Txema Añibarro. Eibarko kapitaina

«Igoz gero, zama handia kenduko dut gainetik; zorretan nago Eibarrekin»

Joaneko emaitza altxorra den arren, Añibarro ez dago lasai eta ez du onartuko inor erlaxatu dadin. Duela bost urte Eibarrek fitxatu zuenean taldea Bigarren Mailan zegoen, eta hartu zuen tokira bueltatu nahi du.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Futboleko jornalero horietako bat da; buru-belarri aritzeko, fabrikan eszedentzia eskatzen dutenetakoa. Jatorra eta hiztuna da (Zeberio, Bizkaia, 1979), eta umoreko, kazetaria ohartu du: «Nik ez dakit batuan berba egiten; nik bizkaitarrez, bueno, hobe esanda, zeberioztarrez». Taldeak jaieguna izan arren, Ipuruara joan da lesioen ondorenak tratatzera.

Jaiegun batean lanera?

Gaurkoak merezi du. Azken astea da; bi hilabete min hartuta egin ditut, eta igartzen dut. Nik ez dut jaiegunik, lan pixka bat egin, eta besteekin egoteko prest. Azkenean norberak bere gorputza ezagutzen du, eta nik badakit zer behar duen. Ohiturak errespetatzea da. Gimnasioa, jacuzzia, izotzetan sartu... Asko ez dira izotzetan sartzen, baina kontrasteak onak dira, eta mesede egiten didate.

Sartu beharreko izotzetan, Ipuruan gogor ospea duzu.

Jendeak jartzen dizu fama hori. Nik ospe hori dut, eta harro nago. Norberak bere dohainak ditu.

Bigarren itzulian arazoekin ibili zara.

Urte gogorra izan da: sudurra hautsi zidaten lehenbizi; gero, 15 puntu eman zizkidaten aurpegian; bi zauri... eta gero, lesioak; izterraren erruz hilabete egon nintzen geldirik. Baina tira, ondo bukatu dut.

Zuzenean. Igoko al da Eibar?

Aurretik 90 minutu daude. Orain duela 11 hilabete hasi ginen lanean helburu horren bila. Joanekoa hasi aurretik sinatuko genuen3-0ekoa, baina oraindik ez dago ezer eginda. Euren entrenatzaileak ohartu gintuen: «Hospitaleten 90 minutu oso luzeak dira», eta gu ezin gara erlaxatu.

Joaneko partida oso ona izan zen.

Bai, seigarren minutuan 2-0 irabazten joatea ez da normala. Tentsio handiko partidak dira, eta ez da izaten horrelako emaitzarik. Aspaldian joko ona egiten ari gara etxean, taldea ondo dago eta zaleek ere laguntzen dute.

3-0 emaitzarekin, lasaiago?

Jendea ez dakit, baina ni kapitaina eta beteranoa izan arren, lasai ez nago. Egunero zerbait nabaritzen dut, eta zaila da deskonektatzea, asko dagoelako jokoan.

Euforiarik ez taldean?

Ez. 3-0 irabazita, herriko jaietan... Guk badakigu zaleak ilusioz egotea normala dela. Baina guk oinak lurrean ditugu; badakigu partida bat falta dela, eta entrenatzaileak gogoratzen digu.

Beteranoetako bat izanda, agian zuri ere dagokizu taldekideei hori gogoratzea. Gustuko duzu rol hori?

Ez pentsa, horretan nahiko gogorra naiz. Nire aldetik ahal dena egingo dut erlaxazioa eragozteko. Gazteek aholku premiarik ez dute, baina urteek gauzak erakusten dituzte, eta saiatzen naiz gazteei transmititzen. Garrantzitsua da taldea egitea; aldagelan ohitura batzuk daude, eta horiei eusten saiatzen naiz.

3-0ekoarekin joateko zelai txarrik badago, hori Hospitaletena da.

Etxean oso emaitza onak ditu, golak sartzeko erraztasuna... Zelaia handia da; giroa ere ez da atsegina izango. Gauzak zail jarriko dizkigute, baina gurea egiten badugu, kanporaketa aterako dugu.

Eibar ondo hasi zen; gero, txakalaldia izan zuen neguan. Zergatik?

Talde guztiek dituzte gorabeherak. Bi hilabeteko txakalaldia pasa eta gora egin dugu. Gorputzaldiak dira, eta buruz ere izan dezake eragina.

Zu Bigarren Mailan zegoenean iritsi zinen EIbarrera, duela bost urte.

Nik jaitsiera bat ezagutu nuen, eta hori dut egiteke. Zorra dut Eibarrekin eta Eibarko zaleekin, eta kitatu nahi dut. Ni etorri nintzenean Bigarren Mailan geunden, jaitsi ginen eta maila igotzeko lau kanporaketa jokatu ditut dagoeneko. Igotzen bagara, zama handia kenduko dut gainetik.

Oso pertsonala da hori.

Eibar 2. Mailara igotzea litzateke zorra kitatzeko modua; nahiko burugogorra naiz, eta lortuko banu, zoriontsu nintzateke. Hala sentitzen dut; aukera eman zidaten 2. Mailan jokatzeko. Eurek dena eman dute zuregatik eta zuk ez duzu maila eman edo... eta jaitsi. Eta ahal bada, berriz ere igotzea garrantzitsua litzateke.

Bigarren Mailan berriz ere jokatzea polita litzateke.

Ilusioa egiten dit; hau nire etxea da, gustura nago, eta nire ametsa Eibarrekin igotzea da. Baina tira, ez dut buruan hemen jarraituko dudan edo ez; nire esku ez dago hori. Kontratua bukatzen zait, baina lehentasuna helburua lortzea da, eta gero gerokoak.

Nolakoa izan da Garitanoren lana?

Badakigu Gaizka zer den Eibarrentzat. Kapitain izan zen urte askotan; eredua izan zen Eibarko jokalari eta zale askorentzat; asko eman dio talde honi. Aurretik bigarren taldean egondakoa zen, bigarren entrenatzaile ere bai. Bera hautatu izanak ez ninduen harritu; banekien prestatua zegoela, eta hala ikusi da. Zorteak pixka bat ematen dizu, baina taldeak egin duen jokoa, sasoia, izan duen antolakuntza, gure lana ere izan da, baina batez ere berea.

Joko polita egin duzue.

Gaizkak asko eskatzen du. Eibarrren balioak agian beste batzuk izan dira: joko gogorra, sendoa... Baina horiek galdu gabe, erasoan arriskatu eta jokatu egin dugu.

Oporrak?

Uztailean hasi ginenean sinatuko nuen orain gauden bezala egotea. Baina bai, behar ditugu; gorputzak eta buruak eskatzen ditu.Tamalez, opor motzak izango ditugu, hiru aste asko jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.