IDK Euskotren lanean hasi da berriro gora begira jartzeko xedez

Muguruza, lehen saioan aritu ziren jokalariekin, atzo, Gaskan. J. CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
IDK Euskotren lanean hasi da, azken entrenamendua egin eta bost hilabete geroago. Eta helburu argi batekin ekin dio Donostiako taldeak denboraldi-aurreari: berriz ere gora begira jartzea. Nahi baino gehiago sufritu zuen aurreko sasoian. Inoizko posturik okerrenean amaitu zuen liga: lehia eten zenean, 11. zen hamalau taldeko sailkapenean, 22 partidetatik zortzi besterik ez irabazita. Horren ondorioz, aspaldian ez zen aritu Espainiako Kopan.

Aldaketak izan dira taldean sasoi berriari begira, baina jokalarienak bakarrik, lemazaina betikoa baita: Azu Muguruza. Klubak konfiantza itsua du haren lanean. Entrenatzaileak talde eraberritua izango du. Bost jokalari joan dira, eta beste horrenbeste iritsi: joko antolatzaileen artean, Ane Esnal donostiarra da berri bakarra; eskolten artean, Antonia Delaere flandriarrak ordezkatu du Mehryn Kraker; hegalekoen artean, Julia Gladkova errusiarrak beteko du Ellen Nystromen lekua; eta saskipean, Mariam Coulibaly eta Meiya Tirera maliarrak ariko dira Erika de Souzaren eta Ariel Edwardsen ordez. Irailaren 12an hasiko da liga.

Atzo sei baino ez ziren aritu lehen lan saioan: Sarr, Gonzalez, Eraunzetamurgil, Tirera, Delaere eta Uxue. «Gustura gaude taldearekin, orekatuagoa da. Ilusioa dugu, baina baita ezinegona ere, osasun egoeragatik. Ez dakigu nola joango den dena. Helburua da Kopa eta kanporaketak jokatzea», esan zuen Muguruzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.