SASKIBALOIA

IDK Espainiako Kopatik kanpo geratu da

Donostiako taldeak 63-55 galdu du Valentziaren aurka, Huelvan (Espainia), final-laurdenetan. Azu Muguruzarenek ondo ekin diote partidari, baina ez dira gai izan aurkariari eusteko.

(ID_13723080) (/EZEZAGUNA) idk
Dulcy Fankam IDK-ko jokalaria, baloia esku artean, Marie Isabelle Gulich Valentziakoarekin lehian. FEB
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 21a
19:46
Entzun

IDK-ko kideek bazekiten erronka oso zaila zutela. Halakoxea da Valentzia mendean hartzea: liga irabazi zuen iaz, eta lider da aurten, Perfumerias Avenidarekin berdinduta. Hala ere, donostiarrak sinetsita zeuden balentria egin zezaketela Huelvan, Espainiako Kopan, eta Valentzia kanpora zezaketela final-laurdenetan. Modu bakarra zegoen aukeraren bat izateko: hasi eta buka bete-betean aritzea. Hori eginda ere, zail izango zuten irabaztea. Baina bete-betean aritu beharra zuten. Bestela, akabo. Ez zuten aukerarik izango.

Baina egitekoa argi izateak ez du balio irabazteko. Egin beharra dago. Eta gaur IDK-k ez du egin. 63-55 galdu, eta Kopatik kanpo geratu da. Valentzia donostiarren mamu beltza izango da oraindik ere: hamalau aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta valentziarrak nagusitu dira beti.

IDK-k ondo egin du egitekoa lehen laurdenean eta bigarrenaren hasieran. Horri esker, nor baino nor gehiago aritu da Valentziarekin: 20-20. Are gehiago, eraginkorrago aritu izan balitz, aurretik joango zatekeen, baina Azu Muguruzak entrenatutako jokalariek aukerako saskiraketa bat baino gehiago huts egin dute.

Baina jokalari bikainak ditu Valentziak; gutxi behar dute min egiteko. Hala, minutu batean zazpi puntu sartu dituzte jarraian. Lehen kolpea izan da: 27-20. Segida eman diote gero, Iagupovaren hirukoek hauspotuta: 36-26. Horrela amaitu da aurreneko zatia. Konturatu orduko, neurketak valentziarren aldeko joera nabarmena zuen.

Iagupovak berean jarraitu du, eta Valentziak hamahiru puntura handitu du aldea: 41-28. Baina, larrien zegoenean, IDK suspertu egin da, eta zazpi puntu sartu ditu jarraian: 41-35. Valentziak, ordea, kolpea itzuli dio, hark ere zazpi puntu jarraian lortuta. 50-38 amaitu da hirugarren laurdena. Oso zaila zegoen, eta ezinezko bilakatu da berehala, aldeak gora egin baitu, hamasei puntura: 54-38. Azkenean, aldea txikitu du IDK-k.   

Bihar, Gernika

Gernikak ere erronka zaila du bihar Kopan, Perfumerias Avenidaren aurka (18:00, Teledeporte). Espainiako taldea lider da. Lau partida galdu ditu, baina horietako bat Malosten izan da: 80-73. Gernikarrak sinetsita daude berriro irabaz diezaioketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.