Ihesaldiaren eguna

Alessandro De Marchik irabazi du Vueltako zazpigarren etapa, 130 kilometroko ihesaldia eginda.Eroriko askoko etapa izan da

Alessandro de Marchi, eskua altxatuta, garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE.
2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Alessandro de Marchi (Cannondale) izan zen garaile atzo Espainiako Vueltako zazpigarren etapan, 130 kilometro ihesaldian sartuta joan eta gero. Ihesaldi horretan Johann Tschopp (IAM), Hubert Dupont (Ag2r) eta Ryder Hesjedali (Garmin) ere joan ziren, eta hirurei aurrea hartu zien. Ihesean Hesjedalek egin zuen lan handiena, baina eroriko batek etapa irabazteko aukera kendu zion, eta De Marchiri eman zion garaipenerako txartela. Aurreneko bost postuetan aldaketarik ez, eta Alejandro Valverdek jarraitzen du lidergoan.

Etapa gogorra eta gorabeheratsua izan zen, eroriko askorekin. Horien artean, esanguratsuena, Christopher Froomek (SKY) izandakoa, tropela Illora hirugarren mailako mendatea igotzen hastear zela. Zorionez, ez zuen jarraitzeko arazorik izan, ordutik aurrera minduta zihoala bazirudien ere. Beste hainbat txirrindularik zerbitzu medikoak behar izan zituzten, eta hiruk agur esan zioten Vueltari.

Etapa hasieran, ihesaldirako hainbat ahalegin izan ziren, arrakasta handirik gabe, batez ere tropelak zeraman abiadura handiaren eraginez. Hasieran sortu zen talde txiki baten ahaleginaren ostean, Mathias Krizek (Cannondale) egin zuen aurreneko ihesaldi ahalegina, Cannondale etapa garaipenaren bila zihoala iragarriz. Erasoa, baina, bere horretan geratu zen berehala. Baita ondoren etorrizirenak ere.

Mendatean gora sortu zen eguneko ihesaldia izango zena. Hesjedal, Tschopp, Dupont eta De Marchik etapa amaierara arte jarraitu zuten ihes eginda. Bigarren mendatera iristerako, Ivan Santamariak (Orica), Bryan Nauleauk (Europcar) eta Aleksejs Saramotinsek (IAM) lasterketa utzi behar izan zuten, erori egin zirelako.

Ihesaldiak Ahillo bigarren mailako mendateko gainera iritsi zenean bost minuturen aldea ateratzen zion atzeko taldeari. Trek eta Lampre lanerako ziren tropelean, eta pixakana tartea txikituz joan zen. Ihesaldiak, baina, erritmo ona zeraman, Hesjedalen lanari esker. Eta etapak aurrera egin ahala, irabazteko aukera ikusi zuten txirrindulariek.

Hesjedal, baina, ez zen zorteko, eta, helmugarako 16 kilometrofalta zirela, erori egin zen. Gerora lehiakortasunaren saria eman bazioten ere, kanadarrak bazekien aukera bikaina galdu zuela. Sari txikiegia egindako lanaren truke. Hesjedal gabe, De Marchik erritmoa igo zuen, eta aise irabazi zuen etapa, bi minuturen aldearekin tropelarekiko. Atzetik iritsi ziren beste hiru iheslariak, Hesjedal barne, bizikleta aldatu eta gero. Gogobeteko ez duen bigarren postua Hesjedalentzat, eta garaipen sendoa Di Marchik.

Gaurko etapak Baeza eta Albacete lotuko ditu: 207 kilometro. Litekeena da etapa esprintean amaitzea, ez baitago mendate nabaririk, eta haizeak gogotik joko du segur aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.