Mikel Oiartzabal izan da Realaren ikur nagusia azken sasoietan. Haren arrastoari segika aritu dira txuri-urdinak, eta lorpen handiak eskuratu dituzte gisa horretara. Hezur-haragizkoa da hura ere, ordea, eta futbolariek pairatu ditzaketen lesio zatarrenetako bat izan du asteon. Ezkerreko belauneko lotailu gurutzatua hautsi du; sei eta zortzi hilabete egingo ditu osatzen, zelaitik urrun.
Donostiarrek beren erreferente handienetako bat faltan izango dute denbora luzez. «Dudarik gabe, albiste txarra da», esan du Roberto Lopez Ufarte (Fez, Maroko, 1957) Realeko jokalari ohiak. Futbolaren munduan halako dezente ikusitakoa da, eta badaki nolako lasta den. Haren esanetan, «Realak iparrorratz bat galduko du». Lopez Ufartek dio teknikoki jokalari ona izateaz gaindi bestelako ezaugarriak ere biltzen dituela Oiartzabalek: «Ez da sekula ezkutatzen. Korrika pila bat egiten du, eta taldea bere bizkar hartzen du».
Realak horixe behar du azken hamar partiden atarian: kalitatea eta grina uztartzea. Txuri-urdinak Europarako sailkatzeko lehia betean daude, eta Oiartzabalen lesioa kolpea izan da azken jardunaldietarako: «Hutsune garrantzitsua da, noski, garrantzitsuena ez esatearren».
Min hartzeko garai onik ez dago, baina jokalari eibartarrak garai eskasenean agurtu du denboraldia. Realarekin helburu handiak ditu, eta, gainera, gertu dago Munduko Txapelketa ere. Jokatzeko aukerak bazituen Oiartzabalek: «Ahalik eta lasterren itzultzea izango du gogoan, eta bere taldearekin itzultzea, gainera. Halakoetan, hori izaten da lehendabizikoa; norbere taldearen egunerokora ahalik eta azkarren bueltatzea».
Atzera eginda, antzeko zenbait kasu ekarri ditu gogora. Ufartek azaldu duenez, Luis Miguel Arkonadak gisa bereko lesioa izan zuen, baita Jose Mari Bakerok ere: «Europako partida batean min hartu eta gero, harengandik gertu izan nintzen. Bazuen berehala itzultzeko gogoa». Baita berak ere; Ufartek giltzurrunetako arazo bat izan zuen 1979-1980ko sasoian. Reala lider zegoen, partidarik galdu gabe, eta bat falta zitzaion. Sevillaren zelaian izan zen; hain justu, Realak gaur jokatuko duen estadioan bertan: «Liga irabaztear geunden... Gogoan dut jokatzeko grina nuela, eta taldekideak bisitan etorri zitzaizkidala, oheraino. 'Jokatuko duzu, ezta?', galdetu zidaten. Nahi bai, baina ezin. Horregatik diot nahi duen lehendabizikoa Oiartzabal bera izango dela».
Eibartarrak, baina, hilabeteak emango ditu zelaitik kanpo. Tankera horretako estreinako lesioa du, eta berria izango da harentzat ere. Dena den, osatzeko aldi horretan «nortasuna» lagun izango duela uste du Lopez Ufartek, eta ohartarazi du orain beste jokalari batzuen «garaia» izango dela: «[Cristian] Portu, [Adnan] Januzaj... Horiek egin beharko duteaurrerantzean».
Ez alferrik, Realak sasoia izango baitu jokoan datozen asteetan. Gaur Sevillan hasi eta maiatzaren 22an amaitu, txuri-urdinek hamar neurketa dituzte helburua lortzeko. Bide horretan, «Realak baditu maila handiko jokalariak Oiartzabalen hutsunea betetzeko, nahiz eta bakoitzak bere jokamoldea eduki».
Gisa horretara, haiek denak biltzea izango da Realaren helburua datozen partidetarako. Imanol Alguacilen taldeak «puntuak bildu bai», bildu ditu azken asteetan, baina jokoan ez du lehengo distirarik ageri, Roberto Lopez Ufartek adierazi duenez: «Sasoi hasieran erabat lotu gintuen joko hori moteldu egin da pixka bat, baina oraindik ere badu denbora, txinparta hori piztu eta helburua lortzeko». Horretarako, gako izango du Oiartzabalen hutsunea ahalik lasterren betetzea: «Taldeak aurrerako urratsa egin behar du. Nekea du, baina besteek ere bai; Sevillak ere handia izango du gaur arratsaldean».
Akidura aprobetxatu
Realak Sevillaren zelaian jokatuko du gaur arratsaldean, Europarako sailkatzeko bidean urrats bat egin asmoz. Txuri-urdinek kontrario makurra izango dute parean. Julen Lopetegiren taldea bigarrena da sailkapenean, eta indartsu aritu da sasoi osoan. Haatik, joan zen ostegunean Europa ligatik kanpo geratu zen, West Hamen aurkako kanporaketan.
Arauzko denbora gaindituta, luzapenean erabaki zen norgehiagoka. Txuri-urdinek hori aprobetxatu nahi dute gailentzeko, baina, Imanol Alguacil Realeko entrenatzailearen esanetan, espainiarrak «ohituta» daude egoera horretara: «Segituan ematen diete buelta. Izugarrizko jokalariak dituzte, eta batzuk, fresko. Guk, ordea, kristoren ilusioa dugu; irabazten badugu, sei puntura jarriko gara, eta hori izango da helburua».
SEVILLA-REALA
Sevilla. Bono; Montiel, Kounde, Fernando, Agustinsson; Rakitic, Jordan; Munir, Oliver Torres, Ocampos, eta En Nesyri.
Reala. Remiro; Gorosabel, Le Normand, Pacheco, Diego Rico; Illarramendi, Merino, Silva; Portu, Januzaj, eta Isak.
Epailea. Soto Grado
Lekua. Sanchez Pizjuan.
Ordua. 18:30 (La Liga).
Igarriko du, baina lor dezake
Realak Mikel Oiartzabalen hutsunea izango du aurrerantzean. Roberto Lopez Ufarte jokalari ohiaren esanetan, gainontzekoen garaia da orain: «Baditu jokalari onak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu