Bale dira. Asko sufrituta, baina lortu dute: Araskik eta IDK-k mailari eutsi diote. Gaur jokatu dute partida erabakigarria, ligako azken lehia, eta nahi bezala atera zaizkie kontuak. Bi euskal taldeek irabazi egin dute, eta galdu, berriz, Celtak. Beraz, Espainiako Ohorezko Mailan izango dira biak datorren denboraldian. Ardoi eta Celta jaitsi dira kategoriaz —Nafarroako taldeak aurreneko sasoia zuen maila nagusian, baina ezinean aritu da hasieratik—.
IDK, Araski eta Celta puntuz berdinduta iritsi dira azken jardunaldira, salbazioa jokoan. Araskik nahikoa zuen partida irabaztea, aurkarien emaitzei erreparatu gabe. IDK-k, berriz, irabazita ere beharrezkoa zuen Celtak edo Araskik galtzea, elkarren kontrako lehietan berak baitzituen emaitzarik txarrenak. Bada, bai batak eta bai besteak lortu dute helburua.
Araski aise gailendu da Cadi La Seuren kontra: 85-68. Larriago ibili da IDK: 69-74 irabazi du Ensinoren kontra, baina azken hatsean lortu du garaipena. Bi minuturen faltan hartu dio aurrea markagailuan. Nola edo hala irabazi du, behintzat. Celtak, berriz, zaplazteko galanta hartu du Valentzia bigarren sailkatuaren aurka: 90-46. Modu mingarrian galdu dute maila.