Ikasitakoa, garatzeke

Enric Saboritek eta Aymeric Laportek dohain handiak dituzte futbolean aritzeko. Baina gorengo mailan lehiakorra izateko, berezkoa baino gehiago behar da. Talentua eta lana uztartu behar dira jokalari ona izateko.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Athleticen denboraldi hasierak berretsi egin du lehiaketa hasi aurretik egindako pronostikoa: talde zuri-gorriak sailkapenaren goiko postuetan egoteko lehengaia badauka, baina kosta egingo zaio pieza guztiak uztartu eta ondo funtzionatzea. Hala ari da gertatzen. Kontua da, taldea gorpuzten ari den bitartean, emaitzak onak ari direla izaten. Proiektua lasai garatzeko aukera eman du horrek. Zenbaterainokoa den lasaitasuna? Erabatekoa. Pentsa, inork ez du gogorarazi Marcelo Bielsa. Argentinarraren izena ez da agertzen taldearen inguruko eztabaidetan. Ez dago hori baino neurgailu hoberik.

Baina ez da komeni sailkapenak erakusten duenarekin itsutzea. Talde zuri-gorriak asko dauka hobetu beharra. Eta ez lioke mesederik egingo puntuen atzean babesteak. Defentsako lana da zuzendu beharreko kontu nagusietako bat. Jakina da zelaian dauden futbolari guztien betebeharra dela arlo hori lantzea eta ganoraz gauzatzea. Baina atzelarien ekarpenak garrantzi handia dauka atea zaintzeko orduan. Defentsen gogortasuna falta izan da lehen norgehiagoketan, eta, arlo horretan, oso kritikatua izan da bi ezker gazteen ekarpena. Aymeric Laporteren eta Enric Saboriten jokoak, oraingoz, zale asko ez du konbentzitu. Gazteak dira biak. Hasiberriak. Beraz, ezinbestekoa izango da haiekin pazientzia izatea.

Hortaz, jarraitzaileen ardura da behar duten guztietan babesa ematea. Eurengan konfiantza dagoela erakustea. Entrenatzaileen lana izango da, berriz, bi harribitxiek duten gaiari zukua ateratzea. Gerora futbolari garrantzitsuak izateko, Ernesto Valverdek jakingo du zein bide egin behar duten epe labur, ertain eta luzean. Baina futbolariek eurek jarriko diote muga euren buruari.

Bi jokalarien artean Laportek darama denbora gehien Lehen Mailan. Halaber, erdiko atzelari frantziarrak sortu du ikusmin handiena. Urtebete ere ez da igaro lehen taldearekin debuta egin zuenetik. Europako Ligako multzoen fasean aurrera egiteko aukerarik ez zegoela eta, Bielsak harrobiko jokalaririk interesgarrienak eraman zituen Israelera, Happoelen aurkako neurketa jokatzera. Eta Laporte nabarmendu zen gehien gazte horien guztien artean. Aurrez Lezamako teknikariek ikusi zizkioten dohain apartak ezagutzeko aukera izan zuen orduan entrenatzaile argentinarrak. Berehala maitemindu zen bere jokoarekin. Erdiko atzelari gaztea, ezkerra, garaia, teknika onekoa, eta ausarta ikusi zuen parez pare. Potentzial ikaragarriko futbolaria, alegia.

Adinari begiratu gabe, lehen taldeko jokalari egin zuen denbora galdu barik. Eta hori bakarrik ez, ardura ere eman zion. Ordainetan, Laportek ez zion hutsik egin. Lehen norgehiagokatik erakutsi zuen lekua zuela onenen artean. Baina dohain askoren artean gabeziak ere ikusi zitzaizkion. Bi beste guztien gainetik: oldarkortasun gutxi, eta larregi arriskatzeko joera. Jokalari ausarta izateari utzi gabe, lehenbailehen aldatu beharko luke baloia alaitasun gehiegiz jokatzeko ohitura. Ezer jokoan ez balego moduan aritzen da sarri. Ezerk axolako ez balio moduan. Daukan erdia emanda nahikoa izango balu bezala. Bada, horrela ez du bide luzerik egingo. Ikasi daitekeena landu ezean, bidean geratuko da. Kontzentrazioa neurketa osoan mantentzea, erraz jokatzea, eta atzelari baten lehen zeregina defendatzea dela argi izaten duenean egingo du aurrera. Klub aproposean dago bere dohainak garatzeko. Baina ez dadila okertu.

Bi partida, bi irakasgai

Laporterekin pazientzia izan behar bada, zer esanik ez Saboriten kasuan. Taldekidea baino nagusiagoa da, baina beranduago ailegatu da elitera. Bi neurketa baino ez ditu jokatu, baina dagoeneko badaki zein mailatako futbolariak izango dituen parean. Azkarrak eta biziak. Opariak baliatzen dituztenak. Konturatu da Lehen Mailakoerritmoa bi maila beheragokoa baino askoz handiagoa dela. Erasoko jokoan ondo moldatzen dela ikusirik, eta maila teknikoan defentsaren ezker hegalean aritzen diren futbolari askoren pare nahiz gorago dagoela aintzat hartuta, aurkariei bera gainditzea gaitza dela erakustea falta zaio. «Hemen nago ni» esatea.

Oraingoz ez du lortu. Baina aukera paregabea dauka onenen artean lehiatu daitekeela erakusteko. Konturatuko ote zen trena ez dela sarri pasatzen? Jokalari dohatsua zela esan zuen sarri Bielsak, baina denboraldi-aurre batean bere aginduetara izan ostean, ez zion deitu gehiago. Itxuraz, ez zitzaion gustatu bere jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.