Kate baten tankera dauka Hondarribiaren lan egiteko erak azken urteetan. Harrobiko gazteak azaltzen dira urtez urte, eta, pixkanaka, beteranoei lekua kenduz joaten dira. Berezko prozesua da. Joan den denboraldian, katebegi ezezagun eta egin berri batek erakutsi zuen burua, beste batzuen artean: Beñat Egiazuk (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994). Estropada askotan aritu zen. Aurten, Bikendi Alza (Hondarribia, Gipuzkoa, 1992) egin da ezagun. Egiazu, ababorreko aldean, eta Alza, istriborrekoan, ia estropada guztietan aritu dira.
Taldeko gazteenak dira, eta, adinak zehazten duen bezala, ofizioa ikasten ari dira. «Asko laguntzen digute taldeko beteranoek», aitortu zioten atzo BERRIAri, Donostiako arranplan. Atzoko entrenamendua osatzera joan ziren Kontxako Banderaren eremura. Aste osoa daramate bertan entrenatzen, eta arrazoietako bat da Hondarribian festetan daudela. «Duela urtebete, jaietan nenbilen ni, lagunekin batera eta bestera», kontatu du Alzak. Hau baitu aurreneko denboraldia lehen taldean. «Baina Kontxako Banderako bi igandeetan etorri nintzen hauei laguntzera», esan du Egiazuri begira. «Ni hemen nintzen, bada», erantzun dio bietan gazteenak. «Duela bi urte ere bai, baina ez nuen arraun egin. Iaz bai, iaz arraun egiteko aukera izan nuen Kontxako Banderan», gehitu du Egiazuk.
Alzak aurreko igandean izan zuen estreinaldia estropada preziatuan, eta biek bat egin dute lehen aldiak eragin zien horretaz: «Ezustea izan zen, eta urduritasuna eragin zigun». Ez baita edozein estropada hau.
Ezta bi igandeen artean igaro behar izaten duten astea ere: «Txarrena aste hau izaten da. Urduriago egoten gara», esan dute. Taldeko beteranoak ere konturatzen dira gazteak kabitu ezinda ibiltzen direla zazpi egun hauetan: «Laguntza ona ematen digute; aholkuak, batez ere. Eskertzekoa da gure alboan egotea».
Badoa aste «luze» hau, eta bihar bertan da igandea. Egunik bereziena. Besteak beste, arraunlariari begira begi gehien egoten den eguna. Arranplako bizipenak, tartean: «Aurreko astean ezagutu nuen zer den», kontatu du Alzak, «baina uretara joaterakoan nire munduan jaitsi nintzen, erabat kontzentratua. Bueltakoan sentitu nuen zer den, eta oso polita da lagunak zu animatzen eta txalotzen ikustea».
Egiazuk iaz dastatu ahal izan zuen zaleen berotasuna, baina gogoan beste zerbait geratu zaio: «Gogoan daukat bigarren igandean nola jaitsi ginen uretara. Ematen zuen gerrara gindoazela. Ez zen presioa, baina aukera handia geneukan Kontxa irabazteko». Ez zuen, baina, Hondarribiak irabazi, Urdaibaik buelta eman ziolako gipuzkoarren lehen igandean atera zioten bi segundoren aldeari.
«Beste gerra bat datorkigu etzi [bihar]», lotu dute bi gazteek iragana orainarekin. Egoera ezberdinarekin, aldez aurretik, Urdaibai delako 1,75 segundo aurretik: «Ez dugu ezer galtzeko aurten», esan du Alzak: «Iaz bezala aurretik izanda lehen igandean, zailagoa da bigarrenean defendatzea aldea txikia bada. Gure aurtengo egoera ona da, atzetik eta segundo batera». Makina bat buelta emango zioten bigarren estropadari aste honetan, estrategia gora eta estrategia behera; baina, hori bai, aurkariaren balizko jardunari erreparatu ere egin gabe: «Hori funtsezkoa da. Guk geurera joan behar dugu, eta badago nahiko lan gurea ondo egiten. Besteei begira burua galtzen da». Gazteak dira, baina ondo ikasita daudela ez dago batere dudarik.
Bakoitzak berea, hortaz. Zer egingo du Hondarribiak epaileak bandera gorria jaisten duenean bihar? «Gu ez gara bizi irtetekoak, eta badakigu aurreneko lau minutuetan ez dela estropada hautsiko. Ezinbestekoa da kanpora sufritu gabe iristea, gero barrura aukerak baliatzeko», azpimarratu dute biek. Ez diote garrantzirik eman beraiek aurretik jartzeari estropada asko falta denean: «Badakigu Urdaibaik ez duela burua galduko, uda osoan ez duelako galdu. Oso talde zaildua da alor horretan». Bakoitzak zer egingo duen bihar argitzen hasiko da, bigarren txanda hasi bezain pronto.
«Bandera lortzea, ametsa»
Ordurako, mundu guztiak jakingo du zer gertatu den kale zozketan. Kanpoko faktoreak, Kontxan hain erabakigarriak izaten diren horiek: «Kale zozketak ematen dit errespetu gehien», aitortu du Egiazuk: «Halako berdintasuna egonda kanpoko zerbait erabakigarria izan daitekeela pentsatzeak ezintasuna sortzen dit». Alza praktikoagoa izan da: «Buruan daukat zozketarena aste osoan, baina neurrian. Alferrik da kontrolatzen ez duzun faktoreengatik kezkatzea».
Aste luze honetan, arraunlariei gauza eta egoera politak ere pasatzen zaizkie burutik. Akabo, bestela. Eta Kontxa tartean egonda, unerik politenetakoa, nola ez, banderarekin arranplan sartzea izaten da. Bi gazteek askotan ikusi dute buruan irudi hori: «Ametsa da guretzat Kontxako Bandera irabaztea».
Ez dute oso aparte. Aldea txikia jateko, baina aurkari oso indartsua menderatzeko. Bakoitzaren lana, bestearena, kale zozketa, itsasoaren egoera, haizea, txandako beste aurkarien eragina... Ondo ikasita daukate dena Alzak eta Egiazuk. Irakasle onak ere izan dira lerro hauetan: ikasleak, irakasle.
Ikasleak, irakasle
Bikendi Alza eta Beñat Egiazu dira Hondarribia taldeko arraunlari gazteenak, eta biek lortu dute lekua Ama Guadalupekoa traineruan, beteranoei tokia kenduz. Alzak lehen sasoia du lehen taldean, eta Egiazuk, hirugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu