Hiru euskal jokalari ari dira jokatzen Eurokopan, hirurak Espainiarekin. Mikel San Jose (Atarrabia, Nafarroa, 1989) da horietako bat. Herenegun gauean, Frantzia eta Albaniaren arteko partida bukatu eta segituan erantzun zion BERRIAren deiari. Hotelean zen, ia denbora guztian bezala. «Ez duelako merezi kanpora ateratzea hainbeste polizia inguruan ditugula. Sekulakoak dira segurtasun neurriak», kontatu du Athleticeko jokalariak.
Aurreneko aldia duzu selekzioen txapelketa handi batean. Zer moduzko esperientzia ari zaizu iruditzen?
Ondo nabil. Txarrena da luze egiten dela hainbeste egun etxetik kanpo egotea; batez ere, txapelketa hasi aurreko prestakuntzan. Gero, behin lehiaketa hasita, arinagoa da. Polita da, urduritasun puntua ere izaten delako, inork ez dakigulako noraino hel gaitezkeen Eurokopan.
Horrelako txapelketek ez dute gehiegi luzatzen denboraldi amaiera?
Denboraldia uztailean hasi genuen Athleticen, eta, Espainiarekin finalera heltzen bagara, urtebeteko denboraldia osatuko dut. Jakinekoa da sasoi amaieran izaten direla selekzioen txapelketak, eta nekatuta heltzen gara jokalari guztiak, baina denok gara gai indar ale gehiago emateko oraindik. Fisikoki ondo gaude.
Nolakoa da Eurokopa bat barrutik?
Ezberdintasun handirik ez diot ikusten kluben arteko partidekin alderatuta. Oso txapelketa garrantzitsua da, eta oso jokalari onak daude hemen. Bestela, segurtasun neurriek eman didate atentzioa, oso handiak ari baitira izaten. Horrelako egoerak errazago eramaten dira partidak irabaziz joanez gero, eta gu ondo hasi gara.
Hain txapelketa laburretan, oso garrantzitsua da ondo hastea.
Bai, dudarik gabe. Baina Espainiak irabazi zuen Munduko Kopan, 2010ean, galdu egin zuen aurreneko partida. Hala ere, badakigu hobe dela ondo hastea. Lehenengo jardunaldian taldeak partida ona egin zuen Txekiar Errepublikaren aurka, eta, partida osoan, gu izan ginen nagusi, nahiz eta gola sartzea asko kosta zitzaigun. Ikusten ari gara ez dagoela talde errazik.
Orain, Turkia eta Kroazia izango dituzue aurkari, eta, itxuraz, txekiarrak baino indartsuagoak dira biak.
Hala da, bai. Kroazia oso selekzio indartsua da. Irabazi egin zuen lehen jardunaldian, eta konfiantza handiarekin dago. Zelai erdian sekulako jokalari onak dauzka, eta aurrealdean ere oso arriskutsuak dira. Hemen, taldekideek jokatu izan dute kroaziarren aurka berriki, eta guzti-guztiak esaten ari dira talde oso ona dela. Turkia ere ez da samurra izango, nahiz eta ez den Kroazia bezain sendoa. Lekua erraz galtzen dute jokalariek, eta hori baliatu beharko dugu.
Beste selekzioen partidak ikusten ari zarete?
Ez denak, telebistan ezin direlako ikusi partida guztiak nahiz eta Frantzian egon.
Ikusi dituzunetatik, zer nabarmenduko zenuke?
Italia, beste guztien gainetik. Ez zituzten faboritotzat jotzen, eta niretzat ere ez dira, baina kolpe handia jo zuten mahai gainean. Belgikak talde oso ona dauka, jokalari bikainak aurrealdean, gazteak, baina Italiak merezita irabazi zion lehen jardunaldian. Eurokopako partidarik ikusgarriena izan da orain arte.
Italia izan da defentsako lanean ondoen moldatu den taldea orain arte; horrek jar lezake faboritoen artean?
Izan daiteke. Azkenaldian, joera dago talde guztietan baloia ondo erabiltzeko, eta garrantzia hartzen ari da arlo hori. Baina onenak horretan Espainia eta Alemania dira, eta oso zaila da bi talde horien jokoa defendatzea. Italiak baloia ez du asko erabiltzen, baina beharrik ere ez du, aukerak egiteko eta golak sartzeko gai delako. Defentsan oso ona da, baina erasoan ere trebeak dira, baloia gutxiago eduki arren.
Inoiz baino selekzio gehiago ari dira jokatzen Eurokopan. Talde berri horiek zer eman diote txapelketari?
Maila ona ematen ari dira, eta talde onak direla erakusten. Batzuek esaten zuten talde horiek ez zutela Eurokopan aritzeko mailarik, baina ikusten ari gara hori esatea astakeria galanta zela. Eslovakia da talde horietako bat, eta, sailkatze fasean, Espainiari irabazi egin zion, adibidez. Besteok onena ez badugu ematen, oso arriskutsuak dira selekzio horiek. Gainera, partida bat irabazita, aukera handia dago final-zortzirenetara sartzeko, hirugarren sailkatuen artean bi onenek aurrera egingo baitute.
Zure helburua zein da Eurokopan, txapelketa irabazteaz gain?
Ahalik eta gehien gozatzea eta ikastea. Jokatzea zaila izango da, baina, jokatu behar badut, prest nago. Baina, hala ez bada ere, taldeari ahalik eta gehien lagundu nahi diot.
Frantziako Eurokopa. Mikel San Jose. Espainiako selekzioko jokalaria
«Ikastea eta gozatzea da nire asmoa Eurokopa honetan»
Athleticeko jokalaria lehen aldiz ari da jokatzen selekzioen arteko txapelketa handi bat, eta pozik dago esperientziarekin. Talde berrien «ekarpen aberatsa» nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu