Iritsi da sasoiko unerik garrantzitsuena Espainiako Ohorezko Ligan. Gaur abiatuko dira final-laurdenetako kanporaketak, eta IDK izango da euskal ordezkari bakarra. Valentzia hartuko du gaur, Gascan, joaneko partidan (20:00, Twitch). Alba Prieto (Sevilla, Espainia, 1999) aurten iritsi da Donostiara Ensino taldetik. Taldearen liderretako bat izan da erasoan, eta prest dago Valentziaren aurkakoan ere lan hori bere gain hartzeko. Entrenamendua amaitu, fisioterapia saioa izan, eta irribarrea ahoan hartu du kazetaria Gascan.
Valentzia handiari egin beharko dio aurre IDK-k, beste behin. Espainiako Kopako zozketak bi taldeak aurrez aurre jarri zituen, eta sailkapenak ere hala erabaki du kanporaketetan. Orain arteko hiru partidak irabazi ditu Valentziak, baina Gascan jokatu zuten neurketan askoz gehiago kostatu zitzaien valentziarrei gailentzea. Erreferentziazko partida hori izan behar dela nabarmendu du Prietok: «Defentsan beste bi partidetan baino askoz hobeto aritu ginen; talde moduan defendatu genuen, eta errebotea kontrolatu genuen. Bide beretik aritu behar gara, baina erasoan konfiantza handiagoarekin, eta askeago. Horixe falta dugun».
Izarrez inguratutako taldea da Valentzia. Iazko ligako txapeldunak izateaz gain, aurten jokatu diren bi lehiaketak irabazi dituzte: Espainiako Superkopa eta Kopa. Hala ere, beldurrik gabe jokatu nahi dutela nabarmendu du Prietok. «Super izarrak diren hamar jokalari dituzte. Oso talde fisikoa da, eta kantxan espazio handia bereganatzeko gaitasuna daukate. Eta horrelako taldeek edozein akats txiki zigortzen dute. Baina guk gure jokoa erakutsi behar dugu. Presioa haiek daukate; gu helburuak beteta iritsiko gara, Koparako eta kanporaketetarako sailkatuta, eta gozatzea egokitzen zaigu, merezi dugulako. Gozatu, baina lehiatuz, noski!».
«Valentzia eta antzeko taldeek edozein akats txiki zigortzen dute. Baina guk gure jokoa erakutsi behar dugu. Presioa haiek daukate; gu helburuak beteta iritsiko gara».
ALBA PRIETOIDK-ko jokalaria
Konfiantzaz gainezka iritsiko dira donostiarrak. Iragan larunbatean lortu baitzuten helburua, Ensino Lugori irabazi ostean. Neurketa osoan zehar atzetik joan ziren markagailuan Azu Muguruzarenak, eta azkeneko bost minutuetan irauli zuten markagailua. Sailkapena horrela lortzeak «Oso positiboa da, larunbatera arte ez baikenuen etxean horrelako partida bat irabaztea lortu. Markagailuan atzetik egonda kosta egiten zitzaigun, baina larunbatekoa itzela izan zen. Gasca bete egin zen, eta zaleen laguntza handia izan zen. Horrek konfiantzaz bete gaitu kanporaketetarako».
Albistea, baina, Prietori elkarrizketa egin baino ordu batzuk lehenago iritsi zen. Dulcy Fankam pibotak taldea utzi zuen asteartean, bere erabakiz, kanporaketak jokatu baino bi egun lehenago. Ligako jokalarien artean baloraziorik onena lortu dutenen artean laugarrena izan da, eta ligan errebote gehien eskuratzen dituen jokalaria. Hutsune nabarmena izango dute donostiarrek saskipean, baina «alderdi positiboari» begiratu nahi dio Prietok: «Egia da ez dugula orain arte izan dugun erreferentzia bat izango barneko jokoan, baina ahalegin gehigarri bat eginez ordezkatuko dugu. Abantailaren bat ere badago, Dulcyk leku asko hartzen zuelako saskipean, eta espazio gehiago izango ditugu. Gure kanpoko jokalariek bizkarrez jokatzeko aukera izango dute. Min egiten digun arren, alderdi positiboa bilatu beharko diogu». Valentziak ere saski azpiko erreferentzia nagusiaren hutsunea izango du, Raquel Carrera min hartuta baitago. Baina haiek bai, fitxatu egin dute hutsune hori betetzeko. Paula Ginzo iritsi da Bartzelonatik. «Hor ikusten da zein den Valentzia taldearen boterea, eta zer-nolako helburuak dituen».
Egokitzeko beharra
Alor pertsonalean, Donostiara eta taldera egokitzeko urtea izan da Prietorentzat. Baita beste postu batera moldatzekoa ere. Lugotik Donostiara egin zuen salto sevillarrak, eta, Yurena Diaz kapitainaren lesio larri bat tarteko, antolatzaile postuan jokatu behar izan du sasoi osoan. Andaluziarrak dio hasieran «kosta» egin zitzaiola, baina postu askotan jokatzeko gaitasuna edukitzea positibotzat jo du: «Eskolta moduan jokatuko nuela uste nuen, baloitik askeago, eta kontraerasora irteteko prest; horrela sentitu izan naiz beti erosoen. Baina pozik nago. Moldatu egin behar izan dut, eta Azuk konfiantza eman dit. Asko daukat ikasteko oraindik, batez ere agintzeko eta taldeari jokarazteko orduan, baina ezin dut nire esentzia galdu. Baliteke nire etorkizuna antolatzaile lanetan egotea».
Taldean berria izan arren, taldekideek jokalari alaitzat daukate Prieto. «Taldea egiteko gaitasuna» daukan jokalaria dela azpimarratu ohi dute, «alaia eta txantxazalea». «Kapitain lanetan Yurena eta Maria [España] egonda, oso erraza izan da taldea egitea –atzo iragarri zuen IDK-k Maria Españak ez duela datorren sasoian taldean jarraituko–. Niretzat beti izan da garrantzitsua taldekideen arteko harremana. Elkarrekin gozatzea eta familia bat izatea. Nik hori behar dut eroso sentitzeko eta kantxan nire onena emateko. Andaluziarra naizelako izango da![barrez]».