Eskolako orduak amaitu, eta handik gutxira erantzun ditu galderak Sarai Lizasok, San Juango arraunlariak (Usurbil, 1991), telefonoz. Arraunlari guztien ametsa bete zuen igandean: Kontxako Bandera irabaztea. San Juanek ikasgai handiak eman ditu aurten uretan, eta Kontxakoa izan da ikasgai gorena.
Zer ari zara sentitzen Kontxako Bandera irabazi eta gero?
Ilusioa eta poza ari naiz sentitzen. Arraunlari guztien ametsa da.
Zenbat urte daramatzazu arraunean?
Hau hamargarrena izan dut. Orion ia beti, eta San Juanen azkeneko bi urteak.
Emakumezkoen traineruaren garairik gozoenean joan zara, orduan, San Juan aldera.
Bai. Urte asko daramate elkarrekin arraunean, eta iaz ikusi zen goraka zetozela, eta aurten sekulako denboraldia egin dugu.
Zergatik irabazi du San Juanek Kontxako Bandera?
Iaz ikusten zen talde ona zegoela, eta aurten entrenatzailea aldatu da. Juan Marik [Etxabe] ez du asko aldatu entrenamenduen aldetik, iazkoen antzekoak izan direlako, baina oso zorrotza izan da gurekin; asko eskatu digu. Fisikoki eta teknikoki asko hobetu dugu, eta emaitzak hor daude.
Ezinbestekoa al da neguko lan ona egitea Kontxako Bandera irabazteko?
Oso lan serioa egin dugu entrenamendu guztietan, aurrenekotik azkeneko saiora arte. Bakoitzak bere buruari asko eskatu diogu, eta horregatik egin dugu koska bat gora.
Gogorra egin zaizue hainbeste eskatzea hain tarte luzean?
Azkenean, eskatu, asko eskatu diogu geure buruari, baina elkarren babesean ez da hain gogorra egiten. Neguko entrenamenduetan, ordua jartzen genuen elkarrekin entrenatzeko. Eta jakina, hainbeste bandera irabazteak ahantzarazi egiten ditu nekeak.
Kontxakoa irabaztea da gauzarik handiena arraunlarientzat, eta, behin hori lortuta, gehiago kostako zaizue taldeari osorik eustea?
Ez gara hasi hizketan datorren urterako, baina uste dut gehienak jarraitzeko asmoz direla. Utziko dutenek beste gauza batzuk dituztelako utziko dute, ezin dutelako jarraitu taldean.
Talde ia osoak jarraituta ere, irabazteko goseari eustea izango al da lan zailena, aurten dena irabazi eta gero?
Hastekotan, irabazteko ilusioarekin hasiko gara; bestela, jai izango genuke. Aurtengoa bezalako urtea berriz egitea zaila izango dela badakigu, baina ilusio horrekin hasiko gara.
Goazen igandera: helmuga zeharkatu berri duzue, eta bandera zuena da. Hortik aurrera, zer izan zen politena?
Bandera gurea dela esatean emozio guztiak etortzen zaizkizu, eta taldekide ia denak han daude... Oso polita izan zen hori. Bandera jasotzeko momentua ere oso polita izan zen, han talde osoa batu ginelako, arraun egiteko aukera izan ez zutenak barne, eta, azkenean, haiek gabe ez genuen ezer irabaziko. Eta arrapalara banderarekin sartzea eta han behetik gora igotzea ere sekulakoa izan zen; arrosa kolorea zen nagusi.
Iragan igandeko estropadan pentsatu al zenuen uneren batean ez zenutela irabaziko bandera?
Ez. Denok garbi genuen taldean zer egin behar zen. Bagenekien estropada oso gogorra izango zela, aurreneko igandean ikusi zen bezala, eta oso argi genuen borroka egin beharko genuela. Inori ere ez zitzaigun burutik pasatu bandera galtzeko arriskua; konfiantza handia geneukan geuregan eta geure lanean.
Hibaika esperoko zenuten gertuago, baina Zumaiak eman zizuen lan handiena. Aurkaria beste bat izateak aldarazi egin zizuen aurrez zehaztutako estrategia?
Bagenekin Zumaia ere hor zegoela. Gure helburua izan zen gure arraunketa hartzea, eta Zumaia aurrean ikusteak ez zigun aldatu hori; gurea egiten segitu genuen.
Bigarren igandean ere aurrenak izatea falta izan zitzaizuen festa erabat biribiltzeko?
Bandera irabazita, akordatu ere ez ginen egin bigarren egunean ez genuela irabazi. Egia esatera, polita izango zen bigarrenean ere aurrenak sartzea, baina, bandera jasota, berdin zitzaigun hori.
Kontxa irabazteaz gain, zer beste oroitzapen gozo geratu zaizu denboraldi honetaz?
Orioko estropada irabazteko gogo handia neukan, han urte asko egin nituelako arraunean, eta irabazi egin genuen. Gero, Zarauzkoa irabaztea ere polita izan zen, Kontxakoaren ondoren garrantzitsuena delako; gainera, han irabazi genuen Euskotren liga.
Zer eman die Kontxako Banderak emakumezkoen traineru estropadei?
Kontxa, arraun munduan, handietan handiena da. Hedabideen aldetik sekulako oihartzuna dauka, eta bultzada eman die gure estropadei. Kontxarik gabe ez dut uste bilakaera bera izango zuenik.
Erabat finkatuta daude zuen traineru estropadak?
Baietz uste dut, baina gazte jendea falta da, urtero ia berberak ari garelako arraunean.
Nola animatuko zenuke gazte jendea?
Probatzen duzunean ikusten duzu gustatzen zaizun edo ez; beraz, nik probatzera animatuko nituzke neska gazteak.
Sarai Lizaso. San Juaneko arraunlaria
«Igandean ez zitzaigun burutik pasatu bandera galtzeko arriskua»
Hamar urte darama arraunean Lizasok, eta bi urte hauek San Juanen egin ditu. Arraunean hasi zenean, batek esan zion ez zuela iraungo denbora asko, baina, segi eta segi, ametsa bete du: Kontxako Bandera irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu