Mai Garde. Osasunako jokalaria

«Igoera lortzea baino modu hoberik ez dago agur esateko»

Denboraldia amaitutakoan erretiroa hartuko du Gardek. Osasunako jokalari izatearen «ametsa» bete, eta egin dioten agurragatik «pribilegiatua» sentitu da. Duela bi urtetik hona, harrobiaren koordinatzailea da, eta lan horretan jarraituko du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ordu gehiago dituen egunak behar ditu Mai Gardek (Atarrabia, Nafarroa, 1987). Soroslea izateaz gain, Osasunako emakumezkoen harrobiko koordinatzailea eta lehen taldeko jokalaria ere bada. Ezin du ehuneko ehuna eman bere zeregin guztietan, eta hori da futbola uzteko arrazoi nagusia. «Uzteko garaia da. Indar handiagoa egin dezaket kanpotik zelaitik baino». Badoa, baina klubean lanean jarraituko duenez, agurra «errazagoa» izango da. Min hartuta dago, eta, hortaz, ezin izango dio taldeari Lehen Mailara igotzeko azken txanpa erabakigarrian lagundu. Bartzelona B eta Lleidaren aurka jokatuko ditu Osasunak ligako azken bi jardunaldiak.

Zergatik erabaki duzu erretiroa hartzea?

Oso errealista naiz, eta banekien denboraldi bakoitza azkena izan zitekeela. Orain dudan bizimoduarekin, ez naiz zeregin guztietara iristen. Futbolean bakarrik ariko banintz, jarraitzeko aukera izango nuke, fisikoki ondo nagoelako. Goizeko sei eta erdietan ateratzen naiz etxetik, eta gaueko hamaiketan heltzen naiz. Ikusten dut ezin dudala zeregin bakoitzean nire onena eman. Nire etorkizuna ez dago zelaian.

Lehen Mailara igotzeko zorian dago Osasuna. Zergatik ez beste urtebetez jarraitu?

Erretiratzen ere jakin behar da. Gainera, nik Lehen Mailan Lagunak taldearekin jokatu nuen. Klubak ez dit inolako trabarik jarri, eta nahi izan banu, badakit jarraitu nezakeela. Zelaian nire tokia har dezaketen nesken garaia da. Jokalari ezberdina naizela esan dut beti, ez dudala niregatik jokatu, nire klub eta taldekideengatik baizik, eta hala amaitu nahi dut ibilbidea. Egun, uste dut kanpotik indar handiagoa egin dezakedala.

Zer esan nahi izan du zuretzat Osasunako jokalari eta kapitain izateak?

Argi daukat, maila edozein dela ere, nik Osasunan egingo nukeela nire ibilbide guztia: nire bizitzako taldea da. Ez ditut titulu asko irabazi, baina dena lortu dut. Nire ametsa Osasunako jokalari izatea zen, jakin gabe orduan Osasunak ez zuela nesken talderik. Nik Osasunan jokatu nahi nuen, eta sentsazio horrekin esango diot agur. Kapitain izateak are bereziago egin du. Harmailetan egon diren zaleetako bat naiz, taldearen atzetik kilometro mordoa egin ditut, eta zale horiek guztiak kapitain moduan ordezkatzea baino gauza ederragorik ez dago. Uzteko garaia da, eta zorioneko sentitzen naiz.

Bi arotan izan zara Osasunako jokalari. Oso ezberdinak izan dira?

Erabat. Lehen aro hartan ez ginen inor, eta klubak ez zigun baliabiderik ematen. Taldea zuten, emakumezkoen talde bat zutela esate hutsagatik. Desastre bat izan zen. Haatik, bigarren aro honetan asko hazi da taldea. Proiektu berria da, duela sei urte sortutakoa, eta pixkanaka joan behar dugu. Denok egon nahi dugu Lehen Mailan, baina jakin behar dugu gu baino tradizio handiagoa duten taldeen aurka jokatzen ari garela.

Osasunara itzuli aurretik, bost urtez areto futbolean jokatu zenuen Orvinan eta Txantrean. Zergatik erabaki zenuen bueltatzea?

Klubari diodan maitasunagatik. Erabaki oso erraza izan zen, nahiz eta futbolera berriro egokitzea kosta egin zitzaidan. Nire bizitzako taldean berriro jokatzeko arantza hori banuen. Gertatu zaidan gauzarik onena izan da itzultzea, eta orain bai, agur esatea, baina merezi dudan moduan. Agurra oso polita izan da, eta ez dut nahikoa hitz jasotako guztia eskertzeko.

Emakumezkoen harrobiko koordinatzailea zara. Nola egokitu zara lan horretara?

Bigarren urtea dut zeregin horretan. Klubak nahi duen tokian egongo naiz, baina zeregin honetan ikusten dut neure burua. Gaztetxoekin lanean aritzea oso polita da; izan ere, horietako asko urte batzuen buruan lehen taldean ikusiko ditugu. Igotzeko lehian ari gara gure aurrekontua bikoizten duten taldeen aurka, baina Osasuna ezin da sekula harrobiko filosofiatik desbideratu. Klubaren barruan jarraitzea ametsa da. Behin jokalari izateari utzi, eta baloratu nauten bezala baloratzea aparta da.

Harrobiko lanaz ari garela, etorkizuna ondo bermatua du Osasunak?

Neskato gazteak dira talde honen etorkizuna. Datozen neskak nabaritzen dira askoz ere hobeto landuta daudela. Taxoarera sartu bezain pronto klubaren balioak erakusten zaizkie, eta nola lan egiten den irakasten zaie. Ikaragarria da egungo neskak zeinen ondo landuta datozen teknikoki zein fisikoki. Ni ez naute sekula futbolari izateko prestatu, eta, alde horretatik, uste dut nire belaunaldiak nahikoa egin duela. Esaterako, ni baino 14 edo 15 urte gazteagoak diren taldekideekin entrenatzen naiz, eta neska horiek 8 edo 9 urte dituztenetik hasten dira profesional izateko prestaketarekin.

Klubean jarraitzeak futbola uztea errazten dizu?

Bai, ziurrenik bai. Oso lasai nago. Jakina, futbolaren falta sumatuko dut, baina ikusten dut klubak nik eurekin jarraitzea nahi duela. Osasunatik joatea oso gogorra da, eta klubean jarraitzeko aukera izateak lasaitasun handia ematen dit.

Lehenengo taldetik gertuago egon nahi zenuke?

Gaur egun daukadan zeregin horretan egonkortu nahi dut aurrena. Kluba ezagutzen badut ere, gauza asko dauzkat oraindik ikasteko, eta horretan jarrinahi dut buru-belarri. Etorkizunean ikusiko dugu, baina seguru emakumezkoen egituran izango dela.

Osasuna eta Getaferen arteko partidan ohorezko sakea egin zenuen. Zer sentitu zenuen?

Sadar guztia zutik ikustea oso hunkigarria izan zen. Ez dago zaleen babesa eta maitasuna jasotzea baino gauza ederragorik, klub honi eman dizkiozun urte guztiengatik.

Zuk erretiroa hartuko duzu, eta Oier Sanjurjo kapitainak ere ez du taldean jarraituko. Bi agur oso esanguratsu dira.

Oierrekin hainbeste urtezkapitain izatea partekatzea harrotzeko modukoa izan da. Asko identifikatzen naiz pertsona gisa dituen balioekin, harengandik asko ikasi dut, eta uste dut kluba oso modu antzekoan sentitzen dugula.

Tamalez, agur honetan dena ez da urreko kolorekoa, min hartuta zaudelako. Kanpotik nola bizitzen ari zara azken txanpa hau?

Oin-zolako faszitisarekin bi hilabete pasa daramat jokatu gabe. Halere, aldagelan nago, eta bidaia guztietara noa. Kanpotik askoz ere gehiago sufritzen ari naiz. Espanyolen aurkako partidan Sadarreko palkoan nengoen, eta hunkitu egin nintzen Patriren golarekin [Patricia Zugasti]. Norbaitek gola merezi bazuen, berak merezi zuen. Azken minutuetan behera jaitsi ginen, eta Miriamen [Rivas] gola ospatzera zelaira sartu ginen. Ea ligako garaikurra altxatzerik dudan.

Dena alde duzue azken bi jardunaldietan igoera lortzeko. Nola ikusten duzu taldea?

Bi final dira, eta biak irabazi beharko ditugu. Hori bezain sinplea da. Uste dut bi garaipen ez den beste ezerk ez digula balioko. Taldea prest ikusten dut erronkari aurre egiteko, eta denok bultzatzeko ordua da. Igandean, Bartzelonaren aurka sufrituko dugu, baina ziur naiz hiru puntuekin itzuliko garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.