruak «beti» erakutsi dioten «babesa eskertzeko» erabaki du etete klausularik ez jartzea kontratuan. «Izan dira etete klausula ordainduta joan diren jokalariak, eta jendeak kolpea hartu du. Hau eginez, nire leialtasuna erakutsi nahi dut. Zaleek behar dituzte halako pozak».
Ez da ezustea Muniainek kontratua berritu izana. Irailean jada esan zuen «aurki» berriak egon zitezkeela. Bi hilabete geroago iritsi da berria, eta ziur athleticzaleek pozik hartu dutela, are gehiago talde zuri-gorriak denboraldi honetan daraman bide eskasa kontuan hartuta.
359 partida jokatu ditu jada
Muniainek 31 urte izango ditu kontratu berria amaitzean. Hots, ondo bidean, hori bukatutakoan beste zenbait urtez jokatzeko moduan izango da oraindik. Orain arteko bideari segituz gero, historia egin dezake Athleticen, eta partida gehien jokatu dutenen artean muturra sartu. Ia bederatzi urte eta erdi pasatu dira lehen taldearekin estreinakoa egin zuenetik, eta jadanik 359 partida jokatu ditu, eta 51 gol sartu. 25. postuan da partida gehien jokatu dutenen artean. Eta, hori, belaun banatan lesio larria izan ondoren: eskuinekoan 2015ean, eta ezkerrekoan 2017an. Bi lesio horien ondorioz, urte erdi pasatxo egon da jokatu gabe. Beraz, horren zorte txarra izan ez balu, partida kopuru askoz handiagoa zukeen. Sasoi honetan, zorionez, ez du arazorik izan, eta hura ari da izaten onena taldean: inork ez ditu hark baino gol gehiago sartu, lau.
Muniaini ekainaren 30ean bukatuko zitzaion kontratua. Beste sei jokalari daude egoera berean: Alex Remiro, Mikel Balentziaga, Oscar de Marcos, Mikel Rico, Ander Iturraspe eta Aritz Aduriz. Argi dagoen bakarra da atezainak ez duela jarraituko.
Iker Muniainek 2024. urtera arte berritu du Athleticekin
Kontratuak ez du etete klausularik, eta jokalariak azaldu du klubak eta bere inguruak «betidanik erakutsi dioten babesa eskertzeko modua» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu