Aurreneko denboraldia du gorengo mailan entrenatzen Iker Dorronsorok (Igeldo,Gipuzkoa, 1975). «Esperientzia oso polita eta aberasgarria izaten ari da», nabarmendu du.
Lehen itzulia amaituta, bi partida atzeratuekin oraindik,21 puntu dituzue jada. Zuentzat ere ezustea izan da denboraldiko aurreneko zati hain ona egitea?
Bai, hala da. Garbi dago gure helburua ez dugula bete oraindik. Baina 21 puntu ditugu, eta jaitsiera postuetatik dugun aldea oso inportantea da. Oso pozik gaude.
Beste taldeetako entrenatzaile asko bat datoz: Eibarrek ondo egiten dituen gauzak oso ondo egiten ditu. Hor dago gakoa?
Dudarik gabe. Bai entrenatzaile taldeak, baita jokalariek ere asko sinesten dugu egiten ari garen horretan, eta horri esker talde oso lehiakorra izatea lortu dugu.Aurkariak beren jokatzeko era aldatu beharrean ari dira une askotan, gure kontra ari direnean. Izan ere, gu talde ausarta gara, presioa oso goran egiten dugu, eta baloia berreskuratzean oso bizkor atera gaitezke erasora. Baina lerroak atzeratu behar ditugunean ere oso ondo egiten dugu.
Zer egiten ari zarete ondoen?
Talde izaera bat dugula, eta presio eta intentsitate altuari esker baloi asko berreskuratzen ditugula aurkariaren zelaian. Gainera, talde mota oso desberdinen aurrean lortzen ari gara gure jokatzeko era ezartzea. Kontrarioa edozein izanda ere, gure jokatzeko era ez dugu aldatzen. Bestalde, gol asko sartu ditugu partidetako azken txanpan, eta hainbat neurketa irauli ditugu. Horrek erakusten du ez dugula sekula amore ematen. Oso harro gaude jokalariez. Oso zail jartzen didate deialdia etahamaikakoa osatzea. Denek ikusten dute jokatzeko aukera, eta horrek egunerokoan beren onena ematen laguntzen die.
Zuen jokatzeko erarako funtsezkoa da jokalari guztiak fisikoki bete-betean egotea. Nola ari zarete hori lortzen?
Hainbat gako daude horretarako. Batetik, txandakatzeak. Gabonak arte, partida batetikbestera askotan zazpi-zortzi aldaketa egin ditut. Horrek talde honek duen maila erakusten du. Bestetik, prestatzaile fisikoen, errekuperatzaileen eta fisioen lana eta plangintza ere aparta izaten ari dira. Bilatzen duguna da partidak jokatzen diren intentsitate berdinarekin entrenatzea. Elikadurari ere garrantzi handia ematen diogu. Agian, fisikoki garairik onenean gaude orain. Fisikoki ez bageunde ondo, ez ginateke hain lehiakorrak izango, eta gure identitatea galduko genuke.
Udan fitxatu zenituzten hainbat jokalari Kataluniatik ekarri zenituzten: Arola, Queralt eta Llompart. Zer ekarpen egin diote taldeari?
Jokalari gazteak dira, askorentzat ezezagunak. Baina Bartzelonaren eta Espanyolen harrobi oparoetatik datoz. Ilusioa eta gogoa ekarri dituzte, eta nabarmentzekoa da klubera zein Eibarren jokatzeko erara egokitzeko erakutsi duten azkartasuna. Gainera, taldeari kalitatea eman diote, baloia bizkor mugitzean, paseetan...
Baina fitxaketa bat nabarmendu bada, hori Thembi Kgatlana hegoafrikarra da. Talde handi batek baino gehiagok nahiko lukete halako aurrelari indartsu, bizkor eta eraginkor bat izatea.
Thembi fitxatzea loteria tokatzea bezala izan zen guretzat. Benfican ez zegoela gustura jakin genuen, eta joan egin nahi zuela. Kluba oso ondo mugitu zen hura ekartzeko. Fisikoki ez zen ondo etorri, eta kostatu egin zitzaion taldera egokitzea. Baina harekin hitz egin genuen, eta esan genion nola ikusten genituen gauzak, eta taldearentzat jokalari garrantzitsua izatea nahi genuela. Haren onena ateratzea lortu dugu, ez baloiarekin bakarrik, baizik eta baloirik gabe ere. Izugarrizko abiadura du. Oso zaila da halako jokalari bat zaintzea.
Igandean ligako talderik indartsuenetako baten aurka jokatuko duzue, Atletico Madrilen aurka. Zer traza hartzen diozu?
Entrenatzailea aldatu eta Superkopa irabazi ostean, denboraldiko garairik onenetakoan daude. Erregulartasuna lortu dute. Partida oso ona egin beharko dugu. Haien aurrelarien abiadura gertutik zaindu behar dugu, laguntzetan asmatu, eta baloia berreskuratzean bizkor egin aurrera. Talde moduan jokatu beharko dugu, sufritzen jakin. Baina badakigu hori egiten, eta gure aukerak izango ditugu.
Espainiako Koparako sailkatzea helburu bat izan daiteke?
Atzeratua dugun bi partidetako bat irabaziz gero, hortxe egongo ginateke. Baina argi dago bi norgehiagokak oso zailak izango direla, Bartzelonaren eta Granadillaren kontra. Baina oinak lurrean ditugu, eta helburua mailari eustea da. Egoera onean gaude, baina gure helburua lortzeko beste lauzpabost neurketa irabazi behar ditugu. Guk are gehiago estutzen jarraituko dugu, jokalariak bidetik alden ez daitezen.
Pertsona eta entrenatzaile gisa zer ari zaizu ematen lehen denboraldi hau mailarik gorenean? Zerk harritu zaitu gehien?
Oso esperientzia polita izaten ari da, nahiz eta dedikazioa eta handia den. Arratsaldez entrenatzen dugu, guztiok goizez beste lan bat dugu, eta berandu iristen gara etxera. Asteburu askotan kanpora goaz... Entrenatzaile gisa, berriz, oso aberasgarria izaten ari da, aurkariak asko aztertzen baitira, eta lan horretan asko ikasten da, baita gure partidak berriz ikusten ere. Aurkari guztiak daude oso ondo landuta. Gainera, jokalarien fisikoa eta abiadura nabarmenduko nituzke.
Iker Dorronsoro. Eibarreko entrenatzailea
«Ideiak argi ditugu, eta egiten dugunean sinesten dugu»
Igo berria izanda, Eibar denboraldiko ezusteetako bat izaten ari da Lehen Mailan. Ez bakarrik lortzen ari den emaitzengatik, baita jokatzeko eragatik ere. Iker Dorronsoro «pozik» dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu