Kaiarriba-Donostiarra Arraun Elkarteak atzo aurkeztu zuen Igor Makazaga, traineru nagusiaren ardura hartuko duen entrenatzailea. Pasaitarrak lekukoa hartuko dio Jose Ramon Mendizabali, azken sasoi honetan taldea zuzendu duen teknikariari.
Makazaga urtebete egon da arrauna utzita. Horregatik, eskertuta azaldu zen atzo Donostiako klubak eman dion aukerarekin. «Oso eskertuta nago aukera berri honengatik. Aukera oso handia eta garrantzitsua da. Nire garairik onenean datorkit, gainera, urtebetez atseden hartu ondoren. Denbora horrek mesede egin dit gauzak ondo hausnartzeko».
Makazagak uste du «martxa ona daraman tren batera igo» dela. «Umiltasunez eta lan eginez saiatuko naiz aurretik egindako lan horri eusten eta bultzada bat ematen».
Pasaitarraren arabera, Donostiarraren proiektuak ez du antzik San Juangoarekin eta Oriokoarekin. «Hemen ez dut irudipena zerotik hasten naizela. Hemen ez dago ezer aldatzeko, proiektura batzen eta egokitzen naiz, hemen daudenekin batera, aurrerapauso bat emateko».
Igor Makazaga: «Oso eskertuta nago aukera berri honengatik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu