IDK 59-60 VALENTZIA

IDK-k puntu bakar batengatik galdu du Valentziaren aurka

Donostiako taldeak hamar punturen aldea izan du partida amaitzeko bederatzi minutu falta zirela, baina ez da eusteko gai izan. Hala ere, Espainiako Ohorezko Mailako finalerdietarako sailkatzeko itxaropenari eusten dio. Igandean da itzulikoa, Valentzian.

Erin Whalen IDK-koa, saskiratu nahian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Erin Whalen IDK-koa, saskiratu nahian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 25a
21:54
Entzun

Valentzia IDKren mamu beltza da. Gaur erakutsi du berriro. Herrialde Katalanetako taldeak 59-60 irabazi dio Euskal Herrikoari Espainiako Ohorezko Mailako final-laurdenetako joaneko partidan, Donostiako Gaska kiroldegian.

Ohitura da jada: hamalau aldiz jokatu dute elkarren kontra bi taldeek, eta beti galdu du IDK-k. Baina gaur galdu izanak beste ondorio bat du: zaildu egin zaio finalerdietarako sailkatzea, batez ere, kontuan hartuta Valentzian jokatuko dutela itzulikoa, igandean. Hala ere, puntu bat ez da ezer, eta Azu Muguruzak entrenatutako taldeak gaur erakutsi du bete-betean aritzen bada Valentziari aurre egin diezaiokeela. Badago itxaropena.

Espainiako Ligako, Kopako eta Superkopako txapelduna da Valentzia. Hura mendean hartzea oso zaila baldin bada, zer esanik ez haren aurka jokatu bezperan zure jokalari garrantzitsuetako batek kluba uzten badu. Horixe gertatu zaio IDKri: Dulcy Fankam AEBetara joan zen asteartean, Seattle Storm WNBAko taldean jokatzera. Pibot estatubatuarra oso jokalari garrantzitsua zen: hamabi puntu sartu eta hamar errebote jaso zituen partidako ligan. Gaur igarri egin da haren falta minutuek aurrera egin ahala.

Zailtasunak zailtasun, etxekoek oso partida ona jokatu dute, eta gai izan dira haiek baino koska bat gorago dagoen talde batekin nor baino nor gehiago aritzeko. Are gehiago, minutu askoan Valentzia baino gehiago izan dira, eta, horri esker, aurretik joan dira. Baina amore eman dute azken laurdenean. Jokalari gehiago eta hobeagoak ditu Valentziak, eta horrek desorekatu du neurketa.

Azu Muguruzarenek bikain ekin diote lehiari, eta, lehen bost minutuak jokatuta, zazpi puntu ziren aurretik: 11-4. Hutsartea eskatu du Ruben Burgosek, eta etenak mesede egin die bisitariei, hurrengo bost minutuetan haiek bakarrik sartu baitituzte puntuak: zortzi. Horri esker, aurretik amaitu dute lehen laurdena: 11-12. Oso puntu gutxi ziren. Defentsa erasoari nagusitzen ari zitzaion.

Donostiarrak gai izan dira Valentziaren susperraldia eteteko. Are gehiago, defentsan sendo eta erasoan eraginkorrago arituta, neurketaren joera irauli dute. Horri esker, bost punturen aldearekin joan dira atsedenaldira: 23-18. Bikain ari ziren. Meritu itzela zuen Valentziaren moduko talde handi bat hemezortzi puntuan uzteak.

Hirugarren laurdenaren hasieran beste estutu bat eman diote partidari: haiek sartu dituzte lehen bost puntuak, eta hamar punturen aldea lortu dute (28-18). Valentzia bostera hurbildu da, baina IDK-k kolpea emanez erantzun du, eta ordura arteko alderik handiena lortu du, hamabi punturena: 40-28. Laurdenaren amaieran, berriz, bederatzi punturena zuen. Azken laurdena falta zen. Eutsi beharra zuen.

Baina ez dio eutsi. Bederatzi minuturen faltan hamar punturen aldea zuen (47-37), baina Valentziak sekulako susperraldia izan du, hamazazpi puntu sartu baititu jarraian: 47-54. Kolpe erabakigarria zirudien, baina IDK gai izan da kolpeari beste kolpe batekin erantzuteko: bederatzi puntu segidan sartuta, aurretik jarri da berriro (56-54). Minutu eskas falta zen. Valentziak hirukoa sartu du jarraian, Erin Whalenek huts egin du jaurtiketa, eta hurrengo jokaldian beste hiruko bat sartu dute bisitariek. Beste horrenbeste egin du Alba Prietok, baina berandu zen, eta puntu bakar batengatik nagusitu da Valentzia. Zaila izango da, baina badago itxaropena.    

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.